Baskoniak oin eta erdi dauka Euroligako Lauko Finaletik kanpo. Herenegungo partida kaskarrak ikaragarri puztu du Maccabiren sendotasuna, eta neurri berean hondoratu Baskoniaren estimua. Joan zen ostegun iluntzean hasi zen euskaldunen maldan beherako lasterketa, Maccabiko Jeremy Pargo joko antolatzaileak saskiratze erabakigarria sartu zuenean. Israelgo taldeak hartu zuen aginte makila orduan, eta, itxura guztien arabera, jabetza horri eusteko asmo tinkoarekin. Zenbakiak jarrita, kanporaketa Maccabiren aldekoa da %90ean, eta Baskoniaren hautagaitza apal-apala da: %10.
Baina gauzatzeko modukoa, hau kirola delako. Erlijio kutsu handiko lurraldea da Israel, eta fededun izan edo ez, mezu argi bat: errezatzen hasi, Maccabik oso garesti salduko duelako bere porrota. Saltzen badu. Gaur-gaurkoz, halakorik gertatzea mirari bat gertatzearen parekoa da, eta, errezatzeaz gain, erregutzea ere gauza txarra ez. Baskoniaren jokoak konfiantza gutxi ematen duelako. Fededunetan fededunena denarentzat ere bai.
Buruak lan handia egiten du une kritikoetan, eta Baskoniako jokalarien buruko mina nekez desagertuko da egun bitan. Jaiki eta euren ahalmenean sinesteko bide bakar bat dute: jarrera eta jokoa erabat aldatzeko gai direla pentsatzea. Gai direla pentsatu behar dute, Maccabi ez delako garaiezina. Behin irabazi diote, eta bigarrena ere irabaz dezakete, baina herenegungo jarrera goitik behera aldatuta. Zer da jarrera aldatzea? Borrokatzea, zabarkeria alboratzea, desioa agertzea, talde gisa jokatzea berekoikeriak alde batera utzita, ordezkatzen duten erakundearen balioekiko konpromisoa erakustea… Laburbilduz, dena aldatzea.
Maccabik buruarekin irabazi zuelako hirugarrena. Desio handiagoa erakutsi zuen, grina, nahia, eta jan egin zuen Baskonia. Defentsan hortzak estutuz, erasoan aukera onak bilatuz, eta arabarrak bere onetik aterata. Kantxaren bestaldean, guztiz kontrakoa. Gaitzak asko dira, baina irtenbideak ere gaitzen parekoak. Nahi bada. Desio bera eduki beharko lukete Baskoniako jokalariek, Lauko Finala baitago jokoan. Arazo handiena Pargoren jardun bikaina izan da. Berak hautsi du Baskonia bere trantsizio azkarrekin eta orain arte gutxitan erakutsitako jaurtiketa dotorearekin. Marcelinho Huertas dauka parean, eta brasildarra hankapean ibili du. Berez defentsarako grina handirik ez duen jokalaria da brasildarra, eta Pargok badaki hori. Zer egin, orduan? Doron Perkinsen lesioa lagun, Brad Olesonek eta Pau Ribasek hartu beharko lukete Pargo zaintzeko erantzukizuna.
Modu horretan freskoago aritzeko aukera izanen luke Huertasek erasoan. Galduta baitabil, baloiari boteak eman eta eman, eta sistemak gauzatu ezinik. Perkinsen erruz. Huertasekin hasten da Baskoniaren itolarria, baina ez pentsa bera dela errudun bakarra. Oleson pattal dabil. Saskiratzen zituen jaurtiketak saskiratu ezinik, eta, ondorioz, ezinean defentsan. Jokalari batek erasoan asmatzen ez badu, defentsan intentsitate berarekin aritzen ez delako da. Ribas ere antzera dabil; bere ekarpena oso lagungarria izan liteke, baina apenas du aukerarik laguntzeko. David Loganek erantzukizun handia du; defentsan alferra da, baina talentu handia dauka erasoan. Herenegun gaizki aritu zen, eta asko nabaritu zuen taldeak haren itzalaldia.
Barac, Batista eta Teletovic
Kanporaketako zama astunena, ordea, Stanko Barac izaten ari da. Ondo aritu zen lehen partidan; galduta hurrengo bietan. Faltak egiten ikasi behar du, hain argiak izan ez daitezen, eta egin edo ez egin aukeran, ez egin. Funtsezkoa delako taldearentzat. Maccabik badaki hori, eta bere bila joango dira. Baracek minutu batzuk egon beharko luke bakarrik Dusko Ivanovicekin, Baskoniaren arrakastak eta bere zenbaki onak parekideak direla ulertarazteko. Gainera, argi geratu da Sofoklis Schortsanitisi zaintza bikoitzak egitea alferrikakoa dela gaur, Maccabik konfiantza irabazi duelako urruneko jaurtiketan. 11 hiruko saskiratu zituen herenegun, %44ko portzentajea ezarriz.
Bi hitz Esteban Batista eta Mirza Teletovicen inguruan. Uruguaitarrak baloi asko ematen jarraitzen du bizkarreko jokoan, Schortsanitisen hatsa sumatzen duelako uneoro. Determinazio handiagoarekin zigortu behar du greziarra, azkarragoa delako. Teletovic izan zen Baskoniako jokalari onenetakoa herenegun, baina bere erruz hautsi zuen partida Maccabik hirugarren laurdenean. Bere parekoak, David Bluk hiru hiruko saskiratu baitzituen, kapitaina blokeoan trabatuta geratu zelako edo begira zegoelako. Blu espezialista handia da hirukoetan, eta gaur lekua bilatzen badu, txikitu egingo du Baskonia berriro. Analisi honetan esandakoak betetzen badira, eta taldeko arima eta bihotza bueltatzen bada, aukera izango du Baskoniak, alegia: Fernando San Emeterio. Bera da gasteiztarren termometroa, eta hotz geratzen bada, taldea kutsatzen du.
MACCABI-BASKONIA
Lehiaketa. Euroligako final-laurdenetako laugarren partida.
Maccabi. Pargo, Hendrix, Sharp, Blu, Eliyahu, Pini, Burstein, Labanowski, Eidson, Macvan, Perkins eta Schortsanitis.
Caja Laboral Baskonia. Ribas, Garcia, Huertas, Logan, Teletovic, Batista, San Emeterio, Oleson, Buesa eta Barac.
Lekua. Nokia Arena pabiloia (11.700 ikusle).
Ordua. 20:45 (ETB1).
Gaurko beste partidak. Valentzia-Real Madril (20:45), Panathinaikos-Bartzelona (20:45) eta Montepaschi Siena-Olympiakos (21:00).
Errezatzen hasi
Baskonia Euroligako Lauko Finaletik kanpo egongo da gaur, laugarren partidan jarrera eta jokoa goitik behera aldatzen ez badituDefentsa on batek eta Oleson, Ribas eta Baracen parte hartzeak lagun dezakete arrakasta lortzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu