Epaile edo gonbidatu

Osasunak ezustekoa eman nahi du Bernabeun, buruan Deportivoren aurkako norgehiagoka garrantzitsuan duela. Liga irabazteko lehian garaipena ezinbestekoa du Real Madrilek

Iruñea
2010eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Inork ez du sosik jokatu nahi Osasunaren alde gaur arratsaldean gorritxoek Santiago Bernabeun jokatu beharreko partidan. Eta ez da harritzekoa, Jose Antonio Camachok zuzendutako taldeak Nafarroako Erresumatik at jokatutako azken sei partidak galdu baititu, eta sasoi honetan bere zelaian Bartzelonaren aurka soilik galdu duen Real Madrili egingo baitio bisita gaur. Apustuak nabarmen espainiarren alde izatea logikoa da. Hargatik, Cristiano Ronaldo, Higuain, Kaka eta enparauaren luzimendurako gonbidatuak izatea baino nahiago dute gorritxoek Ligako txapelduna erabakitzeko Real Madrilek eta Bartzelonak duten lehiako epaile bilakatzea.

«Salbazioa Bernabeun ospatu ahal izatea gauza dotorea izango litzateke», adierazi zuen asteartean Walter Pandianik. «Min egiten dit mundu guztiak partida jokatu aurretik galtzailetzat jotzen gaituela ikusteak. Ez zait batere gustatzen, eta ezustekoa ematen ahaleginduko gara», esan zuen herenegun Juanfranek. Gorritxoen hitzak aztertuz gero, argi dago ez dutela baztertzen jardunaldiko ezustekoa ematea. Eta Bartzelonak mundu zabalean dituen milioika zaleak Osasunako zale bilakatuko dira gaur, zalantzarik gabe. Aldarrikatzeko aukera ederra dute gorritxoek.

Hargatik, ilusioak, ametsak eta helburuak errealitatearekin aurrez aurre jartzea ere komenigarria izaten da, eta kasu honetan errealitateak ez du ametsetan gehiegi sinesten uzten. Errealitateak gonbidatu apalenaren mailara ekar dezake gaur Osasuna Real Madrilen izarren distirapean. «Irabazten saiatuko gara, baina esku hutsik itzuliz gero, badakigu asteazkenean beste aukera bat dugula», esan dute Monrealek eta Roversiok aste honetan, Bernabeun galtzea normala dela aditzera emanez.

Pandiani, deialditik at

Eta adierazpenetan irabazteko grina helarazi nahi izan badu ere, Camachoren erabakiek argi utzi dute gorritxoentzat partidarik garrantzitsuena datorren asteazkenean Nafarroako Erresuman Deportivoren aurka jokatu beharrekoa dela. Gaur Camachok taldeko golegilerik onenari atseden ematea ez da ulerterraza bestela. Eta ezin da pentsatu Camachok bere bihotzeko Real Madrili mesede egitearren utziko duenik Pandiani hamaikakotik kanpo. Amets egitea ondo dago, baina errealista izatea ere komenigarria da futbolean, eta Camachok badaki Bernabeun irabaztea oso zaila dela. Gaur ezustekoa emanez gero, askoz hobeto, baina derrigorrez irabazi beharreko lehia datorren asteazkenekoa da.

Bere erabakia arrazoitzeko, aurrelari uruguaitarra sasoi betean ez dagoela eta gaur Madrilen jokatuz gero Pandianik asteazkenean ezingo lukeela jokatu eman zuen aditzera Camachok, nahiz eta Osasunarentzat asteazkenekoa partida garrantzitsuagoa dela onartzen ausartu ez: «Partidarik garrantzitsuena hurrengoa izan ohi da beti futbolean, eta hurrengoa Bernabeukoa da. Irabaziz gero, arrisku guztiak uxatuko genituzke. Partida erabakigarria izan daiteke, eta, beraz, partidarik garrantzitsuena da», esan zuen atzo gorritxoen entrenatzaileak.

Partida bateko zigorra bete ostean, Monreal hasieratik ariko da berriz, Etxaideren kaltean -atzo min hartu zuen-. Pandianiren tokia Vadoczek hartuko du, eta Camp Noun bezala, erdilari aurreratuenaren lana egingo du. Beste pare bat aldaketa ere izan daitezke, dena dela: euskarri bikoitzean Nekunamek Puñalen tokia har dezake, eta jokalaririk aurreratuena Masud edo Aranda izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.