Olaizola II.a-Apraiz 22. Berasaluze VIII-Albisu 18

Enbidorik ez, beti hordago

Olaizola II.ak eta Apraizek aurkarien hutsak baliatu dituzte bigarren urtez jarraian Lekeition irabazteko

Olaizola II.a eta Apraiz atzo irabazitako Lekeitioko torneoko trofeokin; alboan, txaloka, Albisu eta Berasaluze VIII.a. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Iraupena. Partidarena 66 minutu; jokoarena 22.43.

Pilotakadak. 444.

Saketik. Olaizolak bi eta falta bat. Berasaluzek bi.

Markagailua. 0-4, 4-4, 6-4, 6-6, 7-6, 7-7, 7-8, 8-8, 9-8, 9-9, 9-11, 10-11, 10-16, 16-16, 17-16, 17-17, 19-17, 19-18 eta 22-18.

Bestelakoak. 650 ikusle Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan. Apustuak gorrien alde irten ziren nabarmen. Olaizola II.ak jaso zuen torneoko pilotari onenaren saria.

Aimar Olaizola izaten ari da udako pilotaria, eta azken urteetako erregulartasuna modu harrigarrian luzatzen ari da hilabete beroenetan. Makina bat da, ez du kale egiten, eta atzo, Lekeition, hirugarren torneoa irabazi zuen jarraian. Zarautzen Albisu izan zuen lagun, Bilbon Begino eta sanantolinetan Apraiz. Iaz ere txapeldun izan ziren elkarrekin eta bigarren urtez jarraian altxa zituzten trofeoak marinelez jantzitako pilotazaleen aurrean.

Olaizola II.a izan zen onena, baina aurkariak izan ziren partidako protagonistak. Berasaluze eta Albisu erdibiderik gabeko bikotea da, erasokorra beti, eta defentsan sufritzen du. Arriskatzen irabazi eta galtzen du. Beti mugara. Enbidorik ez, beti hordago. Lekeition gertu izan zuten garaipena, 10-16 izan ziren aurretik, baina huts gehiegi egin zituzten gauza onerako. Albisuk, Olaizola saihestu eta Apraiz menderatu nahian, zortzi huts egin zituen, ia denak erasoan. Berasaluzek bi, errematek txapa jo zutenean, baina beste bi pilotakadatan ez zen Albisurekin ondo konpondu eta eraman beharreko sake batean kale egin zuen. Bien artean guztira hamahiru huts, zama handiegia.

Huts asko egon arren, partida entretenigarria izan zen. Lehen txanpa distira gutxikoa izan zen, baina orekak beti mantentzen du bizi norgehiagoken interesa (9-9). Berasaluzek tanto oso politak lortu zituen, erremate zehatzekin. Albisu zen nagusi atzean, nabarmen eta ikusgarri, baina garesti ordaindu zuen, ordurako bost hutsak eginak baitzituen.

Atzelaria garaiz ohartu zen, eta pilotakadak frontiseko goiko txapatik pixka bat urrundu zituen. Ez zuen behar hainbeste arriskatzerik eta Berasaluzek ordura arteko boladan jarraitu zuen. Zazpi tanto egin zituen jokoan, zazpiak airez, eta bere abileziari esker tartea irekitzea lortu zuen (10-16). Aurretik jokaturiko Lekeitioko torneoko lau finalak galdu egin zituen eta azkenik madarikazioa hautsiko zuela zirudien.

Olaizolak, baina, ez zuen halakorik nahi. Berasaluzek txapara bidalitako pilotakada batekin sakea berreskuratu eta jokoan sartu zen. Buruz buruko txapelduna piloteoan agintzen hasi zen, eta bere eskutik Apraiz ere seguruago aritu zen. Irabazleek oso minutu gutxi behar izan zituzten aurkarien tartea jan eta oreka ezartzeko (16-16).

Partida luzatu ahala Apraizen jarduna hobetuz joan zen, eta Albisuren kolpea jaisten. Olaizola saihestea gero eta gehiago kostatzen zitzaion eta Berasaluze ere ezinean zebilen defentsan. Dena den, aurrelari beteranoaren erremate bati eta Apraizen huts bati esker azken tantoei emozioa gehitu zioten (19-18).

Hor bukatu zen urdinen bidea. Olaizolak fresko bukatu zuen partida, eta handi egin zen azken hiru tantoetan. Hiruretan berak agindu zuen, eta jarraian lortu zituen. Azken txanpan argi ikusten zen zeinek irabaziko zuen partida. Aurrelariak ondo merezita jaso zuen torneoko pilotari onenaren saria. Gaur Ordizian ariko da. Esandakoa, makina bat.

Irujo, apendizitisak jota

Juan Martinez de Irujok ezingo du sanmateoetako ferian jokatu. Apendizitis ebakuntza egin zioten atzo Iruñeko San Miguel ospitalean, eta hiru aste egin beharko ditu gutxienez jokatu gabe. Indarberritze epea erlatiboa da halako kasuetan, eta gaixoa nola sentitzen den garrantzitsua den arren, inondik ere ez litzateke garaiz osatuko hilaren 15erako, Logroñoko feria hasiko den egunerako. Litekeena da, halaber, lau t'erdiko txapelketarako bere prestaketan eragitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.