Eraginkortasunaren bila

Xabi Prieto eta Pardo deialditik kanpo geratu dira, min hartuta, eta Zurutuza eta Iñigo hasieratik ariko dira

Imanol Agirretxe, Celtaren aurka Anoetan jokatutako partidan, bi goletako bat ospatzen. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Zaragozaren kontura denboraldiko bigarren garaipena lortu nahian zelairatuko da Reala Anoetan, 19:50ean. Philippe Montanier entrenatzaileak azken egunotan David Zurutuza erdilaria eta Iñigo Martinez erdiko atzelaria berreskuratu dituenez, moldatu egingo du hasierako hamaikakoa. Bere ideia garatzeko bi tresna baliagarri dira Zurutuza eta Martinez. Hala, taldearen ardatza Markelek, Illarramendik eta Zurutuzak berak osatuko dute erdialdean. Hirukote horren atzetik jokatuko du ondarroarrak, Mikel Gonzalezen aldamenean.

Min hartutakoen zerrenda luzatu egin zen atzo, Xabi Prieto eta Ruben Pardoren arazoak tarteko. Ez zeudela sasoiko onartu zioten entrenatzaileari azken prestaketa saioan. Victor Fuchs eta Jonathan Nanizayamo bigarren taldeko jokalariak hautatu behar izan zituen ondorioz.

Montanierren abisua

Zaragozak uste guztien kontra eutsi zion mailari joan den sasoian. Duela sei hilabete Anoetan jokatu zutenean, esaterako, etxekoek aise hartu zieten gaina. «Deseroso sentiarazteko moduko taldea eratu dute, eta ziur egon denboraldi honetakoak ez duela inolako zerikusirik izango orduko hartan gertatuarekin», ohartarazi zuen atariko agerraldian Montanierrek, bere jokalarien arreta osoa piztu nahian.

Aintzat hartzekoa izan zen Manuel Jimenez prestatzaileak bigarren itzulian egindako lana. Defentsa lana sendotzeko ahalegin handia egin du denboraldi-aurrean, eta lortzen ari delako datuak utzi ditu Zaragozaren txapelketa hasierak: jaurtiketa gutxien egin dieten taldeetako bat da, hirugarrena, eta, ondorioz, Roberto atezainak baino lan handiagoa egin behar izan dute gehienek. Zorroztasun hori leuntzeko, Griezmann, Vela eta Agirretxeren alde egingo du Realeko entrenatzaileak. Horretarako argudio sendoa baitauka: batera jokatutako hamar partidetan puntuen hiru-laurdenak lortu ditu Realak.

Aragoiarrek hamahiru jokalari fitxatu zituzten udako azokan; tartean, Romaric, Movilla eta Apoño erdilari ezagunenak. Anoetan izango dira gehienak.

REALA-ZARAGOZA

Reala. Bravo; Estrada, Mikel Gonzalez, Iñigo, De la Bella; Markel, Illarramendi, Zurutuza; Griezmann, Vela eta Agirretxe.

Zaragoza. Roberto; Sapunaru, Alvaro, Paredes, Abraham; Jose Mari; Babobic, Romaric, Apoño, Montañes; eta Postiga.

Epailea. Iglesias Villanueva.

Lekua. Anoeta (32.500 ikusle).

Ordua. 19:50 (C+L/Gol TV).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.