Eskua eman, besoa hartu

Frantziako eskubaloi selekzioko jokalariak herrialde horren kutunak izan dira urte askoan, baina 'Montpellier auziak' susmopean jarri ditu.

Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Frantziako eskubaloi selekzioko jokalariei dena barkatu izan zaie urtetan. Pistan irabazitako hamaika tituluek horretarako aukera ematen zieten. Bulda zuten nahi zutena egiteko, egiten zutena ongi edo gaizki egon. Adibidez, Londresko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuten egunean L'Equipe-ren telebista estudiora mozkortuta joan, eta han aurkezlea biluzi eta mahai bat kolpeka txikitu. Basakeria horren arrazoia? L'Equipe-k kritikak egin zizkiela urte hasieran Serbian jokatutako Europako Txapelketan egindako lanagatik —11. izan zen Frantzia, orduan olinpiar, munduko eta Europako txapelduna zena—.

Ez zen horrelako zerbait egiten zuten lehen aldia. Lau urte lehenago, Pekinen, Canal Plus-en estudioan ere hainbat kalte eragin zituzten. Bi aldietan Claude Onesta hautatzailea izan zuten ondoan, geldi, barrez.

Baina ezer ez da betiko. Jada ez dira ukiezinak, ez behintzat horietako batzuk. Eskua eman zieten, eta haiek besoa hartu zuten. Eta garesti ari dira ordaintzen guztiaz salbu zeudela uste izana.

Bost hilabete atzera hasi zen dena, maiatzaren 12an. Cesson-Sevigne eta Montpellierrek elkarren aurka jokatu zuten Frantziako Ligako azken jardunaldian. Etxeko taldea maila ez galtzeko ari zen borrokan. Bisitariek, ordea, ez zuten ezer jokoan. Txapeldunak ziren jada. Hamahirugarren titulua zuten azkeneko hamabost urteetan. Cesson-Sevignek ederki baliatu zuen Montpellierren tentsio falta irabazteko (31-28). Ustekabeko emaitza izan zen, baina ezta ezer harrigarria ere. Montpellierreko entrenatzaileak, gainera, jokalari onenak utzi zituen etxean.

Joan zen astean etorri zen albistea. Frantziako justiziak ikerketa jarri zuen abian apustu etxe batek partida horretan ezohiko diru kopuruak apustu egin zirela ohartarazi eta gero. Zer da ezohikoa? Normalean baino 40 aldiz gehiago, 87.880 euro. Hori gutxi balitz bezala, apustuen %99,94 Cesson-Sevigneren aldekoak ziren, talde apalenaren aldekoak, alegia.

Haritik tira egitean askatu zen korapiloa. Montpellierrekin zerikusia zuten hamar lagunek egin zuten apustu hainbat tokitan, eta horri esker, 252.880 euro irabazi. Jokalaririk ez zegoen haien artean, baina bai haien senitarteko eta neska-lagunak. Nikola eta Luka Karabatic, Samuel Honrubia, Primoz Post, Mladen Bojinovic... Horra nahastutako jokalariak. Nikola Karabatic selekzioko izarra eta munduko jokalaririk onena nabarmentzen da horien artean.

Hemezortzi lagun inputatuta

Guztira, hemezortzi lagun daude nahastuta, eta guztiak inputatu ditu epaileak. Nikola Karabaticek ez beste, jokalari guztiek aitortu dute dirua eman zietela euren gertukoei apustu egin zezaten. Nikola Karabaticek, ordea, esan du emazteak egin zuela apustu, baina hari ezer esan gabe. Guztiak, hala ere, bat datoz ez zutela apropos galdu. Jaso dezaketen zigorrean dago koska. Apustu egiteagatik sei partidako zigorra jasoko lukete, eta 15.000 euroko isuna. Apropos galtzeagatik, ordea, askoz gogorragoa da zigorra: bost urte arteko kartzela zigorra eta 75.000 euroko isuna. Hori guztia partida bateko kontua bada. Izan ere, Montpellierrek apirilean Nimesen aurka 21-25 galdutako partida ere ari dira ikertzen. Aurreko sasoian galdu zuen lehen partida izan zen hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.