Futbola-Lehen Maila

Erdi batekin, osoa (1-2)

Eibarrek nahikoa izan du bigarren zatian bere jokora gerturatzea Las Palmasen, emaitza iraultzeko lau minututan bSeigarren garaipena du azken zazpi partidatan

Curbelo/ EFE. SERGI ENRICH GOLA TALDEKIDEEKIN OSPATZEN.
Aitor Manterola Garate.
2018ko urtarrilaren 6a
22:54
Entzun

Golak. 1-0: Vierak, penaltiz (32. min.). 1-1: Orellanak (73. min). 1-2: Sergi Enrichek (77. min.)

 

oni Ruiz Eibarreko prestatzaile fisikoa Kanariar Uharteetakoa da, eta gustura zegoen ostiralean Arrasateko entrenamendu gunean: «Epelera goaz», zioen. Baina jakitun zen ez zela ohiko epeltasuna izango: «Euria dago emanda, eta esan diot arroparen arduradunari hartzeko euritakoak».
Euritan jokatu zuen, bai, atzo Eibarrek Las Palmasen zelaian, eta haize petralarekin, gainera. Futbolerako ez dira baldintza onenak, eta horregatik edo auskalo zergatik, eskas antzean jokatu zuten bi taldeek lehen zatian, batez ere. Etxekoen jardunari beraiek erreparatuko diote, eta Eibarren kasuan, baieztapen honekin ondo azaltzen da nola jokatu zuen lehen erdi horretan: ez zen Eibar izan.
Jokaldi batzuetan bakarrik izan zen gai aurkariaren zelaian jokatzeko eta kontrarioa pixka bat itotzeko. Erosoen orduan moldatu zen aurreneko 45 minutuetan, baina une txikiak izan ziren. Aldiz, etxekoak gai izan zirenean baloia bere zelaitik ateratzeko, zantzuak eman zituzten kontraerasoan min egin ziezaiokeela Eibarri. Beste atezainaren ingurura heldu ziren bakoitzean, azkeneko pasea edo jaurtiketa ona egitea falta zitzaien bi taldeei. Gaiztorik gabeko ipuinen traza zeukan partidak. Orduaren erdia heldu zen arte. Ezer ez zeukan jokaldian, penaltia egin behar izan zion Arbillak Toledori, eta Vierak etxekoen gola egin zuen. Beraien aldeko emaitza ez zen jokoaren adierazgarri, baina kontua da Eibar galtzen joan zela atsedenaldira.
Orellanak, debuta eta gola
Lehen zatiko bidetik jai zeukan Jose Luis Mendilibarren taldeak, eta berehala hasi zen ohiko jokoari heltzen. Bigarren erdia hasi orduko baloiaren jabe egin zen, eta Las Palmas atzean sartu izanak ere lagundu zion horretan. Alderik alde baloia ondo eraman zuen Mendilibarren taldeak, eta aukera eman zion hegaletatik erdiraketak egiteko. Probetxu handirik atera ez arren, aldaratzeak eibartarrentzat ziren, eta etxeko taldea bere zelaian sartu zuen.
Azkeneko metroetan, baina, argitasuna falta zitzaion. Ezin asmatu. Eta halakoetan, korapiloa askatzeko aukera geldikako jokaldiak izaten dira, baliatzen asmatuz gero, behintzat. Bai asmatu ere Eibarrek 73. minutuan. Jose Angelek falta atera zuen bigarren zutoinera, Charles joan zen lekura, eta honen burukada pase bihurtu zen Orellanarentzat beste zutoinean. Txiletarrak bi minutu zeramatzan zelaian, eta gola izan zen ukitu zuen bigarren baloia; atea ia hutsik zela egin zuen.
Berean jarraitu zuen Eibarrek, bigarren zatiko bide zuzenetik, eta bigarren gola berehala egin zuen, 77. minutuan. Ezker hegalera eraman zuen baloia, eta han aukerarik ez zenez, Jose Angelek erdiratu egin zuen. Egin izan ditu erdiraketa hobeak, baina Enrichek ondo jantzi zuen taldekidearen pasea, bakarrik zela baliatuz area txikian, bigarren zutoinetik gertu. Buruz gurutzatu, zutoina jo, eta sarera.
Bigarren zatiko hobekuntzaren saria jasotzen ari zen Eibar, eta bien bitartean, Las Palmasek erantzunik gabe segitu zuen. Inuiri penalti garbia egin arren bukaera aldera, epaileak ez zuen adierazi, eta Peñaren huts larri batek bakarrik eman zion aukeratxoa etxeko taldeari. Ondorengo kornerrean ez zen ezer gertatu, eta Eibarrek seigarren garaipena lortu zuen azken zazpi partidatan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.