Aulkitik ikusi behar izan zuen Markel Bergarak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1986) herenegun Realak Almeriaren aurkako kanporaketa bideratzeko zuen paregabeko aukera nola galtzen zuen. «Apur bat jota geunden bukaeran. Batez ere astero jokatzen ari ez direnentzako aukera zen, eta triste gelditu ziren, baina futbolariok ohituta gaude halako egoerekin, eta itzuliko partidan arantza ateratzeko gogoarekin ikusten dut jendea. Oso zaila dago, baina zailagoak ikusi izan dira futbolean». Mailari eusteko bide egokian ikusten du taldea, baina etxean bildutako emaitza onen menpe egoteak duen arriskuaz ohartarazi du.
Nola laburbilduko zenuke herenegun Almeriaren aurka gertatutakoa?
Bi partida egon ziren. Lehen zatian gu hobeto ibili ginen, eta aurretik jarri ginen (2-0). Haiek, gainera, hilda bezala ikusten nituen. Bigarren zatia, alderantziz, haiena izan zen goitik behera. Lehen unetik hartu zuten baloia, konfiantza hartuz joan ziren pixkanaka, eta hiru gol sartu zizkiguten.
Norgehiagoka asko ireki zen bigarren zatian.
Jokoa erotu zen, baina txarrerako, gure aldetik. Etxean ari ginen, eta 2-0ekoarekin ez ginen partida kontrolatzeko gai izan. Hutsegite handia izan zen. Horrelako emaitzei eusten jakin beharra dago. Autokritikoak izan behar dugu, ezin delako berriro gertatu.
Taldearen inguruan zegoen ilusioa ez al du hondatuko porrotak?
Badakigu zoritxarrez azken urteetan ez dugula maila onik eman Kopan. Baina lehengo urtean ere hala gertatu zen, eta gero urte guztian goian egon eta igotzea lortu genuen. Beste partida bat bezala hartu beharko da. Malagari irabazten badiogu, seguru jendea berriro ere piztu egingo dela.
Nola ikusten duzu lehia hori?
Esaten dute Malaga etxean makal dabilela, baina partida guztiak goiko taldeen aurkakoak izan dira, eta egoera irreala da. Aurrean oso jokalari onak dauzka. Bereziki aurreko laurek sortzen dute arriskua, eta besteak haientzat aritzen dira lanean.
Levante, Mallorca eta Osasunaren aurka huts egin ondoren, garrantzi berezia du partidak?
Malaga aurkari zuzena da. Badakigu sasoi bukaeran partida hauetaz akordatuko garela, eta lehenbailehen halakoei irabazten hastea eta gol aldea bideratzea inportantea dela.
Zergatik ditu Realak bi aurpegi?
Ez du erantzun errazik horrek. Nire lehen bi urteetan kanpoan hobeto ibiltzen ginen etxean baino, eta azken bietan, berriz, alderantziz. Etxean taldea oso ondo sartzen da partidetara, eta jendeak asko babesten gaitu. Kanpoan, aldiz, gehiago kostatzen zaigu, baina uste dut buelta emango diogula. Derrigorrezkoa da, etxean ere noizbait galduko dugulako. Hau ez da Bigarren Mailan bezala izango. Ezin dugu Anoetan egiten dugunaren menpe egon.
Baloirik gabe sufritzen ari zarete.
Bigarren Mailan badaude baloia edukitzeko garaian kalitate handiko taldeak, baina gola sartzeko garaian dago aldea. Hemen edozein huts txikirekin gola sartzen dizute. Guk ez dugu oparirik egiteko tarterik, ez garelako erlaxazio puntu batekin irabaz dezakeen taldea, handiak bezala.
Zer moduz ikusi duzu taldea?
Uste dut badaukagula taldea eta, batez ere, multzoa aurrera ateratzeko. Denok bat eginda jarraituz gero uste dut helburua lortuko dugula, gogoa dagoelako azken urteetan pasatutakoa berriz ez pasatzeko.
Mailari eustea da helburua?
Bai. Aurreko urteetan ikusi da igo berriek dezente sufritu dutela. Azken sasoian hirutik bi jaitsi ziren, eta Zaragoza bigarren itzulian sekulako inbertsioa egin zuelako salbatu zen. Gero gauzak hobeto etortzen badira, primeran.
Bigarren Mailan emandako urteek oinak lurrean mantentzen lagunduko dute?
Lehen normaltzat jotzen zen Lehen Mailan egotea, baina orain bertan irauteak duen zailtasunaren jakitun da jendea. Reala gara, eta sekulako masa soziala eta historia dugu, baina ekonomikoki erdibideko batzuk gara, eta gure helburua lehen urte hauetan finkatzea izan behar du. Uste dut zaleak eta prentsa kontziente direla. Ona da denontzat non gauden baloratzea.
Partida bakarra jokatu duzu hasieratik, Osasunaren aurka. Kolpea izan zen zuretzat porrota?
Ezintasun apur bat eduki nuen. Ilusio handia nuen, baina, tamalez, galdu egin genuen, eta itxura txarra eman. Batez ere horrek eman zidan amorrua.
Arreta Elustondorengan eta zuregan jarri zen orduan. Nola bizi izan zenuen?
Uste dut jendeak badakiela normalean garaipen edo porrot baten arrazoi nagusia ez direla bi aldaketa izaten. Guri tokatu zitzaigun zentzu horretan protagonista izatea Argi dago ez genuela gure onena eman, baina bagenekien ere ez ginela errudunak. Biok ere bagenekien zer gertatuko zen partida galduz gero.
Bigarren zatian taldeari sendotasuna emateko erabili ohi zaitu Lasartek.
Badakit nire rola zein den orain.Ez da nik nahiko nukeena, baina estimatzekoa da halako egoeretan norbera aintzat hartzea.
Beti nahi da gehiago?
24 urterekin, seinale txarra litzateke nire egoerarekin konforme egotea. Neure kontra joango zen. Nik gehiago nahi dut, baina badakit inportanteena zer den, eta ez naizela gehiago jokatu nahi duen bakarra. Hala ere, urtea luzea da, eta badut itxaropena hamaikakoan kokatzeko.
Rivas eta Aranburu ez dira lehiakide makalak.
Pertsona objektiboa naiz, eta badakit ondo ari direla, batez ere Rivas. Iragan sasoian sekulako lana egin zuen. Aranburu, berriz, lagun handia ez ezik, erreferentea da niretzat jokalari gisa eguneroko lanean.
Askotan aipatzen da Realak Xabi Alonsoren tankerako joko banatzailea behar duela. Zer diozu?
Euskal Herrian inork ez du lortu Xabi Alonsok lortu duena. 50 urtean behin ateratzen dira halako jokalariak, ateraz gero. Banatzaileari dagokionez, askotariko iritziak izan daitezke, baina ulertzen dut hori uste dutenen mezua.
«Emaitzei eusten jakin beharra dago. Ezin da berriro gertatu»
Taldeari laguntzeko aukera gehiago edukitzeko borrokan ari da Markel Bergara, eta badu gehiago jokatzeko itxaropena. Amorratuta dago Kopan gertatutakoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu