Eskailera banakakora itzuli da

Bi asteburu barru hasiko da EPELen Eskuz Banakako Txapelketa, eta partida guztiak kanporaketak direla da berritasun nagusia

Imanol Magro Eizmendi.
BILBO
2005eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Azken bi urteetan finalerdietako ligaxkak emaniko arazoak aztertu ondoren, EPELek txapelketa sistema klasikoa berreskuratzea erabaki du aurtengo Banakako Txapelketarako. Bi urte geroago, finalerainoko eskailera sistema buruz buruko txapelketara itzuliko da. Kanporaketa sistemaren aldaketa da, atzo eguerdian aurkeztu zen aurtengo txapelketaren berritasun nagusia.

Azkeen urteetan ohikoa den legez aurkezpen ekitaldia BBKk Bilboko Kale Nagusian duen egoitzan egin zen. Bertan, kazetariez eta enpresetako ordezkariez gain, txapelketan parte hartuko duten ia pilotari guztiak elkartu ziren. Fernando Goñi izan zen gerturatu ez zen bakarra. Binakako txapeldunak emaztea haurdun du eta atzo medikuarengana lagundu behar izan zion. Pilotariez gain, buruz buruko hiru txapedun ohi gonbidatu zituen EPELek. Iñaki Gorostizak, Jesus Garcia Ariñok eta Arriaran II.ak izan zuten zozketako bolatxoak aukeratzearen ardura.Aurtengo berritasun bakarra izango ez bada ere, txapelketa sistemaren aldaketa izan zen aurkezpeneko mintzagai nagusia. Enpresetako ordezkariei aldaketaren zergatiei buruz galdetu zitzaienean, Aspeko gerente Patxi Mutiloak eman zituen argibideak. «Sistema aldaketa EPELen kirol batzordearen erabakia izan da. Txapelketa orekatuagoa eta erakargarriagoa bilatu dugu, bizirik mantenduko dena. Horretarako ligaxka kentzea eta 2002ko sitemara itzultzea erabaki dugu». Iritzia eman zuten pilotariek ere, sistema berria nahiago zutela nabarmendu zuten. Behingoz denak ados pilota munduan.

Txapeldunen multzoa

Aurtengo txapelketan 20 pilotarik hartuko dute parte, hamar enpresa bakoitzeko. Txapelketa bi asteburu barru hasiko da, apirilaren 3an eta 4an, eta maiatzaren 29ra arte luzatuko da.

Pilotariak lau multzotan banaturik ariko dira eta multzoak ez dira finalerdietara arte gurutzatuko. Iazko finalerdietako partaideak multzo bakoitzeko zerrenda buruak izango dira. Beste pilotariak iazko sailkapenaren arabera kokatu dituzte, Oinatz Bengoetxea izan ezik. Enpresa bakoi- tzak bi zerrendaburu hautatu ditu lehen kanporaketerako eta beste enpresako pilotarien aurka jokatuko du. Lehen partidak eta pilotari bakoitzari dagokion multzoa zozketa bidez aukeratu dituzte.Zozketa atzo egin zen, aurkezpen ekitaldian. Hiru txapeldun ohiek txapelketaren koadroa eratu zuten bolatxoak atera zituzten. Lau t'erdiko txapelketan gertatu bezala Juantxo Kokarena izan zen irten zen lehen izena. Altzakoak Aritz Berraondoren aurka jokatuko du. Lehen kanporaketako partidetatik Imanol Agirre eta Enrike Galarza elkartu zituenak harrotu zuen hauts gehien. Pilotarien multzotik, norbaitek, «berriz!» esan zuen ozen. Baraibarkoak eta Arteakoak lau t'erdiko azken hiru txapelketetan elkarren aurka jokatu dute. Aurten, Manomanistan ere indarrak neurtuko dituzte. Bi pilotariek pilotaleku osoan elkarren aurka jokatuko duten lehen aldia izango da, hala ere. Zozketa bukatu zenean, ostera, B multzoaren konposaketa izan zen zurrumurru gehien eragin zuena. Buruz buruko hiru txapeldun ohik bat egin dute multzo berean. Goñi III.ak edo Kepa Peñagarikanok, Ruben Beloki, Patxi Ruiz eta Patxi Eugi aurkituko dituzte finalerako bidean. Azken hirurak txapeldun ohiak.

3. eta 4. posturako partidak garrantzia izango du

Sistemaz gain, aurtengo buruz burukoak beste berritasun batzuk izango ditu. Aurten 3. eta 4. postuak erabakiko dituen partida jokatuko da. Partida horrek garrantzia izango du hurrengo urteetako sailkapena eratzeko garaian. Honetaz gain, lesioren bat dela-eta finaleko partaideetako batek finala jokatzerik izango ez balu, partida horretako irabazleak ordezkatuko luke.

EPELek atzerapenen aurkako zorroztasunari eutsiko dio eta ezingo da atzerapenik eskatu finalaren aurretik. Pilotari batek partidaren bat jokatzerik izango ez balu, bere aurkaria zuzenean sailkatuko litzateke. Finalistetako batek finala bere egunean jokatzerik ez balu, EPELeko epailearen ebazpenak erabakiko du noiz eta nortzuk jokatuko duten. Kirol berritasunetan, berriz, aurten iaz parte hartu ez zuten hiru pilotari daude: Ruben Beloki, Aritz Berraondo eta Enrike Galarza, azken hori da debutari bakarra. Azpimarratzekoa da ere, Oinatz Bengoetxearen maila igoera. Iaz lehen fasean kanporatua izan ondoren, aurten bigarrenan hasiko baita.

-

EPEL



Enpresen ligak webgune berria aurkeztu du



Lehiaketa sistema ez zen izan EPELek atzo aurkeztu zuen berritasun bakarra. Enpresen ligak elkartearen webgune berria aurkeztu zuen atzo. www.lepm.org helbidean zaletuek enpresen ligako nondik norakoen berri jaso ahal izango dute. Webgune berriaren sorrerarekin, enpresen ligak EPELen jardunaren ingurukoko informazioa gerturatu nahi die hedabideei eta zaleei.

Webguneak hainbat atal desberdin ditu. Bertan ligaren sorreraren eta barne funtzionamenduaren inguruko argibideak aurkitu daitezke. Horretaz gain txapelketa desberdinen inguruko informazioa eta araudiak eskegi dituzte. Enpresen ligak webgunearen bidez ezagutaraziko ditu EPELeko epailearen ebazpenak. Estreinu egunean, EPELek bost prentsa ohar eskegi zituen. Horietako batean igandean jokaturiko binakako finalaren telebista audientziaren berri eman zuten. 142.000 lagunek ikusi zuten finala, orduan EAEn telebista ikusten ari ziren ikusleen %28,2. Finala bere emisio garaiko saiorik ikusiena izan zen.

-

Protagonisten adierazpenak



JUAN MARTINEZ IRUJO

«Kanporaketa zuzenekin benetako txapelketa itzuli da»



«Finalerdietako ligaxka kendu izana aurrerapausoa izan da, pilotariok gustukoago baitugu sistema klasikoa. Kanporaketa zuzenekin benetako txapelketa itzultzen da, galtzailea etxera bidaltzen duena. Sistema berriak goian gaudenoi mesede egiten digu, halere kontuan hartu beharra dago aurkariek guk baino partida bat gehiago jokatu dutela gutxienez. Orain, binakakoa irabazi berritan, buruko txip-a aldatzeko ordua iritsi zait. Manomanista buru-belarri prestatzen hasi behar dut eta horretarako hilabete bat baino gehiago daukat. Denbora nahikoa da egoki prestatzeko, bitartean, binakako partidak jokatzen jarraituko dut».

aimar olaizola

«Ez dut uste aparteko zorterik izan dudanik; edozeinek irabaz dezake»



«Beloki eta Eugiren adar hori kenduta, beste guztiak berdintsuak dira. Ez dut uste nik aparteko zorterik izan dudanik, edozein pilotarik irabaz dezakeelako horrelakoetan. Eskuz banakako txapelketa da, eta partida bakarrera. Ez da erraza izango aurrera egitea. Prestatzeko denbora badaukat oraingoan. Hasita nago, eskuetatik ibili naiz larri samar, baina hemendik aurrera ere badaukat denbora. Finalerdietako ligaxka kentzea? Niretzat eskertzekoa da, eta pilotari gehienek esango dute hori. Ligaxka luzea eta gogorra egiten zen, eta buruz burukoak horrela erabaki behar dira: irabazten duena aurrera, eta galtzen duena kanpora».

RUBEN BELOKI

«Niretzat ez dago deus lehen partidatik harago»



«Goñi III.arengan eta Peñagarikanorengan baino ez dut pentsatzen, lehen partida irabaztean baino ez dut pentsatzen. Niretzat hortik aurrera ez dago ezer. Iragan igandean jokatu nuen finala eta ez dut deus prestatzeko betarik izan. Talde oso zaila egokitu zait, eta oso behetik hasiko naiz. Iragan urtean ez nuen jokatzerik izan eta bi maila kendu dizkidate. Aurrera begira? Txapeldun asko eta prestatzeko denbora gutxi. Nik lehen partida irabaztean baino ez dut pentsatzen, eta orain hamar egun ditut prestatzeko. Kanporaketa zuzenaren sistema egokiena da, pilotariok beti esan dugu, eta biziki poztu nau ligaxka kendu izanak» .

