Arratek huts egin zuen atzo, eta 27-26 galdu zuen Cangasen aurka, Asobal Ligako 13. jardunaldian. Partidako azken segundoan Fontanek sartutako golak eman zion garaipena Galiziako taldeari. Etxekoek, halere, irabazteko merituak egin zituzten, neurketa ia osoan egon baitziren aurretik markagailuan. Hiruzpalau goleko aldea izan zuten beti, Amarganten golei (10 gol sartu zituen) eta Loserten geldiketei esker (14 geldiketa egin zituen). Arrate, berriz, eskas aritu zen, partidan sartu ezinik. Azken zazpi minutuetanbakarrik lortu zuen Cangas estu hartzea (lau aldiz lortu zuen partida berdintzea), baina azken unean ihes egin zion Eibarrerantz zihoan puntuak.
Atzoko emaitzarekin, Arrateri zaildu egin zaio Espainiako Koparako sailkapena. Hamargarren da, Kopa jokatzeko eskubidea ematen duen zortzigarren postutik bi puntura. Eibartarrek, hala ere, ez dirudite euren sasoi onenean. Azken bost partidetan puntu bakarra lortu dute: Ademarren aurkako berdinketa. Hurrengo bi partidetan Torrevella eta Granollers izango dituzte aurkari. Bi neurketa horiek zehaztuko dute Arratek Kopa jokatzen duen edo ez.
Itxakok irabazi, eta Akaba Bera Berak galdu
ABF Superligan, bi partida eta bi emaitza. Itxakok ez zuen inolako arazorik izan Valentzia Villegas azken sailkatuari 29-16 irabazteko. Akaba Bera Berak, berriz, ezin izan zuen ezustea eman, eta 29-32 galdu zuen Cementos La Union Ribarroja liderraren aurka. Donostiarrek partida ona jokatu zuten, baina ez nahikoa punturen bat lortzeko.
ESKUBALOIA. ASOBAL LIGA. Arratek azken segundoan galdu du Cangasen aurka (27-26)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu