Asier Olaizola. Asegarceko pilotaria

«Enpresako gazteak dira ni hortik kendu behar nautenak»

Iaz finalerdietara iritsi ondoren, buruz buruko txapelketan parte hartu nahi du, beti ere belaunak uzten badio eta sasoia hartzen badu.

Imanol Magro Eizmendi.
Tolosa
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Goiz zalapartatsua da Tolosako Beotibarren. Asegarcek buruz buruko entrenamendu asko antolatu ditu: Rico IV.a eta Eskudero, Bengoetxea VI.a eta Ruiz, Iza eta Lemuno, Urrutikoetxea eta Beloki… Azken horiek lanean inbidiaz ikusten mintzo da Asier Olaizola (Goizueta, Nafarroa, 1975), bakarka saio txiki bat egin aurretik. Hamabost urte daramatza profesionaletan, pilota ondo ezagutzen du, eta aho bizarrik gabe hitz egiten du ofizioaz, enpresaz, bere egoeraz...

Zer moduz duzu belauna?

Momentuz ondo doaz gauzak, epeen barruan. Etzirako entrenamendu gogor bat antolatu dugu. Orain arte egin ditudan ariketekin gustura nago; beldur pixka batekin, baina gustura.

Zuriz, noizko?

Ez dakit, baina gauzak dauden moduan, hurrengo astean jaso beharko nuke senda-agiria.

Azken aldian lotailuetako lesio asko izaten ari dira. Zein da zure teoria?

Hala tokatu dela. Lehen ere bazeuden, eta orain, hiru urtetan belauneko hiru lesio larri egon dira… Kasualitatea da. Batzuek zapatilak direla diote, besteek prestakuntza… niretzat hala tokatu delako da, besterik gabe.

Buruz burukorako, zer moduz?

Ez dakit, medikuek garaiz osatuko nintzela esan zidaten. Gero, ikusi egin beharko da entrenatzen nola nagoen.

Badakizu nolakoa izango den? Atarikorik egongo al den?

Ez dakit ezer, baina jokatzekotan, ez dut atarikorik espero, iaz finalerdietara iritsi bainintzen. Ez dakit egitura zein izango den, zortzi pilotari egongo diren...

Urduri al zaude manomanistara sasoiko iristeagatik?

Ez, nire helburua ondo berrindartzea eta jokatzen hastea da. Ez banaiz manomanistarako berrindartzen, ez da ezer pasatzen.

Azken urteetan poz handienak buruz burukoak eman dizkizu.

Egia da, azken hiru urteetan bi aldiz iritsi naiz finalerdietara, eta aurten, aukera izanez gero, gustatuko litzaidake jokatzea, nahiz eta ez dakidan data kontuak nola ibiliko diren.

Pentsatu al duzu zergatik hobetu duzun buruz buru azken urteetan?

Urteak ez dira alferrik pasatzen, ikasi ere egiten da. Orain ez dut lehengo kolpea, baina gauza gehiago ikasi ditut. Lehen, kontrarioak sakatzen zuenean, non nengoen ere ez nekien; orain, aldiz, tantoa saketik jasotzen badut, ez diot hainbeste garrantzia ematen. Badakit nola erantzun, eta ez dauzkat garai bateko nerbio haiek.

Buruz buruko elitistaren urtean izan zinen hirugarren. Horrek ilusioa emango dizu prestatzeko, ezta?

Teorian zortzi onenak sartu zituzten urtean izan nintzen hirugarren, eta penaz bukatu nuen finaletik pauso batera gelditzeagatik. Horrek gogo handia ematen dizu entrenatzen jarraitzeko.

Zer gorputzaldirekin bukatu duzu binakakoa? Azken hiru urteetakoak ez dira onak izan.

Txarra. Ilusioarekin ari nintzen, baina, gaizki hasi ondoren, ez genuen aukerarik deus ere egiteko.

Udan torneoetatik kanpo gelditu zinen, eta binakakoan azken unean sartu zinen. Alde horretatik, zure egoera aldatu egin dela uste duzu?

Ez. Enpresak udan Saralegiren alde egin zuen apustu; baina hau lantoki bat da, eta enpresak zer komeni zaion ikusi behar du, eta guk gure lana egin partida eta entrenamenduetan. Nik ez nuen torneorik jokatu, baina uda ona egin nuen, negura jokoarekin iritsi nintzen, eta horregatik sartu ninduten binakakoan.

Estelarretan parte hartzea arriskuan ikusi al duzu?

Hori denei iristen zaie; 35 urte ditut, eta, normala denez, enpresak gazteei aukerak eman behar dizkie, etorkizunean ere pilotariak izateko. Baina nire lana pilotari gazteei gauzak zail jartzea da.

Hamar egun barru, apirilaren 13an, hamabost urte izango dira debutatu zenuela. Etorri al zaizu burura?

Etortzen zait, bai, hamabost urte dagoeneko! Baina nik ilusioarekin jarraitzen dut. Kirolean, ilusioa galduz gero, hobe da uztea.

Irujok, Agirrek… adin batekin belarritakoak kendu zituzten. Eta zuk, ba al duzu asmorik?

Kar-kar. Ez zait burutik pasatu! Aspaldi jarri nituen, gorputzeko beste atal bat dira niretzat, eta ez banitu bezala ibiltzen naiz.

Beteranoetakoa zara enpresan, eta Asegarcen aldaketa garaiak omen datoz. Hala adierazi dute publikoki Salva Bergarak eta Iñigo Salbideak. Nola bizi duzu egoera?

Ez ditut elkarrizketak irakurri, baina komentatu zizkidaten, eta ez dakit zer esan… Ez zitzaidan asko gustatu. Toki guztietan egoten dira arazoak, eta azken binakakoak ez dira onak izan Asegarcen. Baina nik uste egokiagoa litzakeela bilera batera deitu eta gurekin hitz egin izan balute.

Urduritasunik sumatu al duzu?

Gazteen artean bai… Krisi kontuekin jokalari kopurua murrizten ari dira eta normala da. Nik, behintzat, 2012ko bukaerara arteko kontratua dut.

Asegarcen gazteei Lehen Mailara iristea kostatzen ari zaie.

Pilotari gazteak ateratzeko ondo fitxatu behar da, eta, gero, euren bidea egin dezatela.

Beteranoak hor zaudete oraindik.

Hala da. Gazteek kendu behar gaituzte hortik, eta normala da enpresak gazteei aukera ematea; baina beraiek kendu behar gaituzte, guk gure garaian zaharragoak kendu genituen bezala.

Maiatzaren 5ean 36 urte egingo dituzu. Noiz arte pilotan?

Kontratua bukatu arte printzipioz, eta orduan ikusiko dugu. Ondo banago eta enpresak nahi badu, gustura jarraituko nuke. Pilota nire bizitza izan da, eta ez badut ilusiorik galtzen…

Hamasei urteko ibilbideak gero eta ezohikoagoak izango dira.

Bai, hala dirudi, hori da enpresen politika: pilotari gazteak hartu, ateratzen badira ondo, eta bestela, hiru edo lau urtera, etxera. Guk debutatu genuenetik asko aldatu dira gauzak. Orduan debutatzea zaila zen, baina, nahiz eta Bigarren Mailan egon, ibilbide luzeak ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.