Txirrindulari handi bat izango du faltan Emakumeen Birak: Lizzie Armitstead munduko txapelduna (Boels Dolmans) gaixorik dago, eta, atzo Durango-Durango klasikoan gertatu bezala, gaur ez da izango Biraren aitzin-etapan, Iurretan. Euskal Herrian da britainiarra, baina sukarrak jota dago eta erabat ahulduta gelditu da. Megan Guarnierrek hartuko du Boels Dolmansen ardura, eta, hain zuzen ere, estatubatuarra izan da garaile, gaur, Durango-Durango klasikoan, Elisa Longo Borghiniri eta Emma Johanssoni (Wiggle) aurrea hartuta.
Iurretan hasi eta amaituko da biharko aitzin-etapa (3,3 km), 17:00etan, eta 19:04an helmugaratuko da azken txirrindularia. Etzi, Eskoriatzan hasi eta amaituko da lehen etapa (76,6 km), eta ostiralean Etxarri Aranatz eta Urkiolako santutegia lotuko ditu 109,5 kilometroko etapak. Larunbatean iritsiko da etaparik gorabeheratsuena, mendate gogorrik ez dagoen arren, azkenerako gogorra izango delako Lekeitio eta Ondarroa arteko errepidea. Berriatuan hasi eta amaituko da etapa hori. Eta Ballontiko merkataritza gunean egongo da igandeko etaparen irteera eta helmuga, Portugaleten (75,8 km).
BERRIAk zuzeneko jarraipena egingo du egunero, Twitter bidez eta webgunean, eta kronikak, infografiak, sailkapenak, erreportajeak, elkarrizketak eta Ane Santestebanen (Ale Cipollini) analisiak irakurri ahal izango dira, egunero, papereko edizioan.