Erbesteratuak

Italiako taldeak ez dira lan ona egiten ari Europako bi lehiaketa handietan. Zazpik ekin zioten sasoi hasieran, eta Inter Milan bakarrik gelditzen da. Europako txapeldunak, gainera, miraria behar du finalerdietan aritzeko.

Aitor Manterola Garate.
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Inter Milan, Erroma, Milan, Napoli, Juventus, Sampdoria eta Palermo. Izen handiko taldeak ia denak. Italiakoak guztiak. Europako lehiaketa batzuk irabazitakoak daude zerrenda horretan. Azkenekoa, aurreko sasoian Interrek irabazi zuen Txapeldunen Liga. Denboraldi honetan ez da halakorik gertatuko. Sei klub kanporatuta daude, eta lehian gelditzen den bakarra, Inter bera, larri dabil Txapeldunen Ligako final-laurdenetan, joaneko partidan 2-5 galdu baitzuen Schalke 04ren aurka.

Denen ibilbidea aztertzen bada, zerbait oker dabilkiela bistako geratzen da. Haiekin lehian aritu eta aurrera egin duten taldeen izenei begiratze hutsak pizten du kezkaren harra. Baita oso goiz kanporatu izanak ere. Txapeldunen Ligan, Milan kanpoan laga zuen Tottenhamek, eta Erroma Xakhtarrek, biak final-zortzirenetan. Pentsaezina izango zen hori duela denboraldi asko ez dela. Europako Ligan, Juventus, Sampdoria eta Palermo multzoen fasean gelditu ziren, aurrera egin ezinda. Turingo talde loriatsuarena da adibide esanguratsuena: Manchester Cityk eta Lech Poznanek hartu zioten aurrea. Poloniako talde batek Juventus kanpoan utziko zuela uste izatea ere sekulako aldrebeskeria zen duela zenbait urte.

Baina azkenaldian halakoak gertatzea ez da ezustea. Ohiko bilakatzen ari da. Sasoi honetatik atzera egiten bada, antzeko adibide dezente dago. Datu orokorrak ematen hasita, Europako lehiaketa guztietan hauek dira italiarren emaitzak 2000tik 2010era: bost titulu irabazi dituzte. Hiru Txapeldunen Ligaren jabe egin dira—Milanek 2003an eta 2007an irabazitakoaketa Interrek 2010ean irabazitakoa—, eta Europako Superkopa bi eskuratu ditu Milanek berak, Txapeldunen Liga irabazi eta hurrengo denboraldiaren hasieran. Gainerakoan, lehortea dago zabalduta.

Datuok alderatzen badira beste urte multzo batekoekin, agerikoa da krisia. 1990etik 1999ra artean, hemezortzi titulu irabazi zituzten Europan. Txapeldunen Liga edo lehen Europako Kopa zena hirutan irabazi zuten —Milanek 1990ean eta 1994an, eta Juventusek 1996an—; UEFA kopa zazpi bider eskuratu zuten —Juventusek 1990ean eta 1993an, Interrek 1991n, 1994an eta 1998an, eta Parmak 1995ean eta 1999an—; Superkopa bost aldiz irabazi zuten —Milanek 1990ean eta 1994an, Parmak 1993an, Juventusek 1996an eta Laziok 1999an—; eta Errekopa hirutan eraman zuten etxera —Sampdoriak 1990ean, Parmak 1993an eta Laziok 1999an—.

Beste datu historiko bat ere bada gainbehera azaltzeko. Txapeldunen Ligan, 2000tik hona, hiru sasoitan ez da italiarrik sailkatu final-laurdenak jokatzeko: 2001ean, 2002an eta 2009an ez zen Italiako talderik iritsi lehiaketa nagusiaren fase horretara.

Partaidetzan eragina

Ez dira zenbaki txarrak bakarrik. Ondorioak ere okerrak dira. Izan ere, UEFAk neurtu egiten du herrialde bakoitzeko taldeek bere lehiaketetan duten lana, eta horren arabera zehazten du herrialde bakoitzak zenbat talde izango dituen lehia horietan. Eta, jakina, Italia larri dabil azken denboraldietako emaitza kaskarren eraginez. Oraingoz, laugarren herrialdea da, Ingalaterra, Espainia eta Alemaniaren atzetik —1986tik 1999ra lehena izan zen, 1990ean izan ezik—. Horren ondorioa da 2012-2013 sasoian hiru talde soilik sailkatuko direla Txapeldunen Ligarako, orain baino bat gutxiago. Ligako hirugarrenak sailkatzeko fasea jokatu beharko du bi denboraldi barru.

Emaitza txarrak denboraldi bateko edo biko kontua ez direnez, zerbait ari dira oker egiten. Azterketa ugariren jomuga da krisi hori, eta ia denetan, ondorio bera ateratzen dute, betiko esaldi honetatik oso gertu dagoen hau: Italian, oso gaizki jokatzen dute, eta horrela ezin da Europan lehiatu. Beste herrialdeetan, futbolean jokatzeko moduak bilakaera izan duela, eta Italian ez. Izan daiteke gainbehera azaltzeko azalpena. Herrialdean bertan ere badira iritzi molde horren aldekoak. Duela hilabete eskas, La Gazzeta dello Sport egunkarian baieztapen gordin hau bota zuten: «Sacchi, Ancelotti eta Scalaren iraultza ahaztu egin dela ematen du. Noiztik ez du Italiako talde batek bere jokatzeko eredua ezartzen?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.