Ez du minuturik jokatu ligan Jon Ansotegik (Berriatua, Bizkaia, 1982), eta txapelketa gosez hartuko du gaurko partida Tolosan [Realak lagunartekoa jokatuko du Racingen kontra, 18:00etan]. Solaskide lasai eta zentzuduna da: norberak bere buruari estualdia ematearen garrantzia aitortu du egoera zail hau gainditzeko.
Haizearen norabidea aldatu egin da, eta nola, gainera.
Bai. Azkenaldian ez gara asmatzen ari, eta taldearen egoera ez da samurra. Zerbaitegatik gara azkenak sailkapenean; ezin daiteke ezkutatu, eta, normala denez, ingurua kezkatuta dago.
Behin eta berriz galdetzen al diezue zeuen buruei zer dela-eta sartu zareten ur handitan?
Bai, bai. Egunero-egunero egiten dugun galdera da, ea zertan hobe genezakeen lehenbailehen egoera aldrebes hau irauli ahal izateko. Erantzuna jakinez gero, ez ginateke horretaz jardungo. Lehenago ere egoera latzak bizi izan ditugu, eta horiek gainditzeko ez dago lana gogor egitea modukorik.
Jokin Aperribaik mahai gainean jarri zituen datuek agerian uzten dute Realaren errealitatea zein den. 1991ko denboralditik gaurdaino bost aldiz baino ez da sailkatu lehen hamarretan. Gordintasun hori onartzea kostatzen ari al da?
Zortzikote bat izango da uneotan besteen gaindi dagoena. Hortik aurrera, ezin dugu gainontzekoekiko inolako inbidiarik izan. Are gehiago, horien aurretik kokatzeko ahalmena izan badugu, eta legezkoa deritzot zaleek hori eskatzea. Era berean, garbi dagoena da ez daukagula punta-puntan egoteko gaitasunik.
Giroa aztoratuegi al dago?
Egia da ingurua kezkati dagoela. Bolada ezkorrean zaudenean zalantzaz beteta zaude, eta guztia jartzen da ezbaian: taldeak mailari eusteko gaitasunik izango ote duen, entrenatzaile, presidente eta kirol zuzendariaren lana egokia ote den… puntuekin uxatzen dira zalantza guztiak.
Seinalatuena Philippe Montanier ari da izaten.
Betikoa. Bolada txar batean harrapatuta zaudenean entrenatzailea kentzea izan ohi da lehen erabakia. Guk argi baino argiago daukagu denoi dagokigula gehiago ematea behetik ateratzeko eta entrenatzailea kentzeak ez duela ezer konponduko. Norberak barruan duena atera behar du, ahalik eta sasoikoen egon eta taldeari laguntzeko. Hala bada, ziur hasiko garela emaitza hobeak lortzen.
Ezkortasunerako joera handiegia antzematen al duzu inguruan?
Denetarik dagoela uste dut. Hiru partida segidan galtzen direnean batzuek Bigarren Mailan ikusten dute Reala, eta beste batzuk, aldiz, ez dira hainbeste arduratzen. Egungo egoera ez da inorentzat gozoa, baina ez da erabakigarria. Ezin dut ulertu nola esan ote dezaketen jaitsiko garela 11 partida soilik jokatu badira. Denbora izan badugu buelta eman ahal izateko, eta astirik galdu gabe horretan ahalegindu behar dugu.
Aurreko sasoian ere egon zineten bolada luzez irabazi ezinda, eta mailari eusteko zailtasunak izan zenituzten. Antzekotasunik ba al dago?
Orduan puntuen zakua gizenduta geneukan, eta aste asko irabazi gabe egon arren hamalaugarrenak ginen. Ez du zerikusi handirik.
Taldea fisikoki ez omen dago ongi.
Eta hori dioenak zer datu dauka? Zertan oinarritzen da halakorik esateko? Barruan daudenek egindako neurketen arabera, sasoiko gaude, eta horretan ez luke zalantzarik egon behar.
Entrenatzaileak ez zaitu aintzat hartzen. Zer ari zaizu egiten gogorrena?
Neurketak telebista bidez ikusi, eta taldeak galtzea. Ondoren bati edo besteari deitu eta burumakur daudela ikustea ez da gozoa. Astero-astero zeure burua zerrendetatik at ikustea ez da samurra izaten, baina horrek datorren astean konponbidea izan dezake. Bolada apurtzeko, aldiz, denbora behar izaten da. Lana beltz egin. Jakina, beharrerako giroa oso bestelakoa da, eta hori ezin aldatzea da gogorrena.
Aukerarik izango ez duzula badakizunean asko eragin behar izaten al zaio buruari?
Nik ez diot bereziki eskatzen. Ez zait kostatzen ahalik eta ongien entrenatzea.
Urruti ikusten al duzu zure lehen aukera?
Astebetean alda daiteke. Lau erdiko atzelari gaude taldean, eta hurrengo astean gutako batek ezingo du jokatu txartelengatik. Auskalo. Gerta liteke baietz erantzutea eta handik gutxira nire hitzak jan beharra. Bien bitartean, prest egon behar duzu, gogor entrenatu eta zeure burua zaindu. Aukera iristen denean neurria emateko.
Jokoari dagokionez, Montanier ideia garbi batekin etorri zela nabarmendu zen. Azkenaldian, ordea, ez al da aldaketa gehiegi egiten ari?
Emaitza txarren ondorioa da. Gauzak ongi ateratzen direnean funtzionatzen duena ez ukitzeaz hitz egiten da. Kontrakoa gertatzean, berriz, ez al da beste zerbait probatu behar gauzak aldatzeko? Normala iruditzen zait zerbait aldatu nahi izatea.
Hasierako emaitzen ondorioz gehiegi puztu al zen Montanierren lana?
Baietz uste dut, nahiz eta barruan inork ez zuen pentsatu goiko postuen borrokan egongo ginenik. Ez zait iruditzen horregatik hemen inor lasaituko denik.
Zer osagai behar du taldeak bat-batean hobetzeko?
Oraintxe bertan buruko kontuak landuko nituzke. Egoera eroso batean zaudenean gauza gehiago egiteko konfiantza duzu, eta, gainera, ongi ateratzen zaizkizu. Zazpi jardunalditan ez bazara irabazteko gai izan, zalantzak sortzen dira, bai kanpoan, baita barruan ere, eta orduan ez zara ausartzen lehenago egingo zenituen gauzekin. Hobetzeko tartea egon badago, eta emaitza on batek bultzada handia emango liguke. Badakigu Realak zer duen atzean, eta erantzukizuna sentitzen dugu. Ahalegindu behar dugu jokorik onena egiten, konfiantza berreskuratzen entrenamenduetan, eta ondoren partidetan hori erakusten.
Presionatuegi al zaudete?
Duela bi hilabete bestelako aldartean etortzen ginen entrenatzera. Normala da orain txantxa gutxiago izatea eta arduratuta egotea.
Garaipen batek leunduko luke dena.
Espanyolen kontra denok sinatuko genuke azken minutuan irabaztea izan ez den penalti bati esker, nahiz eta partida negargarria jokatu. Puntuak ateratzea da garrantzitsuena. Beste poztasun batez etorriko ginateke Zubietara.
Jon Ansotegi. Realeko jokalaria
«Entrenatzailea aldatzeak ez luke ezer konponduko»
Goitik behera aldatu da Ion Ansotegiren egoera aurreko denboralditik honetara. Martin Lasarterentzat oinarrizko jokalaria zen Realaren atzealdean, baina Philippe Montanierrekin oraindik ez du jokatu. Lehen aukera iristeko irrikan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu