Saketik. Ionek lau, eta Lizasok bi.
Iraupena. 95 minutu.
Pilotakadak. 706.
Markagailua. 0-1, 1-1, 1-2, 5-2, 5-7, 7-7, 7-9, 9-9, 9-11, 11-11, 11-15, 13-15, 13-16, 14-16, 14-18, 17-18, 17-22, 19-22, 19-27, 21-27, 21-28, 23-28, 23-29, 24-29, 24-30, 25-30, 25-31, 27-31, 27-32, 32-32, 32-34, 33-34, 33-36, 37-36, 37-37, 39-37, 39-38 eta 40-38.
Bestelakoak. Giro beroa Hernaniko Galarreta pilotalekuan, Azysa torneoko finalean. Dirua, nabarmen, Zeberio II.a eta Ionen alde, 100 70i.
Jarri zutik eta segi txaloka, merezi dute eta! Eta ez txapeldunek bakarrik. Edozein kirol aukeratuta ere, gutxitan egongo dira finala galduta irabazteko hainbeste meritu egin duten beste bi kirolari. Harrigarria Zeberio II.a eta Ionen sufritzeko, irauteko eta finala iraultzeko gaitasuna. Eta ikusgarria Juaristi eta Lizasoren joko erakustaldia. Sufritzeko prest zeudela esanez berotu zuten finala lau pilotariek, eta azken tantoaren ondorengo argazkia nahikoa da atzo Galarretan gertatutakoa ulertzeko. 40-38koa lortu berritan, Zeberio II.a lurrean etzanda, eskuin hankako bikiari helduta; Ion, kabitu ezinda, elduaindarraren gainera salto eginda; eta Juaristi, amorratuta, Zeberio II.ari hankatik helduta, bikiko mina baretu nahian. Grabatu ondo 2011ko erremonteko binakako finala, eta jarri tarteka erremonte eskoletako entrenamenduetan. Zatika. Jokaldiz jokaldi. Ez dago atzokoa baino gida praktiko hoberik.
Erremontea begira egoteko ikusgarriegia ez dela diotenak belarriak jaitsita egongo dira gaur. Ezinezkorik ez dago, baina zaila da final batean atzo baino hobeto jokatzea. Hutsak egon zirela? Jakina. Lizasok azken zatian behera egin zuela? Ulergarria. Ionek 27-32kora arte saketik min handirik ez zuela egin? Hori ere egia da. Baina etorkizunean kostako da atzoko finala berdintzea.
Finalaren lehen zatia aparta izan zen. Lizaso artista da zazpi koadroan jarri eta arerioari pilotalekua mozten, eta joko horretan ito ziren Zeberio II.a eta Ion. Atzelariak agindu behar izaten du atzeko koadroetatik, eta Lizasok asmatu egin zuen Juaristiren eskuin besoko kolpea baliatzen. Ez zen aurrean jokaldiak egiteko partida. Finala zaildu beharra zegoen, lantzea zen kontua, eta horretan dotore aritu ziren lau finalistak. 5-2 aurretik jarri bai, baina irabazleak ezinean aritu ziren azken txanpara arte. 5-7, 9-11, 11-15, 14-18...
Ezker pareta pare bat zentimetro ezkerrerago eraman zuen Lizasok lehen pilotakada horietan. Indarka aritzea bezain errentagarria izaten da gehienetan pilotari norabide egokia ematea, eta Lizasok bere onetik atera zuen Zeberio II.a, pilotari sei-zazpi koadroan botea eginarazita. Gazteenek barnera dezatela joko hori ondo.
Lizaso leher eginda azkenean
Juaristi eta Lizaso 17-18kotik 19-27kora igaro zirenean, bazirudien finala hausita zegoela. Baina erremonte eskoletarako gidan ondo markatzekoa da Zeberio II.ak eta Ionek sufritzeko eduki zuten gaitasuna. Bazekiten finala gogortuta Lizasok behera egin zezakeela, eta eman eta eman jarraitu zuten. Tartean sekulako tantoak ere izan ziren. 27-31koa esaterako. Pilotakada luze baten ondoren, Lizasok, aurrera joanda, ezin izan zuen pilota frontisera bidali; Juaristi lurrean etzanda, Zeberio II.a makurtuta... eta zaleak gozatzen.
31-32koa, 36nakoa... Jarri horiek ere gorriz markatuta erremonte eskoletarako gidan. Ordu eta erditik gorako ahaleginean, Lizaso lehertu egin zen, eta hasieran zazpi koadroan egiten zuen kontrol lana hamabigarren koadrora igaro zen. Juaristi saiatu zen eskuin beso bizi horrekin min egiten, baina eman behar horretan kontrakantxara joan zitzaion pilota 39-38koan. 40-38. Bi pilotarik soilik jantzi zuten txapela, baina txapel gutxiren atzean dago atzoko galtzaileek egindako jokoaren parekorik. Jarri zutik eta segi txaloka, merezi dute eta! Eta ez txapeldunek bakarrik.
Zeberio II.a-Ion 40. Juaristi-Lizaso 38
Eskoletarako gida praktikoa
Aspaldiko finalik handiena jokatuta irabazi dute Zeberio II.ak eta Ionek binakako erremonte txapelketako finala, GalarretanZeberio II.ak zazpigarren txapela du jada, eta Ionek, txapelketako onenak, lehenengoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu