Gaua espetxean egin dute Miguel Artxanko eta Txuma Peraltak. Fubol Liga Profesionaleko arduradunek iragarria zuten bientzat behin-behineko kartzela zigorrak eskatzeko asmoa. Aldiz, Osasunako abokatuak 200.000 euroko fidantza eskatua zuen bakoitzarentzako.
Azkenean, Fermin Otamendi epaileak bat egin du LFPren irizpideekin. Peraltari baldintzarik gabeko espetxealdia ezarri dio, eta Artxankori berriz, milioi erdi euroko bermea ordainduta, aske geratzeko aukera eman dio. Epaileak bidegabeko jabetzea, dokumentuak faltsutzea eta ustelkeria egozten die Peralta eta Artxankori.
Aldiz, etxean igaro dute gaua beste auzipetuek, Patxi Izkok, Angel Bizkaik, Juan Pascualek eta Diego Makirriainek. Dena den, Pascualen abokatu Eduardo Ruiz de Erentxunen ohartarazi du sare sozialetan Bizkai espetxeratzea erabaki lezakeela epaileak datozen egunetan.
Vizcay tiene un altísimo riesgo de ingreso en prision en los próximos días. #Osasuna
— Eduardo Ruiz de Eren (@EduardoRuizdeEr) March 7, 2015
Espainiako Poliziak herenegun Artxanko, Bizkai eta Txuma Peralta atxilotu zituen. Atzo goizean, berriz, Patxi Izko presidente ohia, Juan Pascual zuzendaritzako kidea eta David Makirriain egungo Osasuna fundazioko zuzendariak atxilotu zituen. Banaka pasatu ziren epailearen aurretik. Lehena, Peralta, 13:45ean. Bazkalostean, 16:45ean, Makirriainek ekin zion bere txandari, eta hirugarrena Pascual izan zen. 18:15ean Bizkairen txanda ailegatu zen, eta 20:30 arte iraun zuen, LFPri aitortutako irregulartasunak berretsi behar zituelako. Azkenak Izko eta Artxanko izan ziren, hurrenez hurren.