Saskibaloia. Euroligako final-laurdenak. CSKA Mosku 79. Gescrap Bizkaia 60

Erein, asko; bildu, ezer ez

Gescrapek askoz hobeto jokatu du, CSKA urduritzeraino, baina amore eman behar izan du, errusiarren talentuak gainditutaOnena eman behar izan dute Kirilenkok eta Teodosicek: 58ko balorazioa bien artean

Andoni Urbistondo.
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
CSKA Mosku. Teodosic (18), Siskauskas (5), Kirilenko (20), Khriapa (13) eta Krstic (5) -hasierako bostekoa- Gordon (6), Shved (4), Vorontsevitx (3), Kaun (5) eta Kurbanov.

Gescrap Bizkaia. Jackson (12), Vasileiadis, Mumbru (3), Hervelle (3) eta D'Or Fischer (6) -hasierako bostekoa- Raul Lopez (13), Blums (6), Grimau, Banic (8), Mavroeidis (9) eta Josh Fischer.

Markagailua. 26-15, 41-36 (atsed.); 58-52 eta 79-60.

Epaileak. Muhvic, Viator eta Tasos. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 4.000 ikusle Moskuko Universal Sports Hallean. Ehun inguru Bilbotik joanikoak.

Nafarroa hegoaldeko nekazariak bezala, lanean beltz aritu eta saririk jaso ez. Lurra erein eta erein, eta uztarik bildu ez. Kostaldera iristen ahalegindu eta itsasbazterrean itota geratzen dena bezala. Edo bizikletan helmugara iritsi nahi eta haizearekin pare egiten duen txirrindularia bezala. Halaxe sentitu zen atzo Gescrap Bizkaia. Nahi eta ezin. Bere lana txukun eginda, lehen partidako itxura asko hobetuta, baina garaipenen zorroa bete ezinik. Ez baita nahikoa ondo jokatzea, huts kopurua murriztea, arrakasta izateko. Besteak beste, parean sekulako taldea dagoelako, eta harrapakariak harrapakina ehizatzen duenean bezala, aurkaria irensteko prest dago beti.

Asteazkenean partida hasieran saiatu zen, eta hirugarren hamar minutukoan hautsi zuen partida. Atzo, egurrean ekin zion hasiera-hasieratik, eta oso alde polita lortu 11. minutuan: 28-15. Beste astindu bat sumatzen zen, baina matxinatu egin zen Bizkaia. Lopezek bost puntu lortu zituen, Blumsek beste hiruko bat, eta Mavroeidisek bikoa, eta aldea bost puntura murriztu zuen: 33-28. CSKA nahierara aritu zen lehen laurdenean, eta balorazioko zenbakiek zer pentsatua ematen zuten: 38 CSKAk, 4 Bizkaiak. Bigarrenean, ordea, parekatu egin ziren zenbakiak asko, Bilbokoek asko estutu zutelako defentsan.

Moskuko taldeak 18 jaurtiketa egin zituen bigarren laurdenean, baina hiru bakarrik sartu. Hervelle, D'Or Fischer eta Mavroeidisek gerlari mozorroa jantzi zuten, eta saskipean oztopo franko izan zituzten Kirilenkok, Khriapak, Krsticek eta Kaunek. Hirukoak egin behar izan zituen CSKAk, baina alor horretan ere ez zuen sobera asmatu atzo, eta errebotea zainduta, partidan sartu zen bete-betean Bizkaia, baloi oparitu ostean Siskauskasen hiruko batek 38-27koa jarri arren eta minutu bat geroago Krhiapak beste hiruko ikusgarri bat lortu arren (41-31). Aaron Jacksonek, ordea, kementsu eskatu zuen baloia eta biko bi saskiratzerekin arnasa eman zion bere taldeari, aldageletan sartu aurretik: 41-36.

Aurrea hartzeko aukera bi

Bikaina izan zen itzulera. CSKAk zeukan lehen jabetza, baina baloia bereganatu zuen Bizkaiak, kontrarioa ondo estutuz. Katsikarisen taldeak partida berdintzeko bi aukera eduki zituen markagailua 43-40 zegoela, baina ez zuten asmatu Mumbruk eta Vasileiadisek. Borrokan jarraitu zuen Bizkaiak, kementsu, baina Kirilenkok eta Teodosicek aginte makila hartu zuten, eta bederatzi puntu lortu jarraian. Oharkabean, ia-ia nabaritu gabe, 12 puntuko zuloa ireki zuen CSKAk: 58-46.

Eta berriro jaiki. Berriro saiatu. Belaunikatu, inoiz ez. Egoerak erremediorik ez daukanean bakarrik. Raul Lopezek, bikain atzokoan, bi hiruko on sartu zituen, eta 58-52 bukatu zen hirugarren laurdena. Kazlauskasek Jamont Gordoni epelak esan zizkion. Gordoni eta parean zituen guztiei, utzikeria apur batekin aritu zelako CSKA, partida erabakita zegoelakoan, eta garesti ordaindu zuelako bi huts inozo eginda.

Laugarren laurdenean ez zen hutsik izan. Lanerako jantziarekin kantxaratu zen CSKA, eta indar eta talentu erakustaldia egin zuen. Indarra, defentsan, Bizkaiaren puntu iturria itxiz. Katsikarisen taldeak zortzi puntu bakarrik lortu ahal izan zituen laurden guztian, eta banakoa lortzeko itxaropenak bi minutu bakarrik iraun zuen. 60-54koaren ondoren 69-57koa lortu zuelako aurrena CSKAk, eta konforme ez, 79-60ko erabakigarria azken minutuan. Berriro hausnartzeko moduko porrota, berriro oharkabean, eta bigarrengo aukeran, CSKAri aurre egin ondoren.

Azken laurdenetan erantzuten dute jokalari onek, eta jokalari bikainak dira Kirilenko eta Teodosic. AK-47 ezagunak. Bost puntu lortu zituen hegalekoak, eta alderatze garrantzitsuak berreskuratu. Bukaerako estatistikak ikusgarriak dira: 31 puntuko balorazioa, 20 puntu eta 12 errebote lortu ostean. Teodosic ere ez zen atzean geratu, eta 27 puntuko balorazioa lortu zuen, maisuen eskura dauden datuekin: 18 puntu, zazpi errebote eta bederatzi asistentzia. Teodosic kantxan egon zenean, 27 punturen aldea atera zion CSKAk Bizkaiari.

Etxerako buelta gogorra izango da bizkaitarrentzat. Kanporaketari buelta ematea ezinezkoa da ia-ia, baina atzo lehen hiru laurdenetan erakutsitako grina erakusten badute, laugarren dema jokatzera behartzeko moduan daude. Ez da batere sari txarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.