Olaizola II.a 22. Bengoetxea VI.a 5

Erakustaldia esatea gutxi da

Olaizola II.ak ez dio ezertarako aukerarik eman Bengoetxea VI.ari, eta Irujoren aurka ariko da finalean, hilaren 24an

Aimar Olaizola, pilota jotzear, eta Oinatz Bengoetxa, hari begira, atzo Labriten jokatutako buruz buruko finalerdian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Iraupena. 36 minutu.

Pilotakadak. 145.

Sakez. Olaizola II.ak, sei, eta falta bat; Bengoetxea VI.ak, bat.

Markagailua. 8-0, 8-1, 17-1, 17-4, 20-4, 20-5 eta 22-5.

Bestelakoak. Jende ugari bildu zen Labrit pilotalekuan, 1.100 ikusle inguru. Partida hasieran dirua parean irten zen, Olaizola II.aren aldeko joera txikiarekin.

Eskuin besoko zalantzak eta konfiantza falta azkar asko uxatu izango zitzaizkion atzo Aimar Olaizolari. Hori da hori jokoa erakutsi zuena. Bikaina ez, askoz hobea. Erakustaldia egin zuela esatea ere gutxi da. Ez zion ezertarako aukerarik eman Oinatz Bengoetxeari, eta uste baino aiseago irabazi zion buruz buruko finalerdia (22-5). Dena egin zuen ongi goizuetarrak, eta lehendik ere jakina bazen pilotari handia dela, orain eztabaidaezina da. Profesional mailako banakako zazpigarren finala jokatuko du Juan Martinez de Irujoren kontra, hilaren 24an, Bilbon. Ikustekoa izango da.

Izan ere, biak helduko dira sasoi betean. Lehorte luzaro baten ondoren, badirudi Aspekoa bere onean dagoela. Ordea, zaila da Olaizola II.a baino hobeto egotea. Dohain guztiak dauzka goizuetarrak. Argia da kantxan, une oro baitaki non jarri behar duen pilota. Jakitea, baina, gauza bat da, eta egitea bestea. Asegarcekoak ezin hobeto uztartzen ditu biak, eta ez dauka parekorik tantoa amaitzeko garaian. Atzo egin zituen ahalegin guztiak irten zitzaizkion ongi, eta halakoetan zaila da hari irabazten.

Hasieratik ikusi zen Olaizola II.a inork uste baino indartsuago zegoela. Lehenengo sakea hari tokatu zitzaion, eta handik aurrerakoak ere ez zituen etsai izan. Bengoetxea VI.a esnatzerako 8-0 aurreratu zen goizuetarra. Buruan eskuin besoaren egoera izango zuen garaileak, eta akaso horrek lagundu izango zion pilota hobeto gozatzen. Frontisa baliatu eta ezker horman sartzen saiatu zen, eta asmatu zuen. Hortxe egon zen partidako gakoa. Bengoetxea VI.a defentsan aritu zen beti, eta horrela zaila da 22ra heltzen. Guztira 39 pilotakada jo zituen airez. Zenbaki horrekin dena esana dago.

Itxaropena omen da azkena galtzen dena, eta leitzarra gogor borrokatu zen. Partida 8-0 zegoela heldu zen haren estreinako tantoa. Ordea, ez zuen sakea behar bezala baliatu, eta hurrengo tantoan errestora joatea tokatu zitzaion. Bi hitzetan definituta, nahi eta ezinean aritu zen galtzailea. Pilota gosez kantxaratu zen, eta gehiegizko gose hori kalterako izan zuen. Aurkaria jan beharraren jan beharrak bera jan zuen azkenean. Dena den, ezin zaio ezer leporatu. Olaizola II.a bera baino gehiago izan zen, eta kito.

8-1ekotik 17-1ekora igaro zen lehia, soilik bost minuturen kontuan. Leitzarrak sakea eta sake-errestoa baliatu izan balitu, alda zitekeen partida, baina goizuetarra ez zegoen inori aukerarik emateko. Tanto guztietan gidoi bera erabili zuen: pazientziaz jokatu, eta tantoa atzean bukatu. Apenas egin zuen horma bikorik eta dejadarik, halakoetan baita arriskutsuena Bengoetxea VI.a. Erakutsi zuen garaileak burua lepo gainean duten horietakoa dela eta kanpotik ikustea erraza dena berak barrutik ikusten duela.

Azken txanpan lotsarenak egitea lortu zuen leitzarrak. Ezkerrarekin dejada bat zabalean egin zuen lehenik, eta, ondoren, sake bikain bat. Bost tanto lortu zituen, baina gehiago ez. Olaizola II.ak argi eta garbi hartu zion gaina, eta merezita gailendu zen. Bengoetxea VI.ak ilusio handia zeukan aurtengo buruz bururako, eta orain burua altxatzea besterik ez zaio tokatzen.

Olaizola II.ak aitortu zuen amaieran dena atera zitzaiola ongi. Finalean berdin jokatzea ez da erraza izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.