Baionak arratsalde honetan ekingo die Top 14ko itzuliko partidei, etxean Toulon errezibituz. Zazpi garaipen eta sei porrotekin, Heineken Kopako postuetara gerturatzeko helburuz ariko dira baionarrak, eta lehia horretako aurkari zuzen bat jasoko dute. Mediterraneokoek baionarrek baino partida bat gehiago irabazia dute, eta 36 punturekin lau puntuko aldea dute xuri-urdinekiko.
Sailkapenean aldea hurbil bada ere, mundu bat dago Baionaren eta Toulonen artean. Toulon aberats berria da, diruaren errugbiaren ikurra bere izar eta guzi: Wilkinson, Hayman, Van Niekerk, Smith... Dena irabaztea da da helburua, izan Top 14an izan Heineken Kopan. Europan, erraterako, multzo buruak dira Munster, Ospreys edo London Irish bezalako taldeen aitzinetik.
Hori dela eta, deigarria izan zen agorril hondarrean, Baionak Toulonen irabazi izana Top 14ko lehen jardunaldian (22-26). Kolpea eman zuten euskal herritarrek, eta oraindik denen buruan dago partida hura, bereziki Touloneko jokalarienetan: «Txapeldun handiak dira, eta gauzak bere lekuan ezarri nahiko dituzte hemen irabaziz», ohartarazi du David Roumieu baionarren aztalkariak. «Gure ahalaren %120 eman beharko dugu, oso motibatuta etorriko baitira eta biziki zaila izanen baita guretzat», erantsi du Lionel Mazars erdikoak.
Usaian Toulon txantxetan hartzeko taldea ez bada, zer erranik ez garai honetan. Txapeldunei bi aldiz jarraian galtzea ez zaie laket, eta Baionara garaipenaren bila etorriko dira: « Edozein lekutan irabazteko gai dira, Perpinyan irabaziz erakutsi zuten bezala», adierazi du Christian Gajanek. Baionarren kirol zuzendaria, taldearen kalitatearen beldur da errebantxa gogoaz baino gehiago: «Maila horretako jokalariek ez dute erreakzioz funtzionatzen. Partida guztiak irabazi nahi dituzte, badakitelako irabazteko maila dutela. Hona horretara jinen dira, ez errebantxa bat hartzera », jarraitu du.
Etxean ezin du galdu
Baionak bere buruan sinesteko arrazoiak baditu. Azaroan bost partida jarraian galdu eta gero, ederki altxa zuen burua Staderi Parisen irabazi (20-24) eta etxean Arroxela menderatuz (23-14). Ondoren, Italiako Prato hartu du mendean bi aldiz (65-7 eta 31-7). Bolada onean dabil Baiona, baina Europako ametsa amesgaizto ez bihurtzeko, etxean ezin du gehiago barkatu. «Ez dugu beste aukerarik. Hiru aldiz galdu dugu deia etxean, eta gaurtik aitzina porrota debekatuta daukagu», nabarmendu du Gajanek.
Oporraldi motza izan dute baionarrek eguberri kari. Gaur eta hurrengo astean Top 14ako partidak izanen dituzte, eta igandean hasi ziren partida prestatzen. «Pena da jokalariek, eta batez ere atzerritarrek, eguberri etxean pasatzeko hain denbora gutxi izatea» adierazi du Gajanek. Linde, Gerber eta Pietersen hegoafrikarrak, edo Haare taldeko kapitain zeelandarrak, esaterako, zelaian izanen dira, etxean egoteko partez. Baina lanerako prest egon beharko dute, parean opari gutxi egitera etorriko baita Toulon.
BAIONA-TOULON
Baiona. Iginiz, Roumieu, Baiocco; Linde, Boutaty; Bernad, Martin, Haare (kap.); Gartzia, Boyet; Peyras, Mazars, Lacroix, Gerber; Pietersen.
Toulon. Taumoepau, Bruno, Kubriashvili; Suta, Schofield; Fernandez-Llobe, Van Niekerk (kap.), Smith; Mignoni, Wilkinson; Wulf, Lovobalavu, Messina, Sackey; Lamont.
Epailea.Mathieu Raynal.
Lekua.Jean Dauger (17.000 ikusle).
Orena. 19:00 (Rugby Plus).
Erreakzioaren beldur
Baionak Toulonen aurka hasiko du ligako bigarren itzulia, gaur, lehen jardunaldiko ezustekoa errepikatzeko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu