Eskubaloikoen atzerapausoa, Errumaniaren aurrean galduta

Jorge Dueñasek zuzendutakoek 24-21 galdu dute, eta Angolari irabazi beharko diote astelehenean.

Laura Chiper errumaniarra Eli Pinedori elastikotik heltzen. LAVANDEIRA JR / EFE
2016ko abuztuaren 12a
22:20
Entzun

Final laurdenetarako sailkapena erabakita utz zezaketen Eli Pinedok, Nely Carla Albertok, Nerea Penak, Ainhoa Hernandezek, Naiara Egozkuek, Patricia Elorzak eta Jorge Dueñasek, baina sailkapen hori datorren astelehenean lortu beharko dute euskal kirolariek. Paula Ungureanu atezainaren geldiketek eman diote garaipena Errumaniako selekzioari.

Orekatua hasi da partida, baina bigarren zatiaren hasierarako sei golen aldea zuten errumaniarrek. Espainiako selekzioa ez da fin ibili erasoan, baina ezta defentsa lanetan ere, eta erraz zulatu dute errumaniarrek Egozkue eta enparauen atea. Hala ere, markagailua iraultzea lortu du Espainiako selekzioak, 17-11a zena 18-19 bihurtuz. Berriro agertu da orduan Ungureanu, Espainiako selekzioaren markagailua 21ean uzteko errumaniarrena 24ra igotzen zen bitartean.

Astelehen arratsaldean jokatuko dute ligaxkako azken partida, Angolaren aurka. Multzoko hirugarren postuan daude orain Dueñasek zuzendutakoak, baina berdinduta daude bosgarren sailkatuarekin; hain zuzen, Errumaniarekin. Lehen lauak igaroko dira final laurdenetara.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.