Savio erdilari brasildarra eta German Herrera aurrelari argentinarra fitxatu ditu Realak
I. SUSAETa / ASIER L. EREÑO
Donostia /Iruñea
Espainako Ligako Lehen Mailan gol gutxien sartu dituen taldea da Reala. 10 bakarrik, 16 partidatan. Gainera, erasoan lanak ditu, jokoa lotu eta aukerak sortzeko. Hori konpontzeko ahaleginean, neguko azoka aprobetxatu du erasoko bi jokalari berri taldera ekartzeko. Biak utzita datoz. Biak Brasilgo Ligatik: Savio Bortolini brasildarra Flamengotik; eta German Herrera argentinarra, berriz, Porto Alegreko Gremiotik.
Realak atzo fitxatu zituen bi jokalariak. Saviorenak ez du inor harritu, azken egunotan bolo-bolo zebilen kontua zen eta. Herrerarenak, ordea, bai. Oscar Cardozo, Mariano Pavone, Federico Higuain, edo Milan Baros entzutetsua denen ahotan ibili dira. Herreraren izena, berriz, ez da kinieletan azaldu ere egin. Utzita dator, baina denboraldiaren amaieran jokalaria berea egiteko aukera edukiko du Realak, San Lorenzo Almagrori diru kopurua ordainduz gero.
Egia esan, Europan ez da jokalari ezaguna. Argentinako Rosario Centralen jokatu zuen lehen aldiz 2002an, eta han aritu zen iazko otsaila arte. Tarte horretan 70 partida jokatu eta 13 gol sartu zituen. Azkeneko hilabeteetan Porto Alegreko Gremiorekin aritu da utzita, eta 25 partidatan bederatzi gol sartu ditu.
Orain urte batzuk dezente nabarmendu zen, eta 2003an 20 urtez azpikoen Munduko Txapelketa jokatu zuen, Arabiar Emirerri Batuetan. Argentina finalerdietaraino heldu zen, eta Herrerak partida guztiak jokatu zituen. Horietako hiruretan hasieratik atera zen, eta gol bat sartu zuen. Talentu handiko jokalariak zituen orduan inguruan: Fernando Cavenaghi (Spartak Mosku), Gonzalo Rodriguez (Vila-real), Carlos Tevez (West Ham), Javier Mascherano (West Ham)...
«Jokalari azkarra da, borrokalaria, mugikortasun handikoa, eta atzelarien bizkarrean ondo mugitzen da. Gainera, hegaletara jotzeko ohitura du». Horixe esan zuen atzo Realeko entrenatzaile Migel Anjel Lotinak, Herrerari buruz. Aritz Adurizen antza duela ere esan zuen.
Savioren kasua, aldiz, ezberdina da. Utzita dator, baina Realak 500.000 euro ordaindu baharko dizkio Zaragozari. Izan ere, Saviok aurtengo ekainaren 30a arteko kontratua zuen Zaragozarekin, baina familiako arazoak medio, Brasilera bueltatu zen iazko ekainean. Espainiako Ligara bueltatu denez, aipatutako diru kopurua emango dio Realak ordainetan Zaragozari.
Jokalari aski ezaguna da Savio: ezker hegalekoa, fina, azkarra, kalitate handikoa, eta golak erraz egiten ditu. Azken pasea ematerakoan iaioa, eta jaurtiketa bortitzekoa. Izar baten gisa heldu zen Real Madrilera 1997ko abenduan, baina urteen joan-etorrian izarraren argia itzali egin zen. Zaragozan 2003tik 2006ra egindako denboraldietan, baina, kalitateari eusten diola erakutsi zuen.
Baina Lotinak ez du fitxaketei buruz hitz egin nahi. Hori esan zuen atzo. Izan ere, partida oso garrantzitsua jokatuko du gaur Realak, Anoetan, Osasunaren kontra. Eta Realak puntuak behar ditu, lehenbailehen zulotik ateratzeko.
Ligako azken partidarekin alderatuta, Lotinak aldaketa bakarra egingo du hasiera hamaikakoan. Kovacevicek Elustondo -deialdian dago beasaindarra- ordezkatuko du. Uranga ere hasieratik arituko da, nahiz eta aste osoan sukarrarekin ibili.
