Eskura daude 42 puntuak

Mailari eusteko beharrezkotzat jotzen den puntu kopurura irits daiteke gaur Osasuna, Getafe taldeari irabaziz geroDejan Lekic deialdira itzuli da, Granadaren aurkako partidan min hartu eta lau astera

Iruñea
2012ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Atsedenik ez dago Lehen Mailako futbolarientzat. Atzo amaitu zen 28. jardunaldia, Racing eta Espanyolen arteko norgehiagokarekin, eta gaur bertan hasiko da 29.a, Osasunak eta Getafek Sadarren jokatu beharrekoarekin. Osasunak, larunbatean Zaragozan pattal jokatu arren, puntu baliotsu bat lortu zuen, eta etxeko partidetan erakutsi ohi dituen sendotasuna eta eraginkortasuna berreskuratu nahi ditu gaur. Getaferen aurka hiru puntuak bilduz gero, eskuan izango lituzke 42 puntuak, bederatzi jardunaldiren faltan. Horrek esan nahiko luke datorren denboraldian Europan aritzeko lehia daitekeela. Ez da erraza izango, baina gorritxoek badakite euren etorkizuna erabat argitu dezaketela aste honetan jokatu beharreko bi partidetan —igandean, Levanteren zelaian ariko dira—.

Larunbatean Zaragozan kaskar jokatu izanak kritikak eragin ditu Osasunaren inguruan; kritika horiek ez areagotzeko aukera ederra dute gaur nafarrek. Azken partidetan etxean erakutsitako grina berreskuratuz gero, ez da kritikarik izango; izan ere, Granada edo Athleticen aurka bezala jokatuz gero, okerrik ezean hiru puntuak etxean geratuko dira gaur ere. Lehen Mailako aurrekonturik txikienetakoa izanik, argi dago ikusgarria dela Osasuna egiten ari den denboraldia.

Kritikak kritika, Jose Luis Mendilibarrek taldearen bolada ona gogorarazi zuen atzo, ironiaz betetako adierazpen batzuetan: «Gauza txarrak besterik ez dut entzuten. Azken lau partidetan zortzi puntu lortu ditugu, etxean jokatu ditugun bi partidak irabazi eta etxetik kanpoko biak berdinduta. Baina puntu horiek ez dira nahikoa Osasunarentzat, dirudienez». Ingurua ez dagoela gustura ulertarazi zuen zaldibartarrak. «Jendeak uste du Bartzelonak jokatzen duen bezala jokatzea dela futbolean jokatzea, eta hori ez da horrela. Futbolean jokatzeko era asko daude. Guk beste era bat daukagu, baina uste dut aintzat hartzeko modukoa dela egiten ari garen denboraldia».

Bizkaitarrari ez zaio arrazoirik falta. Taldeak ez du ikusgarri jokatzen, etxetik at aritzen denean batik bat, baina zenbakiei begiratuz gero, ez dago askoz gehiago eskatzerik. Gaur irabaziz gero, itzela izango da bederatzi jardunaldi falta direla taldea 42 punturekin eta sailkapeneko laugarren postuan ikustea. Kritikak onartu beharra dago, baina hori ukatzerik ez dago.

Getaferi aurre egiteko jokalarien zerrendan bi sartu berri dira: Dejan Lekic eta Miguel Flaño. Erdiko atzelari nafarrak partida bateko zigorra bete behar izan zuen azken jardunaldian, eta, Zaragozako partida galdu ostean, hasierako hamaikakora itzu- liko da gaur; besteak beste, Sergiori atseden ematea erabaki duelako Mendilibarrek. Flaño eta Roversio izango dira erdiko bi atzelariak gaur iluntzeko partidan.

Dena dela, ezusteko nagusia Dejan Lekic itzultzea izan da. Granadaren aurkako partidan min hartu zuen aurrelariak, orain hilabete, eta, eskumuturreko kubitua hautsi ostean, bazirudien denboraldiari ia-ia agur esan ziola. Izan ere, Osasunako medikuek baieztatu zuten gutxienez hamar bat aste beharko zituela erabat osatzeko.

Aurrelari serbiarra osatu da jada: lau aste nahikoa izan ditu berriz ere jokatzeko moduan egoteko. Hargatik, ez da hasieratik ariko. Jokatu ahal izateko, babes berezi bat beharko du eskumuturrean, eta epailearen oniritzia ere beharko du horretarako. Perez Lasa epaileak baimena emanez gero, min hartu zuenetik gaur bertan jokatu ahal izango du lehendabiziko aldiz. Seinale ona litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.