Eromenetik kontrolera, Evans

Cadel Evans, Andy Schleck eta Frank Schleck. Zaleei argazki hori etorriko zaie burura 2011ko Tourraz hizketan hasitakoan. Baina une asko izan ditu Tourrak; tartean, Samuel Sanchezen Pirinioetako garaipena.

unai zubeldia
Donostia
2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Erorikoak, eroriko gehiago, erorikoren bat edo beste, Mark Cavendishen (Highroad) bost garaipenak, Edvald Boasson Hagen (Sky) eta Thor Hushovd (Garmin-Cervelo) norvergiarren erakustaldiak, Samuel Sanchezen (Euskaltel-Euskadi) Pirinioetako garaipena, Andy Schlecken (Lepard-Trek) Alpeetako kolpea, Cadel Evansen (BMC) erlojupeko ederra, eta Paris. Hitz gutxitan, horixe eskaini du 2011ko Frantziako Tourrak. Momentu eta kolpe asko izan du Tourrak. Onetik eta txarretik. Betiko grabatuta geratuko diren irudiak tartean.

1. Gois, kolpea oso goiz

Lurretik bueltan hasi zen Frantziako Tourra, uztailaren 2an. Passage du Goisen hasi eta Mont des Alouettesen amaitu, etapa urduria izan zen oso. Aitzin-etaparik gabe, lehen maillot horia zegoen jokoan, eta helmugara iristeko bederatzi kilometro falta zirenean erorikoa izan zen tropelean. Alberto Contador (Saxo Bank) eta Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi) zeuden tartean. Hasi, eta dantzan zegoen Tourra. Philippe Gilbertek (Omega Pharma-Lotto) irabazi zuen lehen etapa, eta Cadel Evansek (BMC) hasieratik erakutsi zuen fin zegoela. Hiru segundo bakarrik galdu zituen. Sei segundora helmugaratu ziren faborito gehienak; eta 1.20ra Contador eta Sanchez —belauneko minez amaitu zuen etapa Saxo Bankeko taldeburuak—.

Lehen eguneko galera horri bigarren etapako taldekako erlojupekokoa gehitu zioten, gainera, bai Contadorrek —neurri txiki batean—, eta bai Sanchezek—neurri handi batean—. Saxo Bankek zortzigarren denbora egin zuen, eta Euskaltel-Euskadik denborarik txarrena. Lehen bi etapak jokatuta, Thor Hushovd (Garmin-Cervelo) zegoen lider; segundo bakarrera zegoen Evans; laura Andy eta Frank Schleck (Leopard-Trek); 1.42 minutura Contador; eta 2.36ra Sanchez.

2. Eroriko sonatuak

Urteroko kontua izaten da. Sasoi guztian Tourra prestatu, eta, hastearekin batera, asko eta asko etxera joaten dira. Eta aurten ere halaxe izan da. Contador eta Sanchez geratu ziren hasiko orduko herren, baina beste askok ospitalean edo etxean amaitu dute 2011ko Tourra. Janez Brajkovic (RadioShack) 5. etapan erori eta erretiratu zen; Bradley Wiggins (Sky), zazpigarrenean; Chris Horner (RadioShack) eta Beñat Intxausti (Movistar) zortzigarrenean; Jurgen Van den Broeck (Omega Pharma-Lotto) eta Aleksandr Vinokurov (Astana) bederatzigarrenean; Andreas Kloeden (RadioShack) hamahirugarrenean... Asko, etxean, eta beste batzuk ezinean, Robert Gesinken (Rabobank) moduan. Lehen aste eta erdiko erorikoek erabat baldintzatu dute Tourra.

3. Norvegiarren gozatua

2011ko Tourra nekez uler daiteke Norvegiako bi txirrindularik erakutsitako joari kasurik egin gabe. Thor Hushovd eta Edvald Boasson Hagen. Bi txirrindulari horiek bakarrik zeuzkan Norvegiak Tour honetan, baina zertarako gehiago! Lau etapa garaipen lapurtu dituzte, eta zazpi egun igaro ditu Hushovdek maillot horia jantzita. Bikaina bien erakustaldia. Taldekako erlojupekoan jantzi zuen Hushovdek liderraren maillota, Garmin-Cerveloren garaipenaren harira, eta 9. etapara arte ez zuen erantzi. Bazirudien Luis Leon Sanchezek (Rabobank) irabazitako etapa hartan amaituko zela Hushovden Tourra. Baina Lourdesen eta Gapen beste bi kolpe eder emateko gai izan zen norvegiar beteranoa.

Boasson Hagenek, maisuaren ikasgaia azkar barneratuta, Lisieuxen (6. etapan) eta Pinerolon (17. etapan) gozatu zuen etapa garaipenekin. Esprinter eta klasikozale handia izandakoa da lehenengoa (eta oraindik ere hala da), eta etorkizunean zeresana emango duen txirrindulari puska bigarrena. Norvegia ezagun egingo dute.

4. Hitz batean, Voeckler

Onean eta txarrean, txirrindulari berezia da Thomas Voeckler (Europcar). 2004an hamar egun egin zituen Tourreko maillot horia jantzita, eta aurten beste horrenbeste egin du. Ihesaldian sartu, Frantziako telebista kate publikoko autoari izkin egin, berekoikerian maisua dela erakutsi, eta modu itsusian jantzi zuen maillot horia. Baina inor gutxik espero zuen indarrarekin defendatu zuen altxorra Pirinioetan. Alpeetako lehen etapa amaituta, podiumarekin ametsetan hasi zen frantziarra. Baina Telegraphen eta Galibierren gora hasiberrien akatsa egin zuen. Aurrekoekin ezin, eta atzekoei itxoin nahi ez. Indarrak alferrik galdu, eta 50 segundo eskasengatik geratu da azkenean podiumetik kanpo. Handia egiteko gaitasuna zeukan, baina harrokeriak utzi du podiumetik kanpo.

5. Pirinioetan, Sanchez

Etapa garaipena eta podiuma. Helburu horrekin ekin zion Euskaltel-Euskadik Tourrari. Eta Pirinioetara iritsita, Samuel Sanchezek erakustaldi aparta eman zuen Luz Ardidenen gora. Ondo neurtu zituen Jelle Vanenderten (Omega Pharma-Lotto) indarrak eta mugimenduak, eta kolpe ederra eman zuen Roberto Laisekaren tokirik kutunenean. Erorikoa, taldekako erlojupekoa eta txakalaldia tarteko, podiumetik kanpo geratu da azkenean. Baina etapa bat irabazteaz gain, mendiko maillota ere eskuratu du.

6. Alpeetan, A. Schleck

Contador su batean ibili zen Gapen eta Pinerolon amaitu ziren etapetan, Alpeen atarian. Bete-betean zegoela zirudien. Baina Andy Schleckek eraso zitalajo zuen Galibierrera bidean. Helmugara iristeko 60 kilometro falta zirenean jarri zuen hankaz gora Tourra. Ia bost minutuko aldea eduki zuen, baina egun horretan irabazi zuen Tourra Evansek, ardura hartu, eta aldea, hainbestean, hiru minutuko langatik jaitsita. Erlojupekoaren faltan, Andy Schleckengandik 57 segundora geratu zen australiarra. Contador eta Sanchez lehertuta geratu ziren etapa horretan.

7. Erlojupekoan, Evans

42,5 kilometroko ibilbide gogorra, eta aldea 57 segundokoa. Apustua zegoen Andy Schleck eta Cadel Evansen artean. Baina lehen 25 kilometroetarako ezerezean geratu zen apustua. BMCkoak erlojupeko bikaina egin zuen, eta 2.31 minutuko aldea atera zion luxenburgotarrari. 34 urterekin, australiarrak lortu du falta zitzaion garaikurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.