EZ DA ADISKIDANTZAZKO LEHIA. Bi taldeetako jokalariek argi utzi dute aste honetan, gaur aurkari izango duten taldeko jokalariei etorkizun ona opa dietela, baina 20:00etan, norgehiagoka hasten den unean, arerioentzako dituzten desio onak berehala ahaztuko zaizkie Realeko zein Osasunako jokalariei. Hiru puntu garrantzitsu daude jokoan gaur; eta urtearen azken txanpan erakutsitako hobekuntza berretsi asmoz zelairatuko dira gaur bi taldeetako futbolariak. Azken bi partidetan lau puntu eskuratu ostean, 2007a denboraldiko bigarren garaipenarekin hasi nahi dute Migel Anjel Lotinaren mutilek. Jose Angel Zigandarenek, berriz, zortzigarren partida irabazi nahi dute jarraian, UEFAko azken bi lehiak eta Ligako azken bostak irabazi ostean.
Osasuna zortzigarren postuan dago, eta «begi batekin gora begiratzen duen bezalaxe, bestearekin behera begiratu behar du Osasunak», entrenatzailearen esanetan. Zigandak badaki Realaren puntu premiak baldintzatu egin dezakela norgehiagoka: «Lehendabiziko minututan Realaren erasoei eusteaz gain, kontraeraso on batzuk antolatzen baditugu, jokalariak larritu ahal ditugu, eta urduritasuna agertu ahal da Realekoen artean», esan zuen atzo Zigandak Taxoaren.
Hori bai, sailkapenak adierazten duena baino joko hobea egiten du Realak Osasunako entrenatzailearen ustez: «Reala hain gaizki dagoenik ez dut uste, azken zazpi partidetatik bakarra galdu du, eta zazpi lehietan behin bakarrik galtzen duen taldea ez da Bigarren Mailara jaitsiko. Lotinarekin asko hobetu dute defentsan», adierazi zuen gorritxoen entrenatzaileak.
Etxetik kanpo jokatutako azken partidan ezohiko joko sistema eta ezohiko jokalariak erabili zituen Zigandak; eta 4-1-4-1ekoak emaitza bikaina eman zien nafarrei Vila-realen, 1-4 irabazi baitzuten joko erakustaldia eskaini eta gero. Anoetan ere Madrigalen bezala aritzea aztertzen jardun du Zigandak aste osoan, baina azkenean, azken zazpi partidetako bolada ederra hasi zutenen aldeko apustua egingo du entrenatzaile nafarrak, eta ohiko 4-4-2koarekin ariko da Osasuna Donostian. «Vila-realekoa errepikatzeko tentazioa izan dut. Halere, hasierako hamaikakoa finkatu samarra dugu azken boladan; ondo ari dira, bolada onean daude, eta euren aldeko apustua egitea erabaki dut», arrazoitu zuen erabakia atzo Zigandak. Gorritxoen hasierako hamaikakoan Juanfran izango da berritasun nagusia -iragan sasoian Lotinaren aginduetara aritu zen Espanyolen-, Valdok min hartuta jarraitzen baitu.
Historian zehar, Lehen Mailako hogeita sei norgehiagotan neurtu dituzte indarrak Realak eta Osasunak, Donostian: etxeko taldeak hamasei partida irabazi ditu; bost neurketa markagailu berdinduarekin amaitu ziren; eta beste bost nafarrek irabazi zituzten. Iragan sasoian, 1-2 nagusitu zen Javier Aguirrek zuzendutako Osasuna.
German herrera
Jaioteguna. 1983ko uztailaren 19a.Lekua. Granadero (Argentina)
Altuera eta pisua. 1,81 metro da luze eta 79 kilo pisatzen ditu.
Ibilbidea. Rosario Central (2002-2006) eta Porto Alegreko Gremio (2006).
Nazioartean. 20 urtez azpikoen Munduko Txapelketa jokatu zuen 2003an, Arabiar Emirerri Batuetan. Argentinako selekzioan zazpi partida jokatu zituen, etadenetan aritu zen. Halere, ez du nagusiekin debutatu.
Ezaugarriak. Ondo mugitzen da atzelarien bizkarrean, eta hegaletara jotzen du, kontrarioen atzeko lerroa ezegonkortzeko. Azkarra, borrokalaria eta ausarta.
Savio bortolini
Jaioteguna. 1974ko urtarrilaren 9a.Lekua. Vila Velha (Brasil).
Altuera eta pisua. 1, 76 metro da luze eta 70 kilo pisatzen ditu.
Ibilbidea. Flamengo (1992-1996 eta 2006), Real Madril (1997-2002), Bordeleko Girondins (2002-2003) eta Zaragoza (2003-2006).
Nazioartean. Brasilgo selekzioarekin 40 partida jokatu ditu, eta 17 gol sartu (1994-2000).
Ezaugarriak. Ezker hegaleko jokalaria da, baina erdi-puntan ere ondo moldatzen da. Azkarra eta teknika onekoa, ezker hanka bikain erabiltzen du: nola jaurtitzeko hala azken pasea emateko.