«Txirrindularitzan jarraituko dut. Bete-betean. Modu garbian, orain arte bezala. Animoz orain ez nago nire onenean, baina honek are indartsuago bihurtuko nau». Oso serio, etsita, desilusio pixka batekin baina irmo hitz egin zuen atzo Alberto Contadorrek bere jaioterrian, Pinton (Espainia). «Epaia esku artean hartuta, errugabe naizela sentitzen dut, ez naizela dopatu sentitzen dut. Eta epaia irakurtzen duen edonork sentimendu hori edukiko du».
Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) bi urterako zigorra jarri dio espainiarrari, 2010eko Frantziako Tourrean klenbuterolarekin positibo emateagatik. «Urte eta erdi honetan, goiz bakar bat ere ez da igaro neure buruari hau dena nola gertatzen ari den galdetu gabe. Inori ez diot halakorik opa. Gurutze bidea izan da, eta horrelako prozesuek aurrerantzean hainbeste ez irautea eskatzen dut». Txirrindulariak 30 egun dauzka Suitzako epaitegi arruntean helegitea jartzeko, baina atzo ez zuen argitu hala egingo ote duten edo ez. «Abokatuen esku dago hori, baina argi daukat azkenera arte borrokan jarraituko dudala».
Bjarne Riis Saxo Bankeko zuzendaria ondoan zuela agertu zen Contador atzo prentsaren aurrera —100 komunikabide baino gehiago zeuden agerraldian, eta 40 telebista katetik gora—. «Talde gisa babestu egiten dugu Alberto [Contador], eta taldean jarraitzea da nire asmoa. Eseri eta etorkizunari buruz hitz egin behar dugu orain». UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren lizentziarik gabe, zigorra amaitu bitartean Saxo Banketik kanpo geratuko da espainiarra. «Baina urte askoan horrelako profesional bat ikusi gabe nengoen ni, Merckxen edo Indurainen garaitik, agian, eta gerora ere nire ondoan jarraitzea gustatuko litzaidake». Erabateko babesa eskaini zion Riisek Contadorri.
Txirrindulariak berak ere hitz onak besterik ez zituen izan Saxo Bank taldearentzat. «Ordu gutxi igaro dira epaia eman dutenetik. Hizketan aritu gara, eta harremanetan egongo gara aurrerantzean ere. Zalantzarik gabe, itzultzen naizenean Saxo Bank izango da nire lehentasuna». Riisi bezala, «familiari, lagunei eta gertukoei» ere eskerrak eman zizkien txirrindulariak. «Une askotan sentitu dut bizikletatik jaitsi eta etxera joateko gogoa, dena uzteko gogoa, baina eurek eman didate aurrera jarraitzeko indarra».
TASen epaiaren arabera, 2012ko abuztuaren 5ean amaituko da bi urteko zigorra, eta isun ekonomikoaz gain, besteak beste, 2010eko Tourra eta 2011ko Giroa kenduko dizkiote. «Baina nire helburua ez da palmaresa garaipenez betetzea. Momentuko pozak eta ondo egindako lanak gogobetetzen nau ni. Garaipenak ez dira nireak, nirekin gozatu eta buruan gorde dituztenenak baizik. Bakoitzak erabaki dezala garaipen horiek norenak diren».
Ondo bidean, Vueltan bai
Abuztuaren 5ean zigorra amaituta, Donostiako Klasikoa edukiko luke abuztuaren 14an, eta Espainiako Vuelta abuztuaren 18an. Txirrindulariak, ordea, ez zuen ezer ziurtatu. «Dena ondo aztertu eta nire etorkizuna antolatu beharra daukat. Baina itzultzen naizenean lasterketarik onenetan egotea gustatuko litzaidake». Urte eta erdi luze honetan «estres handia» jasan behar izan duela argitu zuen Contadorrek. «Eta ez dakit gorputzak nola erantzungo duen». Kazetarien galderei erantzunez, esan zuen berekin gertatu den guztia «inondik inora ere ez» dela izan frantziarren konplot bat; erabat baztertu zuen.
«Errugabea naizela sentitzen dut»
TASen epaiarekin ez datorrela bat adierazi du Alberto Contadorrek, baina txirrindularitza ez duela utziko argitu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu