Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) pozik azaldu da Espainiako Kopako finalaren harira ofizialtasunaren alde egindako ekimenekin. ESAITen arabera, «ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena indarturik irten da, eta agerian geratu da Euskal Herriko eta Kataluniako gizarteen gehiengoak bere egiten duela. Gaur, ezin dezake inork ukatu Euskal Herriak eta Kataluniak bere kirol selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzen dutela, nahiz eta aldarrikapen hori saihesten saiatu izan diren hainbat esparrutakoek».
Horren harira, ESAITek ontzat eman du hainbat erakundetan eta, bereziki, Espainiako Legebiltzarrean Galiziako eta Kataluniako selekzioen ofizialtasunaren aldeko plataformekin batera eta Amaiur, CIU, BNG eta ICV alderdien babesarekin egindako agerraldia. ESAITek, halaber, Bartzelonako jokalariek ikurrina eta senyera hartu izana eskertu zuen.
«Bi nazio garela ikusi dute»
ESAITek argi du: «Gure selekzioak ofizialak izatea saihesten duen estatuaren ordezkaritza ofizialek zuzenean ikusi ahal izan zuten aurrean bi nazio dituztela. Bi nazio, estatua eta bere nazio nortasunarekiko harremanak, errespetu eta onarpenean eta elkarrekiko errespetuan oinarrituriko parametroetan, modu simetrikoan, izan ditzan aldarrikatuz. Horregatik, gure nazio nortasunaren errespetuaren inguruko eztabaida saihestezina da gaur egun».
Hori guztia ikusita, Espainiak bi aukera ditu, ESAITen iritziz: «Bata, euskal nortasun ikurrekiko tratu eta harremanean oinarrituriko arazoa ukatzen jarraitzea [Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren jarrera salatu zuten]; eta bestea, espainiarraz gain bestelako nazio nortasunen onarpenetik abiatzea eta simetria, errespetu eta onarpenean oinarritutako politika garatzea. Soilik elkarrenganako errespetu eta onarpenetik abiatuz bermatu ahal izango da finalaren aurretik eta finalean gertatutakoa saihestea».
ESAITek dio ofizialtasunaren aldeko aldarria «indartuta» irten dela Madrildik
«Euskal nazio identitatearen kontra daraman politika ukatzailea» uzteko eskatu dio Espainiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu