Eibarrek Lehen Mailan jarraitzeko aukera du oraindik. Cadena Ser irrati kateko El Larguero eta Cope-ko El partido de las 12 saioen arabera, Futbol Liga Profesionaleko (LFP) epaileak Elx taldearen aurka ebatziko du bihar, eta gorabehera administratiboak direla-eta mailaz jaitsiaraziko dute. Filtrazioa baieztatuko balitz, Lehen Mailan jarraituko luke Eibarrek. Alacant-eko (Herrialde Katalanak) taldeak jakinarazi du oraindik ez duela epailearen ebazpen ofizialik jaso.
Eibarren presidente Alex Aranzabalek lehengo astean aurkeztu zuen LFPn Elxen aurkako txostena. "Jokoan ez dago Eibarren etorkizuna, futbolaren sinesgarritasuna bera baizik. Espero dugu legea betetzea", esan zuen Aranzabalek astelehenean emandako prentsaurrekoan. Elxen gorabehera askoko denboraldia izan dute. Zelaian mailari eutsi diote, baina bulegoetan arazoak besterik ez dituzte izan: Klubeko hainbat langilek —jokalariek barne— ez dute kobratu azken hilabeteetan, Ogasunarekin gorabeherak izan ditu, Konkurtso legean sartu da kluba, presidentez aldatu dute...