ESKUBALOIA. ASOBAL LIGA. Derbia jokatuko dute gaur Arratek eta Portlandek

Lehen itzulian berdinketa lortu zuten eibartarrek Iruñean, eta emaitza ona berriro lortzen saiatuko dira beren pistan ere

Erredakzioa
2006ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Derbi polita jokatuko dute gaur Arratek eta Portlandek Eibarren, Asobal Ligako 19. jardunaldian (20:30). Lehen itzulian berdinketa lortu zuen Arratek Iruñean (23-23). Emaitza horrek min handia egin zien nafarrei, hori baita orain arte Iruñean Ligan ihes egin dien puntu bakarra. Eta puntu bakar batengatik dago Portland sailkapeneko bigarren postuan, Bartzelonaren atzetik.

Bestelakoa da egoera orain. Portlandek badaki zer egiteko gai den Arrate, eta kontuz ibiliko du aurkariaren pistan. Arraterentzat zailagoa izanen da berriro ezustea ematea.Bartzelona Txapeldunen Ligatik kanporatu berri du Portlandek final-laurdenetan, gainera, eta horrek berpiztu egin du jokalarien grina. Badakite sailkapenaren goialdeari eutsi ahal izateko garaipena behar dutela, eta hori izanen da haien helburu bakarra gaur. Jokoan diren bi puntuak eskuratzea, alegia. Helburua lortzeko adina kalitate badu Zupo Ekisoainen taldeak. Defentsa da nafarren arma nagusia, eta esparru horretan ongi aritzen badira, lanaren erdia eginen dute. Erasoan gorabehera handiak izan dituzte sasoia hasi zenetik. Hutsak zuzentzen hasteko aukera izanen dute gaur.Arrate, noski, puntuak etxean gordetzen saiatuko da. Eibartarrek badakite talde hobea duela Portlandek, baina ez dute baztertzen punturen bat lortzeko aukera. «Ahalegin berezia egin behar dugu; ongi jokatzen badugu, posible da Portlanen aurrean emaitza ona lortzea», erran du taldeko entrenatzaile Jorge Dueñasek.

Bidasoa Tekaren aurka

Bidasoak Teka Kantabria izanen du aurkari gaur haren pistan (20:45). Norgehiagoka «oso garrantzitsutzat» jo du Bidasoako kapitain Julen Aginagaldek. «Garaipena lortzen badugu, lasaitasunez heldu ahal izanen diegu hurrengo partidei».

Joan den larunbatean EHF Kopatik at gelditu zen Bidasoa, baina joko ona erakutsi zuen Gummersbachen aurrean. Joko on horri segida eman nahi diote irundarrek, hain zuzen ere, Tekaren kontra. Aurkariari buruz, baliabideak dituen taldea dela erran du Aginagaldek, eta kontuz ibili beharko dutela puntuak lortu ahal izateko.Bestalde, ABF Ligan Gijonen aurka ariko da Itxako Lizarran (20:15). Nafarrak laugarren dira, eta Gijon bederatzigarrena da. Itxakok adi egon beharko du, Gijonek Akaba Bera Bera hartu baitzuen mendean joan den larunbatean, ustekabean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.