John Degenkolb (Giant Shimano) eta Nacer Bouhanniren (FDJ.fr) arteko esprinta espero zuten denek Espainiako Vueltako hamabigarren etapan, baina ez da halakorik gertatu, Bouhanni erori egin delako azken bihurgunean. Oso atzean sartu dira FDJ.fr-ko txirrindulariak azken kilometroan, eta, aurrera egin nahi horretan, hankaz gora joan dira azkenerako. Aurkari zuzenik gabe, nahikoa eroso irabazi du etapa Degenkolbek, hirugarrenez. Tom Boonen (Omega) sailkatu da bigarren, Jacobo Guarnieri (Astana) hirugarren, eta Peter Sagan (Cannondale) laugarren. Erorketaren eraginez atzeratuta helmugaratu arren, epaileek denbora berbera eman diete denei, eta Alberto Contadorrek (Tinkoff) jarraitzen du lider.
Esprintaren aurretik etapak ez du eskaini ikuskizun handirik, Matthias Krizek austriarrak (Cannondale) erasoa jo duelako hirugarren kilometroan, eta bakar-bakarrik egin zuen etaparen zatirik handiena. Bederatzi minututik gorako aldearekin ibili ondoren, hamabi kilometro falta zirela harrapatu zuen tropelak. Beloradon hasi eta Cabarcenoko parkean amaitu, hamahirugarren etapa jokatuko da bihar, 188,7 kilometrokoa. Hirugarren mailako bi mendate eta bigarren mailako bat igo beharko dituzte, eta gorako joera daukate azken metroek.