Baiona. Iginiz (Lafond, 58. min.), Roumieu (Da Ros, 62. min.), Boyoud (Baiocco, 52. min.) ; Flavell (Linde, 62. min.), Boutaty ; Bernad, Baget (kapitaina) (Puricelli, 61. min.), Marmouyet ; Gartzia (Audy, 79. min.), Boyet (Otazo, 52. min.) ; Gerber, Lacroix, Mazars, Pietersen ; Elhorga (Lagain, 40. min.).
Tolosa. Hoeft, Basualdo, Montes ; Boukerou (Lamboley, 56. min.), Maestri ; Nyanga (kap.), Galan (Sowerby, 70. min.), Nicolas; Doussain, Bezy (Mc Alister, 49. min.) ; Matanavou, Fritz, David, Donguy (Caucaunibuca, 49. min. eta Jauzion, 62. min.) ; Poitrenaud.
Epailea. Christophe Berdos.
Markagailua. 3-0 ; 6-0 ; 9-0 (atsedenaldia) 9-3 ; 12-3 ; 12-6 ; 15-6 ; 18-6 ; 18-13.
Ahulduta iragartzen zen Tolosa. Munduko Kopako hutsuneen ondorioz, erabat tokia galduta. Baiona zen partida hau irabazteko hautagai nagusia, eta Baionak bere lana bete zuen. Garaipena etxean gelditu bazen ere, atzokoa ez zen batzuek espero zuten osasun ibilbidea izan.
Partidako azken jokaldia lekuko, non Tolosak hainbat joaldiren ondotik defentsako puntua emanen zion entsegua sartu zuen. Baina hori, azkenean, gutxienekoa da, Baionak kontrolpean izan zuelako partida. Horretarako, iragan sasoiko indarrak erabili zituen. Defentsa izugarri sendoa egin zuen, gora eta gora zihoana, Tolosako erasoak ezerezean utziz. Boyet eta Gartziaren eskutik, gero, biziki errealista izan zen edozein aukera puntu bilakatzeko.
Egiari zor, Tolosak izan zuen baloia partidaren zatirik handienean. Lehen ala bigarren zatian, aitzinean grina eta adorea eman zuen, eta gero zalu-zalu gibelean jokatzen entseatu zen. Baina, Baiona ez da baloia eskuetan izatea gustuko duen horietakoa. Beldurtu gabe, partida hasierako ekaitza pasatzen utzi zuen, eta pixkanaka Tolosaren faltak erabili zituen, zangoz puntuak pilatzeko.
Hiru zirrikitutatik Benjamin Boyetek 9 puntu sartu zituen, eta lehen zatia sentsazio bitxi batekin bukatu zen. Baloia eta agintea Tolosarena izan ziren, baina Baionak sartu zituen lehen 40 minutuetako puntu bakarrak.
Bigarren zatian, Tolosak azeleratzea erabaki zuen. Lehen jokaldia berea izan zen, baina, lehen zatiaren irudiko, puntuak Boyetenak izan ziren, zigor kolpe bati esker (12-3). Okzitaniakoek aulkia mugitu zuten, zelaira eskarmentua ekarriz : Jauzion, Caucaunibuca eta bere kalitate izugarriaren zantzuak utzi zituen Luke Mc Alister. Baionak sufritu zuen orduan, eta bizkarra plegatuagatik, ez zen erabat kiribildu.
Beharrezkoa zen etxekoen erreakzioa, eta etorri egin zen, harrobiko gazteei esker. Lagainek indarra eman zion Baionako hegalari, eta Otazo ziburutarrak mesede handia egin zion. 19 urte bakarrik ditu, baina kalitatea izugarria du irekitzaile gazteak. Jokoa ederki zuzendu zuen, eta hiru entsegu aukeren oinarrian egon zen.
Baiona Tolosako zelaian sartu zen, eta Gartziaren zangoari esker zulo definitiboa egin zuen markagailuan (18-6). Partida erabakita zegoelarik, Tolosak defentsako puntua lortu zuen, merezita, Jauzionen entsegu bati esker. Azkenean, denak gustura etxea : Baiona garaipenarekin, eta Tolosa defentsako puntuarekin.
Miarritzek partida gogorra
Bestalde, Miarritzek arratsalde honetan hasiko du Top 14a, Toulonen zelaian (17:00, Canal +Frantzia). Partida zaila izanen dute lapurtarrek. Toulonek anbizio anitz izanen du sasoi honetarako, iragan sasoian finalerdietatik kanpo gelditu ondotik.
Aitzinean jokatuko da gaurko norgehiagoka. Miarritzek munduko kopako hutsuneak ongi konpentsatu ditu eta Marconnet, Hegi, Johnstone, edo Taelerekin bosteko sendoa izanen du. Toulonek ere indar handia du besteak beste Hayman, Schofield, Bruno edo Emmanuellirekin.
Gainera, Toulonek iragan sasoi hasiera txarra ezabatu nahiko du (Baiona eta Racingen aurka galdu zuen etxean), gaur nagusi izanez. Aipatzekoa da Miarritzek Benoit Baby 10 postuan zelairatuko duela. Barraque gazteak partida onak egin ditu, baina entrenatzaileek Babyren esperientziaren alde egin dute, usaian barneko bezala ari bada ere.
Baiona 18. Tolosa 13
Eraginkortasuna oinarri
Baionak anitz sufritu du, baina, defentsa sendo bati eta erasoko errealismoari esker, Tolosari gailendu zaio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu