Iraupena. 38.07 minutu.
Pilotakadak. 153.
Saketik. Olaizola I.ak bi; Berasaluze VIII.ak bederatzi.
Faltak saketik. Olaizola I.ak bakar bat ere ez; Berasaluze VIII.ak bat.
Markagailua. 0-2, 3-2, 3-8, 6-8, 6-10, 7-10, 7-13, 9-13, 9-14, 11-14 eta 11-22.
Bestelakoak. Sarrera polita Bilboko Miribilla pilotalekuan. Dirua Berasaluze VIII.aren alde.
Entrenatu daiteke gogor arlo fisikoan, errematean eta taktikan. Pilotak ere aukeratu daitezke aurretik ondo pentsatuta. Aurkariaren jokoa ere aztertu daiteke zehatz-mehatz. Baina, ondoren, lehen kolpearekin bederatzi tanto galduz gero... Asier Olaizolak zulo handia dauka sake-errestoan, eta atzo ere eraman beharreko sake asko bidali zituen txapapera. Ezin du asmatu lehen kolpe horri erantzuna ematen, eta, neurri handi batean, zulo horren eraginez geratu zen atzo Lau t'erdiko Txapelketatik kanpo. Eroso samar irabazi zuen partida Berasaluze VIII.ak, 11-22, eta Abel Barriolaren aurka jokatuko du final-laurdenetako ligaxkako lehen partida, urriaren 29an, Gernikan.
Argigarria izan zen partidako lehen tantoa. Berasaluze VIII.ak sakea atera, eta Olaizola I.ak eraman ezin. Luze jokatuta, hasierako 0-2koa 3-2ra eraman zuen goizuetarrak, baina saketik lau tanto jarraian eginda, 3-8 aurreratu zen Berrizko aurrelaria. Zortzigarren tantorako saketik bost jasota, zaila da aurkaria estutzea. Ahal izan zuen guztietan txokoan luze jokatuta, eta bi pareten bidez, saiatu zen min egiten Olaizola anaietan zaharrena. Gerturatu zen 6-8, 7-10 —Berasaluze VIII.ak orduantxe egin zuen falta bakarra saketik— eta 11-14.
Baina ezer askorik egin gabe lortzen zuen Berasaluzek tantoa. Aire jokoan erotu egin zuen Berrizkoak Goizuetakoa. Atzoko galtzailea baldar ibili zen 11-15ekoan, ezer askorik ez zeukan pilota altxatu ezinik. Eta hortik aurrerakoak ohartzerako egin zituen bizkaitarrak. 11-18koan, 11-20an eta 11-21ekoan saketik beste hiru tanto eginda, sufritu gabe irabazi zuen partida Berasaluzek.
Titin III.a-Arretxe II.a, gaur
Atzo Berasaluze VIII.ak egin zuen modu berean, herenegun ere zailtasun handirik gabe lortu zuen Bengoetxea VI.ak final-laurdenetako ligaxkarako txartela, Balmasedan (Bizkaia), Urrutikoetxeari 22-7 irabazita. Leitzarrak partida zaila zeukan, itxura batean, baina, hasi eta bukatu, nagusi izan zen jokoan. 0-1ekoan bakarrik jarri zen aurretik bizkaitarra; hortik aurrera denean asmatu zuen Bengoetxea VI.ak. 45 minutu eskaseko partidan, jokoan hamabost tanto eginda, joko bolada gozoan dagoela berretsi zuen leitzarrak. Final-laurdenetako ligaxkan sartuta, nafarrak badaki jada nor izango duen lehen aurkaria: Aimar Olaizola, larunbatean, Iruñeko Labriten. Bengoetxea VI.ak Lau t'erdiko Txapelketan inoiz ez du lortu finalerdietara iristerik.
Gaur Titin III.a eta Arretxe II.aren txanda izango da, Logroñoko Adarragan. Etxeko pilotaria da final-laurdenetako ligaxkan sartzeko faborito argia, baina galtzeko ezer ez dauka Arretxe II.ak. Joan den igandean Mendizabal III.ari 22-13 irabazita iritsi da nafarra Titin III.aren aurkako partidara, eta Eibarko Astelenan jokatutako partida hartan erakutsi zuen eskuetatik fresko eta buruz argi dabilela. 43 urte beteta, Titin III.arentzat Lau t'erdiko Txapelketako 60. partida izango da gaurkoa. Lau t'erdiaren barruan inoiz ez dute jokatu elkarren aurka.
Olaizola I.a 11. Berasaluze VIII.a 22
Errestoan dauka zuloa
Saketik bederatzi tanto eginda, Berasaluze VIII.ak eroso lortu du final-laurdenetako ligaxkan sartzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu