Nortzuek erakartzen dute pilota zalea pilotalekura? Izarrek. Eta zein dira izarrak? Multzoburuak. Logika horri segika, gehiegizko luxua zen izarretako batzuk, amuak, ohartzerako txapelketatik kanpo geratzea. Dirua krisian dagoen garaiotan, zukua atera behar zaie altxor apurrei. Atzo aurkeztu zuten Lau t'erdiko Txapelketa, Zarautzen (Gipuzkoa), eta aldaketa bat da nabarmena: azken urteotan ez bezala, final-laurdenetan izango da aurten ligaxka. Lau multzoburuek, beraz, hiruna partida jokatuko dituzte gutxien-gutxienik. Pilotariek eurek hainbestean asmatuz gero, sei partida on, beraz. Dirua eta errentagarritasuna, funtsean.
Eta nortzuk diren multzoburu horiek? Aimar Olaizola, Yves Salaberri Xala, Juan Martinez de Irujo eta Abel Barriola —Xala ez zen izan aurkezpenean, sukarrak jota—. Pilotari bana iritsiko zaio bakoitzari bere adarretik, eta A eta B multzoek, batetik, eta C eta D multzoek, bestetik, bat egingo dute final-laurdenetako ligaxka horretan. Zozketak hala erabakita, Bengoetxea VI.a dago Olaizola II.aren adar berean, koska bat beherago; Titin III.a Xalaren adarrean; Retegi Bi Irujoren adarrean; eta Berasaluze VIII.a Barriolarenean. Finalerdiak zuzenak izango dira gero, partida bakarrekoak —A multzoko lehena, B multzoko bigarrenaren aurka; eta A multzoko bigarrena, B multzoko lehenaren aurka—; urriaren 28-29ko asteburuan jokatuko dira finalerdiak. Atzerapenik ez dela, abenduaren 2an izango da finala. Pilotalekua zehaztu gabe dago oraindik, baina, ondo bidean, Bilbon edo Gasteizen jokatuko da.
Iñigo Salbidea Asegarceko ordezkariak gogotsu defendatu zuen final-laurdenetan egindako aldaketa. «Final-laurdenetan sar daitezkeen pilotariak aztertuta, oso partida erakargarriak osatu daitezke. Pilotari askori gustatuko zaie ligaxka jokatu ahal izatea, aurreko urteetan hortik kanpora geratu izan direlako». Enpresek arazo handi samarra daukate esku artean, babeslerik ez dutelako lortu oraindik. Baina txapelketa hastearekin batera dena lotuta edukiko dutela hitz eman zuten.
Gonzalez-Urrutikoetxea, etzi
Etzi hasiko da ofizialki txapelketa, Gasteizen, Sebastian Gonzalez eta Mikel Urrutikoetxearen arteko partidarekin. Baina bihar bertan D multzoko kanporaketa aurreko bat jokatuko da Santo Domingo de la Calzadan (Espainia). David Merino, Mikel Idoate eta Aritz Lasaren artean pilotari bat zehaztea falta zaio Asperi. Bihar jokatuko dute elkarren aurka lehen biek, eta irabazlea Aritz Lasaren aurka ariko da igandean, Eibarren. Partida horretako irabazlea izango da Asier Olaizolaren aurkaria, hilaren 12an, Lekunberrin —iaz txapelketatik kanpo geratu zen goizuetarra, eta beste aukera bat eman diote aurten—. Hurrengo egunean Ekaitz Saralegi eta Jon Ander Albisu ariko dira elkarren aurka —lehen aldiz ariko da ataundarra Lau t'erdiko Txapelketan—, eta igandean jokatuko dute lehen kanporaketa hori Iker Arretxek eta Aitor Mendizabalek. Antzuolarrak ere debuteko partida izango du Lau t'erdiko Txapelketan.
Asegarceri dagokionez, bi pilotari geratu dira kalean iazkoarekin alderatuta: Patxi Ruiz eta Mikel Olaetxea. Albisuk eta Olaizola I.ak hartu dute euren lekua. Asperi dagokionez, berriz, Idoate eta Aritz Lasa txapelketan sartu zituzten iaz, baina kanporaketa aurrekoa jokatu beharko dute aurten —Idoateren kasuan, bi—; Merino II.ak irabaziko balu hiruko kanporaketa hori, berritasuna litzateke Asperen adarrean.
Lau t'erdiko Txapelketa
Errentagarritasunaren izenean
Lau t'erdiko Txapelketak final-laurdenetan izango du aurten ligaxka, Olaizola II.a, Xala, Irujo eta Barriolari zukua ateratzekoFinal-laurdenetan hiruna partida jokatuko dituzte, eta finalerdietan eta finalean, bakarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu