Ertzaintzako kide batzuk datorren astean Manchesterren (Ingalaterra) izango dira, Manchester United-Athletic Europako Ligako final-zortzirenetako joaneko partidan segurtasun arloan Erresuma Batuko Poliziari laguntza emateko asmoz, gaur Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
Athleticeko zazpi mila jarraitzaile inguru joango dira Manchesterrera, eta ertzainek haiekin batera bidaiatuko dute.
Jaurlaritzak dioenez, Ertzaintza duela egun batzuetatik bi futbol klubekin eta hango Poliziarekin harremanetan dago, segurtasun lanak koordinatzeko. Itzuliko partida ere kontuan hartu dute —hilaren 15ean izango da, Bilbon—.
Erresuma Batuko Poliziak esan du datorren osteguneko neurketaren aurretik komenigarria litzatekeela Athleticeko zaleak ez ibiltzea estadioaren inguruko tabernetan-eta, hor egoten direlako etxeko taldeko jarraitzaileak, "horietako gehienak seguruak diren arren". Hiriaren erdialdean ibiltzeko eskatu die. Halaber, gogorarazi du Manchesterren kalean ezin dela alkoholik edan.