txirrindularitza

Emakumeen Bira gaurtik igandera bitartean

Munduko txirrindulari onenak lehiatuko dira, eta tartean daude Euskal Herriko lau talde. Gaurko etapan Iurretan hasi eta amaituko da, 76 kilometro bete beharko dituzte.

Igor Susaeta.
2009ko ekainaren 11
17:36
Entzun
22. Emakumeen Bira jokatuko dute gaur hasi eta igandea bitartean. Lasterketak lau etapa dauzka, eta hirugarrena bitan banatu dute. Ohi bezala, munduko txirrindulari onenak lehiatuko dira, eta tartean daude iazko Olinpiar Jokoetako errepideko proban podiumera igo ziren hirurak: Nicole Cooke, Emma Johansson eta Tatiana Guderzo -urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak, hurrenez hurren-. Era berean, munduko txapelketak, Tourra edo Giroa irabazi dituzten txirrindulariak daude parte-hartzaileen artean: Mirjam Melchers, Fabiana Luperini, Nicle Bradli, Judith Arndt eta Claudia Haussler, besteak beste. Hogei taldek parte hartuko dute orotara, eta Euskal Herrikoak dira horietako lau: Bizkaia-Durango, Debabarrena eta Lointek UCIkoak eta Tolosa.

Iurreta Emakumeen Bira Ziklista Kirol Elkarteak antolatuko du lasterketa aurreneko aldiz, eta Iurreta Txirrindulari Elkarteak utzitako lekukoa hartu du. Halere, hori ez da berritasun bakarra. Izan ere, Biran aurreneko aldiz Araban hasi eta bukatuko da etapa bat. Hirugarren saioan izango da hori.

Dena den, lasterketa hasi, Iurretan hasiko da, ohi bezala. Txirrindulariak 16:45ean abiatuko dira gaur, eta 76 kilometro bete beharko dituzte, Bizkaiko lurretan, Durangaldean batik bat. Aretxabalgane eta Autzagane mendateak gaindituko dituzte, eta azken hori, hain zuzen ere, helmugatik gertu dago. Bigarren etapa luzexeagoa da, 84 kilometrokoa, eta Amurrion hasi eta bukatuko da. Hirugarrena, berriz, bitan banatu dute. Goizean Iurreta eta Goiuria arteko kronoigoera klasikoa jokatuko da, eta arratsaldean Elgoibar-Elgoibar saioa, 79 kilometrokoa. Urkaregiz gain, Kalbario pikoa igo beharko dute Mutrikutik, eta helmuga Mintxetara bidean kokatu dute, aldapa gogor batean.

Lasterketa, ordea, azken egunean erabakiko da, etapa luzeenean. Barrerilla igoko dute aurrena, eta gero Urduña, baina haren alderdi samurrenetik. Hori gaindituta, Urduña herrira jaitsiera azkarra egitea besterik ez zaie geratuko txirrindulariei. Iazko aldia Eibarren bukatu zen eta Marianne Vos herbeheretarra nagusitu zen. Euskal Herriko txirrindulariei dagokienez, Joane Somarriba hirutan gailendu da (1991, 2000 eta 2004an), eta Josune Gorostidik lasterketaren hirugarren aldia irabazi zuen, 1990ean.

Emakumezkoen Tourra, Irunen

Irunen hasiko da Emakumezkoen Tourreko azken etapa, hilaren 21ean. Zabaltza plazatik abiatu eta 128 kilometro bete beharko dituzte txirrindulariek, Angelura heldu arte. Tartean Jaizkibel eta Erlaitz gainak gaindituko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.