Euskaldunon Egunkaria-k antolatu zuen lehen aldiz Euskal Herriko Lasterketa Herrikoien Txapelketa. Hirutan egin zuen: 2000tik2002ra. Proba horrek Euskal Herriko bost hiriburu biltzen zituen: Donostia, Baiona, Iruñea, Gasteiz eta Iruñea. Ekimen arrakastatsua izan zen, eta lasterketa guztietan korrikalari mordoa aritu zen. Lau urte geroago, beste ekimen batek proba aitzindari horren lekukoa hartu du: Euskal Herriko Herri Lasterketen Zirkuitua. Hilaren 22an jarriko da martxan Betelun (Nafarroa), eta heldu den azaroaren 4an amaituko da, Orion (Gipuzkoa).
Sei proba jokatuko dira Herri Lasterketen Euskal Herriko Zirkuituan: lehena, Betelun jokatuko da, hilaren 22an; bigarrena, Hendaian (Lapurdi), martxoaren 12an; hirugarrena, Etxaurin (Nafarroa), apirilaren 2an; laugarrena, Gasteizen (Araba), apirilaren 9an; bosgarrena, Basaurin (Bizkaia), maiatzaren 13an; eta azkena, Orion (Gipuzkoa), azaroaren 4an.
Kirol ekimen horrek helburu zehatza du. «Euskal Herrian antolatzen diren herri lasterketetan partaidetza sustatu nahi dugu, eta Euskal Herriko herrialdeen artean lankidetza bultzatu», dio Juanjo Martinez Euskal Herriko Herri Lasterketen Zirkuituaren sortzaileetako batek. Martinez buru-belarri aritu da azken asteetan proba prestatzen. Ez da bakarrik aritu, euskal atletismoan eskarmentua duten laguntzaile talde bat izan du ondoan. «Zaila izan da ekimen hau aurrera eramatea. Dena ezerezean geratzekotan egon da behin baino gehiagotan. Zorionez, azkenean, oztopo guztiak gainditu ditugu, eta aurki ametsa egi bilakatuko dugu».
Azken xehetasunak lotzea falta zaie; zailena, agian. 9.000 euro ingurubehar dituzte zirkuituak sortuko dituen gastuei aurre egiteko. Horretarako, babesle bila ari dira. Laguntza ez dute falta, hamaika elkarte eta erakunde baitituzte babesa ematen: herrikrossa.com webgunea, Basauriko eta Orioko udalak, Araxes eta Partzuergoko Kirol Batzordea, eta Bidasoa Atletiko, Denak Bat, La Blanca Avia Sport eta Basauri atletismo taldeak, besteak beste. Antolatzaileak, hala ere, ez dira horrekin konformatzen. «Edozein laguntza eskertuko genuke. Etorkizunean proba garrantzitsua izatea nahi dugu, euskal korrikalari guztien bilgune. Itxaropentsu gaude. Zer izan daiteke ederrago euskaldunok denak batera gure herrian kirola egitea baino?».
Lehia polita
Zirkuituak araudi sinplea du. Lau maila daude: maila nagusia, beteranoak (A), beteranoak (B) eta beteranoak (C). Irabazlea erabakitzeko sistemahau erabiliko da: lasterketa bakoitzena lortutako postua batuko da, eta kopuru txikiena duena izango da txapelduna. Bost lasterketen emaitzak hartuko dira kontuan. Beraz, atleta bakoitzak aukera izango du emaitza eskasena alde batean uzteko. Sariei dagokienez, maila nagusiko lehen bost sailkatuek garaikurra eta 100 euroko saria jasoko dute. Beteranoen mailan, berriz, garaikurra eta 90 euroko saria emango diete lehen bost sailkatuei.
Zirkuitu osoa egin nahi duenak 35 euro ordaindu beharko ditu. Hilaren 19an eta martxoaren 9an dira izena emateko azken epeak. Hori egiten dutenei elastiko bat oparituko zaie lasterketa egunean, dortsala jaso ondoren. Lasterketa egunean egun horretako probarako izen-emateak bakarrik onartuko dira. Edozein informazio behar izanez gero, www.herrikrossa.com webgunera jo, edo 626108175 telefonora deitu (Juanjo). Betebehar bakarra dago zirkuituan parte hartzeko: 16 urte baino gehiago izatea.
Errepidea, bilgune
Euskal Herriko Herri Lasterketen Lehen Zirkuitua jarriko dute martxan hilaren 22an, Betelun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu