ERRUGBIA. HEINEKEN KOPA. Herrenka hasi behar

Multzoko kontrario zailenaren aurka hasiko du gaur Miarritzek Europako Kopako lehen fasea. Gloucesterren jokatuko dute lapurtarrek, eta partida horretarako taldeko lau jokalari garrantzitsuenak galdu dituzte aste honetako lan saioetan.

ENERITZ ZABALETA BAIONA
2008ko urriaren 11
00:00
Entzun
Hasi da Europako kopa. Top 14arekin batera, miarriztarren xede nagusi denak gaurtik aitzina hasiko du bere ibilbidea. Nola hasi, gainera. Miarritzerekin batera Cardiff, Gloucester eta Calvisano elkartzen dituen multzoko kontrario indartsuenaren aurka ekingo dio lehiari talde zuri-gorriak. Horrela, Ingalaterrako Gloucesterrera joan ziren miarriztarrak atzo eguerdian; gaur cherry and white hamabostekoaren aurka jokatzeko.

Menu gogorra da Miarritzerena. Ingelesak ez dira makalak, eta galtzak bete lan izanen dute lapurtarrek lehen norgehiagoka horretan. Gainera, ezin erran unerik onenean harrapatuko duenik Lapurdiko taldea Europako demak. Gloucesterren kontrako partida prestatzen aste beltza igaro dute miarriztarrek ; New Yorkeko eta Europako burtsek ezagutu dutena bezain beltza.

Hamabosteko lapurtarraren jokalari garrantzitsuenek min hartu zuten asteazken eta osteguneko saioetan. Brusque gibelekoak, Hariñordoki hirugarren lerro garaztarrak, Couzinet bigarren lerroak eta Valentin Courrent taldeko jokoaren patroi eta ostikatzaileak ez dute jokatuko Gloucesterren. Jacques Delmas euskaldunen entrenatzailea burumakur zegoen ostegunean: «Hau da zorte txarrra... Sinesgaitza da», erranez hasi zen. «Irudipena dut txarretik okerrera goazela». Atsekabea agerikoa zen.

Izterreko zuntz-haustura batetik, belauneko zaintiratua bestetik, sorbaldako luxazioa edo bizkarreko mina... Agilerak ospitalea dirudi kirol zelaia baino gehiago. Jakinez, lehenagotik Yachvili, Bosch eta Hall min hartuta zeudela, aste honetako laulesioak oso memento txarrean heldu dira lapurtarrentzat.

Egoerak behartuta, Jacques Delmas eta Jack Isaac entrenatzaileak taldea berrantolatu behar izan dute. Aski komeria izan duteMiarritzeko bi entrenatzaileek hamabosteko orekatu baten plantan ezartzeko. Uztartze erdian, Yachvili eta Courrent min hartuta daudela kontuan hartuta, Cibray ariko da hasieratik. Baina zer gertatuko da azken horrek min hartzen badu? Ostegunean oraindik ez zuten hartu erabakirik, baina Benjamin Thieryk edo Julien Peyrelonguek postu horretan joka dezakete. Bestela, bigarren taldeko jokalari bat igo beharko dute, Charles Edouard, Yachviliren anaia gaztea, adibidez. Azken albisteen arabera, badirudi daukatenarekin konformatuko direla miarriztarrak, eta gibelean ordezkoen artean Tranier sartuko da. Tranierek ez du uztartze erdi jokatzen, eta Cibrayri zerbait gertatuz gero, jadanik hasierako hamabostekoan dauden Thieryk edo Peyrelonguek jokatu beharko dute haren ordez. Azkenik, hobe da ez irudikatzea zer gertatuko zatekeen bi horietakoren batek min hartuko balu.

Aitzinean ere eraginak sentituko ditu Miarritzek. Hirugarren lerroan jendea mentx da, eta joan zen astean berriz jokatzen hasi zen Vahafolau berriz izanen da hasieratik. Bigarren lerroan, berriz, Carizza eta Thion dira jokatzeko moduan dauden bakarrak. Hall eta Couzinet min hartuta daude, eta beharrean, Roidot gazteak jokatu beharko du.

Joko gogorra

Horiek horrela, zaila da erratea zer asmorekin joanen diren miarriztarrak Ingalaterra aldera. Astea ez da erraza izan, eta taldean aldaketa anitz egin dituzte. Jokalari guztiek argi dute borroka oso gogorra izanen dela, Gloucesterrek aitzineko lehia maite baitu beste ezeren gainetik. Gainera, etxean jokatzen dute ingelesek, eta ez dute oparirik eginen.

Alderantziz, hauxe izan daiteke Miarritzerentzat emaitza on bat lortzeko une egokia. Dena aurka dute lapurtarrek: multzoko aurkari zailenaren etxean hasi beharra, astean taldeko jokalari garrantzitsuenek min hartu izatea, azken aldian konfiantza gutxirekin jokatu izana... Erran ohi da zaurituta dagoen piztia inoiz baino arriskutsuagoa dela. Beharbada Miarritzek ezustea emanen du, eta bide batez sasoiari beharrezko abiada emateko mugarria atzemanen du Gloucesterren.

Horiek hala, ez da ahantzi behar Europako Kopako lehen jardunaldia baizik ez dela gaurko hori. Partidaren ondotik deus ez da erabakita egonen, eta Cardiffek ere ustekabea eman dezake. Galesek esperientziako hamabostekoa dute, eta final-laurdenetarako sailkapenerako borrokan sar daitezkeela erratea dena da, astakeria salbu. Hala ere, Ingalaterran galdu ala irabazi, itxura ona ematea ezinbestekoa du Miarritzek. Hurrengo astean Italiako Calvisano jasoko du etxean, eta Gloucesterren partida ona egiteak mesede galanta eginen dio Lapurdiko hamabostekoari denboraldiko hurrengo lehiei gogotsu ekiteko.

GLOUCESTER-MIARRITZE

Gloucester: Dickinson, Azam, Nieto; Bortolami, Brown; Buxton, Strokosch, Narraway; Cooper, Lamb; Simpson-Daniel, Barkley, Tindall (kapitaina), Balshaw; Morgan. Ordezkoak. Lawson, Forster, Eustace, Hazell, Lawson, Walker, Vainikolo.

Miarritze: Barcella, August, Moala; Thion (kapitaina), Carizza; Lund, Vahafolau, Cronje; Cibray, Peyrelongue; Gobelet, Traille, Cabannes, Ngwenya; Thiery. Ordezkoak. Coetzee, Bourrust, Roidot, Som, Tranier, Masi, Bidabe.

Epailea: Peter Allan (Eskozia).

Lekua: Gloucesterreko Kingsholm estadioa (16.000 ikusle).

Orena: 18:30.



Partida atariko iritziak

«Urtero ditugu zailtasunak Europako Kopan sartzeko»

Jacques Delmas
Miarritzeko entrenatzailea
«Urtero ditugu zailtasunak Europako Kopan sartzeko. Horregatik nahiago dut etxetik kanpo hasi, Gloucester bezalako taldebaten aurka. Europako kopa beste maila batean dago. Partida denak izanen dira zailak».

«Emaitza ona lortu eta Gloucester presionatzen saiatu behar dugu»

Jack Isaac
Miarritzeko gibelekoen entrenatzailea
«Gloucester oso aurkari zaila da, baina, nire ustez, onerako izaten ahal da hori. Hasieratik presioa pasatu behar diogu Glocesterri, Ingalaterran emaitza ona lortzeko. Sailkapenerako urrats handia izan daiteke hori».

«Aurreneko partida lubaki gerla baten antzekoa izanen da»

Jerome Thion
Miarritzeko kapitaina
«80 minutuko gudu bat izanen da partida. Gloucesterrek izugarriko garrantzia ematen dio borrokari, eta ondo dakigu. Faboritoak ez izateak presioa kentzen digu, eta han irabazita bueltan garela erakutsiko dugu».

«Gloucesterren aurka errukirik gabejokatu behar dugu»

Eduard Coetzee
Miarritzeko harroina
«Montpellieri irabazi eta gero, hobeto gaude psikologikoki.Han taldek gutxik irabaziko dutela eta aukera urriak baliatu behar ditugula jakinda goaz Gloucesterrera. Ez da errukirik izanen, partida gogorra espero dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.