Hirugarren garaipena eskuratu du gaur jarraian Athleticek Sportingi 0-2 irabazita. Baina irabazi izanaren poza ozpindu egin dute arbitroak ateratako txartelek. Izan ere, Laportek zelaia utzi behar izan du bi txartel hori jaso ostean, eta Balentziagak, berriz, denboraldiko bosgarren txartela jaso du; biek ala biek aulkian geratu beharko dute Betisen aurkako partidan.
Laportek 74. minutuan utzi du zelaia, Sportingeko jokalari Halilovici bigarren falta egin ondoren. Balentziagaren txartela, berriz, luzapenean heldu da. Laporteren kasuan zuri-gorriek helegitea jarri ahal izango dute.
Bestela, partida erraza izan da zuri-gorrientzat. Sportingek etxean jokatzen zuen arren, ez dute baloiarengatik batere borrokatu eta eroso ibili dira Valverderenak. Beñatek sartu du lehen gola 27. minutuan eta De Marcosek bigarrena, 58.ean.