ESPAINIAKO VUELTA

Erlojuko orratzen menpe

Gaur hasiko da Vuelta Gijonen, 2.930 kilometro izango ditu; ibilbidea ordokizaleentzat da egokiagoa igotzaileentzat baino

Andoni Urbistondo.
2003ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Vueltako 58. aldia hasiko da 15:35ean, Gijonen (Espainia), 30 kilometroko taldekako erlojupekoarekin. Erlojuko orratzek erabakiko dute lehen liderra, eta erlojuko orratzei bide txikiena egiten uzten dien txirrindulariak irabaziko du egutegiko azken itzuli handia. Erlojuko orratzek, erlojupekoek erabakiko dutelako Vueltako garailea.

Ordekan espezialistak direnek egina dute bide erdia, orain arte emandako maila errepikatzen badute, behintzat. Aspaldiko kilometro kopuru handiena egingo da bakarkako lanean, erlojupekoan, Vueltan: 108 kilometro. 43 heldu den ostiralean, Zaragozan, 53 irailaren 21ean Albaceten eta 12 azkenaurreko etapan, Abantos gainean. Zaragozakoa eta Albacetekoa zeharo lauak dira, plater handia jarri eta pedalak azkar-azkar astintzeko ezinhobeak. Abantoskoak 12 kilometro ditu eta kronoigoera da. Lehen mailako mendatea da Madrilgoa.

Mendateak ere, egon, badaude. Zein zailtasun duten da koska, ordea. Bigarren, lehen edo maila bereziko 21 mendate daude orotara. Lau dira maila berezikoak, eta horietako hiru etapa bukaera izango dira: Pla de Beret eta Envalira Pirinioetan eta Sierra Nevada Andaluzian. Aubisque da bestea, Pirinioetako aldats ezaguna.

Hiru etapa egingo dira Pirinioetan bata bestearen ostean eta Vueltako epaile izan litezke. Vueltako lehen erdian korrituko dira gainera etapa horiek, karreristek hankak gehiegi zigortu gabe dituztela. Vueltako mendate ia denak, ordea, etzanak dira. Etzanak esanda, batez besteko pendiza handiegia ez dela esan nahi da, %5 edo %6koa, alegia. Suzko igotzaileek ez dute %7 edo %8ko batez besteko pendizik duen igoerarik edukiko, salbuespenak salbuespen (Aubisque, Peyresourde, Portillon, La PanderaÉ). Angliru, La Covatilla eta beste aldapa tenteak igo ziren iaz, baina aurtengo ibilbidean ez dago tropela txiki dezakeen aldatsik.

Galdeano eta Gonzalez Heras eta Sevillaren aurka

Itxuraz, errodadore indartsuenek onenekin eusteko modukoak dira Vuelta honetako mendateak. Itxuraz, aldez aurreko analisian. Errepideak, ordea, analisi logikoenaren kontrakoa erabakitzen du, sarri. Analisi logikoenak dio Igor Gonzalez de Galdeano eta Aitor Gonzalez direla Vuelta irabazteko hautagai sendoenak. Biak ordokizale petoak dira, mendian gora ondo moldatzen dira mendate etzanetan eta erlojupekoetan minutu askoko errenta lor dezaketelako igotzaile arinekiko.

Ezin jakin sasoitsu zein dagoen, ez bikote horren kasuan, ez beste hautagaien kasuan, Vueltaren atarian ez baita proba garrantzitsurik jokatzen, ez txirrindularien benetako sasoia erakusten duen lasterketarik, behintzat. Gonzalez gipuzkoarra da jarduneko txapelduna, baina aurten ez du iaz Vueltan emandako mailaren arrastorik eman. Zer esan Galdeano anaia gazteenari buruz. Alemaniako Itzulian erori, lepauztaia hautsi eta hilabete eskaseko prestakuntza egin ahal izan du.

Plater handiaren erabiltzaile zaildu horiei aurre egin nahiko diete Herasek eta Sevillak. Bikote horrek errazago erabiltzen du plater txikia, bizikleta dantzatuz igoera gogorretan, baina asko sufritzen du ibilbide lauetan. Zaragozan eta Albaceten bospasei minutuko atzerapena pila dezakete, erraz, eta oso indartsu jardun beharko dute galdutakoa berreskuratzeko.

Ustekabea eman dezaketenen artean Dario Frigoren hautagaitza hartu behar da aintzat, baina italiarra aspalditik ari da nahi eta ezin hiru asteko itzulietan. Euskaldunei dagokienez, itxaropena da hitz egokiena. Fresko-fresko ekingo diote Juanma Garate irundarrak eta Osa anaiek, baina hirurak ere zuhur mintzatu dira Berrian euren helburuez galdetuta; igotzailetik gehiago dute errodadoretik baino. Euskaltel-Euskadi taldean etapa garaipenak dira helburu nagusia, Alberto Martinezek, erlojupekoetan lan ona eginez gero, sailkapen nagusiko aurrealdean egoteko aukera badu ere. Asmo bera dute Laisekak eta Gorka Gonzalezek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.