Askatu da korapiloa, eta uste baino lehenago. Ernesto Valverdek Athleticen jarraituko du sasoi hau amaitutakoan ere. Entrenatzaileak eta talde zuri-gorriak akordioa lortu dute hitzarmena beste urtebetez luzatzeko, 2017ko ekainaren 30era arte, hain zuzen ere. Valverde hirugarren urtez jarrain ari da zuzentzen Athletic. Aurretik ere beste bi urtez eseri zen zuri-gorrien aulkian (2003-04 eta 2004-05 sasoietan). 241 partidatan zuzendu du Athletic: 106 irabazi ditu taldeak, 58 berdindu eta 77 galdu.
«Oso pozik nago beste urtebetez Athleticez gozatzen jarraitzeko aukera izango dudalako. Eskertzen diot klubari kontratua berrituta erakutsi didan konfiantza, baina ez horregatik bakarrik, egunero erakusten dit nigan konfiantza duela. Espero dezagun bide honetan jarraitzea, eta ahal badugu, hobetzea». Horra Valverderen adierazpenak.