OSASUNA 2. MALLORCA 2

Erreakzioari txartel gorria

Raul Garciaren bi burukadari esker irauli du Osasunak Mallorcaren gola, baina jokalari bat gehiagorekin galdu du gero partidaEtxekoen gabeziak azaleratuta, Mallorcak legezko bi penaltiri esker sartu ditu bi golak

Kike Sola Osasunako aurrelaria, atzo, lurrean eserita, etsipen aurpegiarekin; ez zuen gol aukera argirik eduki. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Golak: 0-1: Hemedek, penaltiz (34. min.); 1-1: Raul Garciak(45. min.); 2-1: Raul Garciak (59. min.); 2-2: Hemedek, penaltiz (79. min.). Epailea: Velasco Carballo. Txartel gorria Mallorcako Nsueri (72. min.). Txartel horiak Osasunako Miguel Flañori, eta Mallorcako Ramis, Hemed eta Aouateri. Bestelakoak: 14.905 ikusle Nafarroako Erresuman.

Epaileen lanari begira jarraituko dute gehienek hurrengo bi asteetan; bi penaltietako bakar bat ere ez zela izan azpimarratuko dute agian. Baina Osasunak berak egin zuen huts handia atzo. Epaileak bi penalti adierazi zituen, Mallorcaren aldekoak biak, legezkoak biak. Are gehiago, Miguel Flañori txartel horia atera zion epaileak 33. minutuan, Hemedi penalti argia egin zionean, eta laranja edo gorria behar zuen txartel horrek. 0-1 galtzen hasi, emaitza irauli, Nsueren umekeriaren erruz Mallorca hamar jokalarirekin geratu, eta, hala ere, ezin. Lamahren beste penalti bat —bazen—, eta Hemedek barrura.

Partida kaskarra jokatu zuen atzo Osasunak Nafarroako Erresuman, minutu askoan kontrolik eta tentsiorik gabea. Hain pattal arituta ere, den-dena alde jarri zitzaien gorritxoei, partida amaitzeko hamabost minutu eskas falta zirenean 2-1ekoa lortu zuelako Raul Garciak, korner baten ondoren, bigarrenez, baloia buruz sareetara bidalita. Baina esanguratsua da Mallorca talde apalaren aurka etxean bi penalti egitea, hamar jokalariren aurka nola jokatu ez asmatzea, 40. minutuan entrenatzaileak aldaketa bat egin behar izatea... Huts gehiegi egin zituen atzo Osasunak, eta, bere txarrean, puntu bat gutxienik eskuratu zuen. Puntu ezkorra da, irakurketa kritikoa egin beharrekoa. Baina nafarrek ez zuten gehiago merezi izan. Azken partidetako emaitza kaskarren ondorengo erreakzioari eta Jose Luis Mendilibarren lehen zatiko erreakzioari txartel gorria atera zioten Osasunako jokalariek. Datorren asteburuan ez dago liga jardunaldirik, eta gaitzerdi, entrenatzaileak gogotik lan egin beharko duelako atzoko hutsegiteak konpontzeko.

Erabat ahul ekin zion Osasunak partidari. Hegaletatik min egiteko intentzio argia zeukaten Lamahk eta Cejudok, baina Mallorcak ondo asmatu zuen bi jokalari horiei eusten. Raul Garcia ere lotu egin zuten Baleareetako bi euskarriek, eta noraezean ibili ziren etxekoak. Baloi luzeak bidali beharrean ziren Ruben eta Miguel Flaño, baina lan horretarako ez dira jokalaririk aproposenak. Baloia lapurtuz joan zen Mallorca, eta 34. minutuan lortu zuen fruitua, Hemedek lehen penaltia gauzatuta —aurretik bi aukera on eduki zituzten Pinak eta Nsuek—. Baloi luzeetan min egiten ari zen Hemed, eta 40. minutuan Nekunam zelairatu zuen Mendilibarrek, zelai erdia kontrolatzeko asmoz.

Bere txarrean, 1-1ekoarekin iritsi ziren atsedenaldira, Rubenen mugimendu on baten ondoren, Raul Garciak sareetara bidali zuelako baloia lehen zatiko azken jokaldian, korner batean. Zelai erdiko jokoa kontrolatuz, oldarkorrago zelairatu ziren gorritxoak bigarren zatian, eta Raul Garciak berak sartu zuen 2-1ekoa, beste korner batean, 59. minutuan. Joko askorik gabe ere, zailena eginda zegoen. Etxekoak orduantxe hasi ziren, gainera, ondoen jokatzen. 2-1ekoa nahikoa ez, eta Nsuek burua galdu zuen 72. minutuan; Lamahri ostikada inozoa eman, eta aldageletara.

Lamahren penalti inozoa

Kito. Poltsikoan zeuden hiru puntuak. Baina epaileak Nsueri bezala, entrenatzailearen lehen zatiko erreakzioari —Mendilibarrek asmatu egin zuen Raitala aulkian eseri eta Nekunam zelairatuta— txartel gorria atera zioten Osasunako jokalariek. Lamahk penalti inozo bezain argia egin zion Alfarori, behar ez zenean hanka luzatu zuelako. Eta Hemedek, bigarrenez, ez zuen barkatu. Puntu bat, huts handia, eta hausnarketarako hamabost egun luze.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.