Eoloren tenplua

Epsilon Euskadik 1.000 zaldiko indarra duen haize tunel bat eraiki du Miñaon, edozein objekturen errendimendu aerodinamikoa aztertzeko erreminta zehatza.

Imanol Magro Eizmendi.
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Mitologia greziarraren arabera, Eolo jainkoak kontrolatzen zituen haizeak. Onak eta txarrak, marinelen aldekoak zein enbatak. Tenplu asko eraiki zituzten bera goratzeko Grezia klasikoan, eta ohiturari jarraiki, 2009an beste bat ireki zuten Gasteizko kanpoaldean, Miñaon. Espsilon Euskadi automobilismo taldeak hezurmamitu zuen: 30 milioi euroko haize tunel komertzial eta moderno bat, objektuen eta ibilgailuen ezaugarri aerodinamikoak aztertzeko lanabes baliotsu bat.

Epsilonen haize tunela 160 metro luzeko hodi bat da. Turbinak 4,25 metroko palak ditu eta 1.000 zaldiko indarra. Orduko 260 kilometrorainoko haize ufadak sor ditzake. «Kirolerako ez ezik, haizearekin zerikusia duen edozein industriarentzat ere baliagarria da, trenentzat edo beste edozein diseinurentzat, eta obra zibil jakin batek haizearen aurrean nola erantzungo duen azter daiteke. Kasu horietarako oso baliagarria da lehiaketarekin lorturiko ezagutza», azaldu du Jordi Catonek, Epsilongo zuzendari komertzialak. Miñaoko tunelak, gainera, berezitasun bat du: zorua ere mugi daiteke, eta datuak fidagarriagoak dira. «Lasterketa batean parte hartzen ari den autoa mugitzen ari da, eta mugi-mendu horrek turbulentzia jakin batzuk sortzen ditu, eta horiek ere kontuan har ditzakegu. Bestela, geldirik dagoen auto baten portarea aztertzen ariko ginateke, eta hori ez da erreala».

Aerodinamika aztertzea funtsezkoa da automobilismoan. «Errendimenduaren %80 da, eta portaera hori aztertzeko erreminta fidagarriena haizearen tunela da», nabarmendu du Catonek. Tunelaren erabilera modu zabalean azaltzea ez da zaila. Auto bat diseinatzean, lehenbizi, simulazio informatikoen bidez kalkulatzen dira ezaugarri aerodinamikoak, eta errendimendu egokia ez duten zatiak baztertzean, haizearen tunelera jotzen dute. Automobilismoaren kasuan, bi dira aerodinamikaren helburuak: batetik, haizearen marruskadura murriztea eta, bestetik, autoa lurrera itsasten duen presioa edo downforce-a handitzea. Aldagai horrek azkarrago joateko aukera ematen du, bihurguneetan bereziki. Autoa probatu beharrean, maketa bat sartzen dute —jatorrizko diseinukoaren %60ko tamainakoa— tunelak mutur batean duen lau metroko zabalerako eta hiru metroko altuerako proba eremuan. Gero sentsore bidez aztertzen dute informazioa.

Tunelaren erabilerak askotarikoak dira, baita kirol eremuan ere. Sorreran eliteko motor munduko txapelketetako diseinuetara lotuta zegoen, baina asko zabaldu da. «Haizearen eraginarekin zerikusia duen edozein kiroletan aplika daiteke». Txirrindularitza izan da tuneletara jo duen beste kirol bat; azken Tourraren aurretik Alberto Contador Miñaon egon zen kaskoen aerodinamika eta erlojupekoetako jarrerak aztertzen. «Zoru mugikorrari esker, gainera, txirrindularia hainbat angelutan jar daiteke haizearen aurrean, eta pantaila batean ikus dezake jarrera bakoitzean une oro duen hobekuntza. Gero, haren esku dago informazio hori entrenamenduetan txertatzea». Euskalteleko txirrindulariek bisitatu dute tunela dagoeneko, eta Joaquim Rodriguezek probatzeko asmoa plazaratu du.

Futbolera ere iritsi da haizearen tunelaren eragina; aurreko sasoiko Espainiako, Italiako eta Inagalaterrako ligetan erabilitako baloiaren diseinuan lagundu zuten. «Baina ez Munduko Txapelketakoa, horrek buruhauste asko eman zituen», zehaztu du, umoreko, Catonek. Ikerketari esker %8 aerodinamikoago egin zuten baloia, eta haizearen aurreko erresistentzia murriztu zuten. Era berean, ikerketari esker baloiak norabide zuzenagoa zuen, diseinua aldatu eta turbulentzia gutxiagoko bat deiseinatu baitzuten. «Kirol aplikazioak ugariak dira: motorrak, belaontziak, hegazkin txikia, eskiatzaileak… Igerilari batek ere mugimenduak findu ahal izango lituzke, edozein jariakinek nola erantzuten duen simula daitekeelako», laburbildu Catonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.