OIER ZEARRA

«Kanporaketa zuzena da buruz buruko txapelketaren gatza»



«Fisikoki ondo nago, orain banakako txapelketaren berezitasunak prestatzea falta zait. Binakakoan maila oso onean aritu banaiz ere, buruz burukoak ez dauka zerikusirik. Mementoz lau aste ditut txapelketa egoki prestatzeko, denbora nahikoa dela uste dut. Helburua? Bakarra egon daiteke: lehen partida irabaztea. Ea ordurako ondo iristen naizen, eskuetako arazorik gabe eta iaz egin bezala aurten ere final laurdenetara iristen naizen. Oso ondo iruditzen zait ligaxka sistema alde batera utzi izana. Azken txapelketetan egoniko lesioek aldaketa logikoa behartu dute. Aurten kanporaketa zuzena dago, txapelketaren gatza da».

OINATZ BENGOETXEA

«Gaur jakin dut ez naizela lehen kanporaketan hasiko»



«Fisikoki oso ondo nago, binakakoa ondo bukatu dut eta alde horretatik ez dago hobetzerik. Orain arte ez dut buruz buruko entrenamendurik egin. Halere, aurretik uste nuena baino aste bat gehiago izango dut prestatzeko. Lehenbiziko kanporaketan sartuko nintzela uste nuen. Gaur jakin dut bigarren kanporaketan hasiko naizela, eta oso ondo etorriko zait beste aste bat eduki ahal izatea. Aurtengoa maila oso altuko txapelketa da eta faborito asko ikusten ditut. Nire ustez ligaxka ez zegoen hain gaizki, hori bai, kanporaketa zuzenek emozio gehiago dute. Nire ustez eskailerak goian dauden pilotariei egiten die mesede».

ABEL BARRIOLA

«Ligaxkaren desagertzea albiste ona da pilotari guztiontzat»



«Eskuz banakakoa prestatzen hasia naiz, eta nik eta pilotari guztiok orain manomanista baino ez dugu buruan. Oraindik hiru aste falta zaizkit jokatzen hasteko eta ondo prestatuko dut. Fisikoki ondo nago eta eskua ere oso ondo daukat. Orain, txapelketan sartu arte entrenamendu saio onak egiten eta eskuak zaintzen saiatu behar naiz. Nire ustez txapelketa sisteman egondako aldaketak onerako izan dira. Oso ondo iruditzen zait ligaxka kendu izana, niretzat ligaxkak ez baitzuen zentzu handirik. Ligaxkarekin inork ez zuen deus irabazten eta txapelketak galdu egiten zuen. Ligaxkaren desagertzea albiste ona da pilotari guztiontzat».

IMANOL AGIRRE

«Partida gogorra izango da, Enrikek dohain izugarriak baititu»



«Denbora asko izan dut txapelketa prestatzeko eta oso ondo iritsiko naiz. Eskuetatik ez dut inolako arazorik eta moralkioso ondo nago. Enrike Galarza egokitu zait berriro, lau t'erdikoan hiru aldiz jokatu badugu ere pilotaleku osoan inoiz ez gara elkarren aurka aritu. Partida gogorra espero dut, Enrikek buruz burukorako dohain izugarriak dituelako. Finalerdietako ligaxka kendu izana positiboa iruditzen zait. Azken urteetan ligaxkak oso erakargarria zirudietn, baina lesioek garapen normala baldintzatu dute. Aurten kantxara irtetzen zaren egunean irabazi behar duzu, bestela kalera zoaz. Ikuslearentzat askoz erakargarriagoa da»

ENRIKE GALARZA

«Ondo prestatu dut, hilabete da lan espezifikoa hasi nuela»



«Iaz bigarren mailako txapelketa irabazi ondoren, aurten lehenbizikoz lehen mailakoan ariko naiz eta ilusioz beterik nago. Ea zorte pixka bat dudan eta txapelketan aurrera egiteko gai naizen. Oso ondo prestatu dut txapelketa, bi hilabete daramatzat fisikoki prestatzen eta hilabete bat entrenamendu espezifikoekin. Aurten gauzak oso ondo antolatu dituzte, enpresen ligak lan ona egin duela iruditzen zait. Zozketa garbia egin dute eta kanporaketa zuzenak berreskuratu dituzte, bi erabakiak aurrerapausoak direla iruditzen zait. Oro har txapelketa irekia ikusten dut, maila altuko pilotari eta faborito asko baitaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.