«Erne Oinatzekin»

Bengoetxea VI.ak eta Olaizola II.ak buruz buruko txapelketako finalerdia jokatuko dute gaur, Iruñean

Bengoetxea VI.a eta Olaizola II.a, elkarri sorbaldatik helduta, iaz txapelketan jokaturiko partidaren ondoren. J.U. / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
«Erne Oinatzekin!». Asteak dira pilotalekuetan esaldi bakarra entzuten dela. Pilotariek diote, Aspekoek zein Asegarcekoek, teknikariek, artekariek... Bengoetxea VI.a ikusita zabaldu den ustea da. Entrenatzen ikusi dutenak harritu ditu, eta duela bi aste erakustaldia eman zuen Gonzalezen aurka. Gaur, leitzarrak buruz buruko bigarren finalean sartzeko aukera du Olaizola II.aren aurka, Iruñean (17:30, Nitro), eta ezustekoa emango duen ustea oso zabalduta dago. Irabazleak Martinez de Irujoren aurka jokatuko du finala, hilaren 24an, Bilboko pilotalekuan.

Pilotan iritzi orokorra neurtzeko modua dago: apustuak. Eta gaur parean irtengo dira, Olaizola II.aren aldeko joerarekin. Normalean, Goizuetakoak faborito nahiko garbi beharko luke. Iaz, 22-15 irabazi zion finalerdietan. Bada, oreka horrek modu ezin argigarriagoan azaltzen du Bengoetxearen aldeko ustea.

Bengoetxearen sasoia da uste hori zabaldu duten arrazoietako bat, baina ez bakarra. Olaizola II.ak aitortu duenez, eskuin besoa ez du nahi bezain ondo. Giharreko minaren erruz astebete atzeratu du partida, eta berak esana da kolpea askatzean berez uzkurtzen zaiola. «Ez da mina; beldurra da», azaldu du. Retegi Biren aurka makal hasi zen, eta kolpea askatzen hasi zen arte ez zen gailendu. «Arriskatu» egin zuela esan zuen partidaren bukaeran. Lehen tantoak igaro arte ezingo da jakin zein den benetako egoera.

Salva Bergara Asegarceko kirol zuzendaria gaurko partidaz mintzatu zen pilotak aukeratzean, eta haren hitzek Bengoetxearen aldeko joera hauspotu dute. Entrenamenduetan Olaizola II.a baino hobeto ikusi du, eta ezbaian jarri du haren faborito izaera. Dena den, Bengoetxeak berak ere zer egiteko gai den erakutsi zuen Gonzalezen aurka. 22-7 irabazi zion eta ezin zehatzago egin zituen erremateak. Haren itxura fisikoa ere bikaina da: gihartsu dago. Eta esan du 2008an txapeldun izan zenean bezain ondo dagoela.

Bi aldiz jokatu dute elkarren aurka buruz buruko txapelketan, eta bana irabazi dute. 2008an, final-laurdenetan, Bengoetxeak 22-12 irabazi zuen. Iaz, aldiz, finalerdietan, Olaizolak errebantxa hartu zuen. Partida taktikoa izan zen, eta irabazleak pareta baliatuz lortu zuen aurkariaren sotamanoa saihestea. Leitzarrak bi partidak bideoan berriz ikusi ditu, hutsak aztertzeko. Azkenik, Olaizolak irabaziko balu, buruz buruko zazpigarren finala jokatuko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.