Domenico Pozzovivoren esku dago Giroa». Juanma Garateren (Rabobank) hitzak dira. Dolomitetako bi etapa erraldoi geratzen zaizkio Giroari, eta erraldoietan txikienak hankaz gora jar dezake itzulia. Irabazteko gakoa ez, zalaparta sortzekoa dauka bere gain Colnagoko igotzaile txikiak. 417 kilometro bi egunean. Horietatik 275 aldapa gora. Lehen mailako bost mendate gogor zain. Alpe di Pampeago eta Stelvio gainean bi helmugak. Azken hori zerutik gertu, 2.757 metrora… Sailkapeneko tarteak aintzat hartuta, epikarako aukera polita.
Trevisotik abiatuko da gaurko etapa, eta, hirugarren mailako aldapa bat salbu, zailtasun handirik gabeak dira lehen 100 kilometroak, Borgo Valsugana herrira iritsi artekoak. Hori bai, 4.700 metroko desnibela pilatuko dute gero azken 135 kilometroetan. Estua eta gogorra da Manghenen lehen zatia. %8-10eko batez besteko aldapa daukaten bi kilometro oso ditu tartean. Baina igoerako 16. kilometroan hasiko da benetako gogortasuna. %9,3koa da Mangheneko azken zazpi kilometroen batez bestekoa, eta errepidea estu-estua da azken zati horretan. Baita jaitsierako lehen zatian ere. Oso azkarra da jaitsiera; teknikoa eta arriskutsua. 75 kilometro geratuko zaizkie txirrindulariei helmugara iristeko, eta horrek itzaliko du, agian, askoren epikarako gogoa.
Manghen jaitsi eta Passo di Pampeago igotzen hastea, biak bat izango dira. Tesero herrian ezkerrera hartu, eta hortxe daude lehen paretak. Alpe di Pampeagoraino iritsi izan da Giroa, baina lehen igoera horretan 300 metro gorago igo beharko dute gaur. 11,7 kilometroko ahalegina da, eta batez bestekoa %9,5koa. Azken 4,2 kilometroek daukate muturreko zailtasuna, %11,5ekoa delako zati horretako batez bestekoa. Alpe di Pampeagoko eski estaziotik gora (1.757 metro) min handia egingo du Passo Reiterjochera (2.006 metro) arteko errepide zati estuak. %9koa da aldaparen batez bestekoa, eta, Manghenekin batera, tropelak aspaldi igo duen mendaterik beldurgarriena izango da.
Neke fisikoa eta psikologikoa
Azkar-azkarra da Rauth/Novale herrira iritsi arteko jaitsiera, eta motza Passo Lavazeko igoera, bigarren mailakoa (6,3 km eta %8,6). Hasiera dauka oso gogorra Lavazek, %11,5ekoa delako lehen 2,5 kilometroen batez besteko pendiza. Tesero herrira iritsita hasiko da Alpe di Pampeagoko azken igoera; aurretik igoko duten leku beretik igoko dira. 7,7 kilometrokoa da aldapa, eta batez bestekoa %9,8koa. Azken lau kilometroetan apenas dagoen bihurgunerik, eta buruko nekea esan nahi du horrek. 1998tik bosgarren aldiz amaituko da Giroko etapa bat Alpe di Pampeagoko eski estazioan. Etapa beldurgarria osotasunean, erraldoi txiki batek hankaz gora jartzeko modukoa.
Gaurko etapa ikaragarria da, eta biharkoa amaiera ikusgarria edukiko duena. 219 kilometro dauzka Giroko 20. etapak, eta lehen 151 kilometro gorabeheratsuen ondoren (Tonale, Aprica eta Teglio igo beharko dituzte), sailkapen nagusia hankaz gora jartzeko aukera emango dute Mortirolok eta Stelviok. Tovo di Sant'Agata herrian hasi eta Stelvio gainera iritsi artean, harrigarria da Giroko azken-aurreko etaparen profila. 11,4 kilometro dauzka Mortirolok Tovotik gora, eta %10,5ekoa da batez besteko aldapa. Berria da Mortiroloko igoera hori, eta apenas daukan atsedenerako gunerik. Gainera iritsi baino bi kilometro lehenago samurtuko zaie txirrindulariei aldapa, baina %22ko igoera zati bat dago azken bi kilometro horietan.
Jaitsiera azkarraren ondoren, balizko ihesaldiren bat bertan behera uzteko tarte bat badago Grosiotik Bagni di Bormiora iritsi artean. Gorako joera daukate 25 kilometro horiek, baina zati aproposa da talderen batek min egiteko eta besteek egin dutena konpontzeko. Hori bai, Liquigas alde batera utzita, Stelvioko lehen aldapan amaituko dira talde lanak. Giroko mendaterik altuenak (2.757 metro) ez dauka batez besteko harrigarririk, baina amaiezina da igoera. Ia 11 kilometro egingo dituzte 2.000 metroko langatik gora, eta oxigenoa ere urritu egiten da horrelakoetan. Zaleek aukeratutako amaiera da Stelviokoa, Giroko antolatzaileek bozketarako aukera eman zutelako bere garaian. Eta Giroko azken-aurreko etapan Mortirolo eta Stelvio elkarren segidan jarrita, ikuskizunaren alde egin zuten zaleek. 1975ean amaitu zen azkenekoz Giroko etapa bat Stelvio gainean.
Gaur eta bihar mendate erraldoi asko ageri dira elkarren ondoan, eta erraldoi txiki batzuk badaude tropelean faborito nagusiei min egiteko asmoz. Txirrindulariek jartzen edo kentzen diete gogortasuna etapei, baina zoragarria da hurrengo bi etapen menua. Epika puntu batekin amaituko da Giroa... Milango azken erlojupekoaren baimenarekin.
Txirrindularitza. Italiako Giroa
Erraldoiak, epika giroan
Dolomitetako bi etapa gogorrek emango dute Giroko podiumaren epaia, gaur eta bihar. Mendate gainean amaituko dira biak, eta lehen mailako bost mendate igoko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu