Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

«Errespeta dezatela nazio bat garela»

ESAITek deituta, elkarretaratzea egin dute Iruñean, Espainiako Vueltaren hasieraren harira

Herritarrek ESAITen eskutik atzo Iruñeko Baluarte plazan egindako elkarretaratzea. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Vueltak hartu ditu asteon Iruñeko txokoak. Atzo, lasterketa martxan jarri zen egunean, txirrindulariekin batera toki batetik bertzera mugitzen diren babesleen ibilgailuek bete zituzten erdiguneko karrikak. Haien artean, ibilgailuon kolore bizien artean, Iruñeko paisaia ikurrinarekin apaintzen ahalegindu ziren ESAITek antolatu elkarretaratzean parte hartu zuten herritarrak. Nazioa gara, Euskal Herria bizirik lelopean, Espainia arrotz zaiela aldarrikatu zuten ehun pertsona inguruk. «Ez dugu Vueltaren aurka egin nahi; nazioa garela aldarrikatu, eta gure eskubideak errespeta ditzatela eskatu besterik ez», laburbildu zuen ESAITeko Martxel Toledok atzoko mezua.

Parte hartzaileek Espainiako Gobernuaren NafarroakoOrdezkaritzak ezarritako oztopoei aurre egin behar izan zieten, batetik; bertzetik, beroari. Ia 40 graduko tenperatura izan zen atzo Iruñean. ESAITen hasierako asmoa izan zen kalejira egitea Santo Domingo aldapatik Nafarroako Gobernuaren egoitzaraino, Karlos III.a etorbidean. Baina horretarako baimena ukatu egin zien Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak. Kalejiraren ordez, elkarretaratzea egin behar izan zuten ESAITeko kideek, Baluarte plazan, eguzkipean.

Hala eta guztiz ere, dozenaka herritarrek bat egin zuten deialdiarekin, eta ekitaldiaren leloa jasotzen zuen pankartaren atzean, ikurrinak eta Nafarroako banderak erakutsi zituzten. Hainbat dantzarik ere parte hartu zuten, banderari agur eginez. ESAITeko kideekin eta herritarrekin batera, halaber, Bilduko hainbat parlamentari egon zen atzo Baluarte plazako elkarretaratzean, tartean, Bakartxo Ruiz, Koldo Amezketa eta Bikendi Barea.

Helburu politikoa

Nafarroako Gobernuak milioi bat eta erdi euro ordaindu du Espainiako Vuelta Nafarroan bertan has dadin, Toledok atzo azpimarratu zuenez. Ahalegin horren atzean, ESAITeko kideak argi du zein den UPNko arduradunen asmoa: «Nafarroa Espainiaren zati dela aldarrikatu nahi dute. Ez da kasualitatea Euskal Herrian eginen diren etapak hartuko dituzten herrietan sozialistak eta UPN egotea agintean», nabarmendu zuen.

Kirola helburu politiko horrekin erabiltzen ari direla salatu zuen Toledok. «Espainiako Vuelta laguntzen dute, baina, besteak beste, Lizarran egiten den Miguel Indurain klasikoa bazter uzten dute».

Toledok berretsi zuen Iruñeko elkarretaratzearen asmoa ez zela izan Vueltaren edo txirrindularien kontra egitea. «Nazioa garela argi utzi nahi dugu». Vueltako antolatzaileen jarrera kritikatu zuen ESAITeko kideak, hala ere, Euskal Herriko kirol elkarte eta taldeekin bat egin ez izanagatik. «Bazuten aukera antolatzeko etapak hemengo taldeekin elkarlanean eta hemengo nortasuna errespetatuz, baina ez dute egin», erran zuen.

Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzeko, bertze protesta ekitaldi bat antolatu du ESAITek, biharko. Eibarren eginen dute, harat ailegatuko baita Espainiako Vueltaren biharko etapa. 12:30ean, Eibarko Untzaga plazatik bizikleta martxa aterako da Arrateko santutegiraino. Parte hartzeko deia egin die Toledok herritarrei. Ikurrinekin bete nahi dute Espainiako Vueltak Euskal Herrian eginen duen bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.