Ez da lehen aldia Australiak eta Ingalaterrak munduko kopa bateko finala jokatzen dutela. Izan ere, II. Munduko Kopan (1991) ere elkarren aurka neurtu zituzten indarrak onenen artean onena zein zen erabakitzeko. Ordukoa, azaroaren 2an jokatu zuten, Londresko Twickenham estadioan (Ingalaterra). Joko oldarkorra egin zuten ingelesek, aurreko partidetan ez baitzuten horrelakorik egin, eta kritikak jaso zituzten.
Australiak, ordea, talde indartsua zuen, eta 6-12 gailendu zen. Daly harroin australiarrak egin zuen entsegu bakarra. Gainerako puntuak jaurtiketetan egin zituzten Lynagh australiarrak eta Webb ingelesak. Ordukoaren eta biharkoaren artean, ordea, hamabi urte igaro dira, eta soilik jokalari batek errepikatuko luke zelairatuz gero: Leonard harroinak. Frantziaren kontrako finalerdian selekzio batean gehien jokatu dutenen errekorra ondu zuen, 112 partida jokatuta. Bihar ordezkoen aulkitxoan izango da.Historiara igaro diren jokalariak aritu ziren bi taldeetan; besteak beste, Australiako Little, Horan, Campese, Lynagh, Farr-Jones kapitaina, Ofahengaue, Eales (1999ko kapitaina) eta Kearns. Ingalaterran, berriz, Underwood, Guscott, Carling, Winterbottom, Dooley, Ackford eta Moore.1995ekoan ere jokatu zuten bi talde horiek elkarren kontra, final-laurdenetako kanporaketan, eta ingelesak nagusitu ziren hiru puntuko aldeaz. Gero, Zeelanda Berriak kanporatu zuen Ingalaterra finalerdian, 45-29 irabazita.
Australiak hirugarren finala
Biharko finalarekin,hirugarrena izango du Australiak eta bigarrena Ingalaterrak. Beraz, Wallabies-ek eskarmentu handiagoa dutela esan daiteke. Bi taldeek berreskuratu dute joko ona Zeelanda Berria eta Frantzia kanporatuta. Aipagarria da zenbait jokalariren hobekuntza. Australian, esate baterako, Gregan, Larkham, Tuqiri, Rogers eta Sailorrena. Halaber, hirugarren lerroak erakustaldia eskaini zuen zeelandarren aurka; hots, Smith-Lyons-Waugh hirukoak. Nolanahi ere, Stirling Mortlocken joko sutsu eta haustailea nabarmendu behar da.
Ingalaterran ez zen hain ikusgarria izan Hill, Dallaglio eta Back hirugarren lerroen jokoa, baina bai aski erabakigarri eta erregularra. Wilkinson joko zabaltzaileak aurreko partidetan baino askoz hobeto jardun zuen, baina arlo guztietan. Gainera, primeran konpondu zen Cattekin.«Ez diogu Wilkinsoni arreta berezirik eskaini. Izan ere, bere inguruan diharduten jokalariak hartu behar dira kontuan, haiek baitira lana egiten dutenak zelaia hartzeko berak egin ditzan puntuak. Miresten dugu Wilkinson, baina besteei jarri behar diegu arreta. Edozein dela ere joko zabaltzailea, ez du deus egingo aitzinlariek gibelera egiten badute, eta aurkako joko zabaltzailea ez bada presionatzen», adierazi du Eddie Jones Australiako entrenatzaileak.
Berdinketa gertatuz gero 10 minutuko bi zati izango dira
Ez dago argi zeinek irabaziko duen, baina argi dagoena da, aparteko lehia eta borroka ikusi ahal izango dela Olinpiar Estadioan, errugbia sortu zuenaren izena daraman William Webb Ellis kopa bereganatzeko. Ingalaterrak irabaziz gero, Ipar Hemisferioko lehena izango litzateke. Cliv Woodward entrenatzaile ingelesak aldaketa bat egingo du eta Tindall jarri du hiru laurdenetako erdian, Catten ordez. Defentsan hobeto jarduten du, eta beharko da Mortlock geratzeko. Australian, berriz, Al Baxter ariko da Darwin kolpatuaren ordez.
Bestalde, Mundialaren azken fasean berdinketarik gertatu ez bada ere, litekeena da hala gertatzea, eta era honetan erabakiko da garailea. Lehenik, 10 minutuko bi zatiko luzapena jokatuko dute, eta berdinduta jarraituz gero, hamar minutuko beste zati bat; baina tarte horretan lehen puntua egiten duen lehenak, hark irabaziko du. Hori dena jokatuta, berdinketa hautsi ezean, bosna drop jaurtiko dituzte, une horretan zelaian dauden jokalariek; betiere, 22 metroko lerroaren gibeletik.
ERRUGBIA. V. Australia-Ingalaterra: auskalo...
V. Munduko Kopako finala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu