Erakargarriena

Caparrosek futbola ulertzeko bi ereduren arteko lehia gisa aurkeztu du gaurko norgehiagoka

haritz gallastegi
2007ko abenduaren 8a
00:00
Entzun


Caparrosek futbola ulertzeko bi ereduren arteko lehia gisa aurkeztu du gaurko norgehiagoka
HARITZ GALLASTEGI

Bilbo

Real Madrilen aurkako partida ikusteko bazkideek ordaindu egin behar dutela erabaki zuen talde zuri-gorriko zuzendaritzak. Erabaki arriskutsua izan zen: erabakia hartu zutenean kritika txarrak ziren nagusi Caparrosen taldearen inguruan. Jokoa ez zen ona eta jokoaren isla zen sailkapena. Hori gutxi balitz bezala, egutegiak ez zuen baikor izateko arrazoi asko ematen. Eta kirol egoera kezkagarriaren atzean bazkide konpromisariroen ezohiko batzarra eta bazkide txartelen igoera zegoen. Laino ilunak nagusi Ibaiganeko zeru gainean.

Fernando Garcia Macuak eta enparauek zortea izan dute, ordea. Yesteren itzulerarekin batera hobetu egin da taldearen egoera. Hobekuntzak garaipena ekarri du. Historikoa, gainera. Eta Valentziaren aurka eskuratutako hiru puntuek zaleen beroaldia eragin dute. Taldearen egoera txarra eta aurkariaren maila tarteko inork gutxik zuen San Mamesera joateko asmoa. Beste behin harmailak jarraitzaile zuriz gainezka egoteko arriskua zegoen. Asko egongo dira, baina baita hasiera batean espero baino zuri-gorri gehiago ere. Taldearen hobekuntzak eta historian zehar Athleticek izan duen aurkaririk garrantzitsuaren bisitak motibatu egin ditu jarraitzaileak. Eta zaleren batek duda bazuen, Caparrosek uxatuko zizkion atzo zalantza guztiak. Athleticen eta Real Madrilen filosofien arteko lehia dela adierazi zuen. «Futbola ulertzeko eredu bi egongo dira elkarren aurrean. Diruari esker egindako taldea batetik, eta konpromisoa eta etxeko jokalariak ardatz dituena bestetik. Zenbat emango luketen Real Madril zaleek hamaika Raul eta hamaika Casillas eta Gutirekin jokatzearren». Ez dago gehiago esan beharrik. Harmailak ez dira beteko, baina giro bikaina egongo da. Eta, bide batez, klubak dirutza irabaziko du. Garcia Macuak zortea izan du.

Taldeak eguna biribiltzea besterik ez da falta. Garaipena eskuratzea, alegia. Horretarako, orain arte jokatu duen norgehiagokarik osoena egin beharko du Caparrosen taldeak. Defentsan zein erasoan sekula baino finago aritu beharko da. Ez baita ahaztea komeni Espainiako Ligako lehen sailkatuak bisitatuko duela Katedrala. Jokalariek ere jakin badakite zailtasun handiko neurketa izango dela. Euren adierazpenak aintzat hartzea besterik ez dago. «Kontzentrazioa eta intentsitatea» eskatu zituen Aitor Ociok. Etxeberriak, berriz, lehiaketako talderik «eraginkorrenaren» aurka jokatuko dutela azaldu zuen. Akatsek, beraz, prezio garestia izango dute San Mamesen. Raulek, Gutik, Robinhok, edo eta Van Nistelrooyk ez dute barkatuko. Sekula ez dute huts egiten. Zer egin behar den atzealdean akats gutxi egiteko? Yestek dauka erantzuna. «Baloiaren jabetza izan behar dugu. Baloi barik sufritzen du gehien talde madrildarrak». Egin kasu basauriarrari.



OCIO USTARITZEN PARTEZ. Baloiaren jabetza izateaz gain, beste hainbat gauza egin beharko ditu Athleticek. Besteak beste, Casillas estu hartu beharko du. Defentsan sendo aritzea baino lan samurragoa dirudi. Schusterrek zuzentzen duen taldearen filosofiaren ardatza erasoko jokoa da. Neurketa irabazteko aurkariak baino gol bat gehiago sartzearen aldekoak dira, txapelketako talde gehienak kontrarioak baino gol bat gutxiago hartzearen aldekoak direnean. Filosofiaren eta historiaren pisua da -Capello mentalitate hori aldatzeko gai izan bazen ere-.

Aurrera egiteko gogo eta beharrak ez du defentsan lan ona egiten lagatzen. Real Madrilek zuloak izaten ditu. Aprobetxatzea da gakoa. Zoritxarrez, Athleticek gabeziak ditu zelai erditik aurrera. Real Madril talde eranginkorrena bada, aurrean egongo den taldeak aukera asko behar izaten ditu golak sartzeko. Ez da talentu handiko taldea. Golak sartzeko zailtasunak ditu. Eta aurrean Casillas badago... egun ona izan beharko du Athleticek, duda barik.

Egun ona izateko, orain arte ongi funtzionatu duena errepikatuko du entrenatzaile zuri-gorriak. Athleticeko jokalari eta zaleek azken bi partidak dituzte gogoan. Deportivoren eta Valentziaren kontra aurkaria baino gehiago izan da talde zuri-gorria. Beraz, ez dirudi aldatzeko arrazoirik dagoenik. Ezustekorik ez bada aldaketa bakarra egongo da hasierako hamaikakoan. Txartelak tarteko partida bateko zigorra bete ostean, Aitor Ocio izango da atzeko lerroko nagusia berriz. Mestallan neurketa biribila egin zuen Ustaritzen postuan jokatuko du. Gainerakoak joan den jardunaldiko jokalari berberak izango dira: Yeste eta Orbaize arduratuko dira taldeari oreka eta nortasuna ematen; David Lopezek hobetuz doala erakutsi gurako du eta Gabilondok une gozoan dagoela berretsi; aurrean, berriz, Llorentek izango du Athleticen jokaldiak amaitzeko ardura. Aurrelariaren jarraitzaileak lau denboraldi daramatzate errioxarrarentzat bi partida oso eskatzen. Ikusiko dugu zer egiten duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.