3. final-laurdena

Espainia finalerdietara, Alonsoren bi golei esker

Erraz nagusitu zaio Frantziari: 2-0. Portugalen aurka jokatuko dute finalerdietan, asteazkenean.

enekoitz esnaola
2012ko ekainaren 23a
20:18
Entzun

Mourinhok duela dozena bat egun esan zuen Espainiaren jokoa, horrenbeste ukiturekin, "antzua" dela, aurrelari petorik gabe jokatuta ez duelako sakontasun eta puntx handirik. Eta, hein batean, hala da. Baina horrenbeste ibiltzen du Espainiak baloia, honen jabetza hain du handia, aurkaria leher eginda uzten duela, eta kontrarioek baloia berreskuratzen dutenean beste atezainaren atetik urrutiegi egoten direla. Frantziak esango du ondo hori; jokoan ez du inolako arriskurik sortu Espainiaren aurka Eurokopako hirugarren final-laurdenean —penalti paretik buruz erremate bat baino ez, eta berau atetik gora—, eta aise galdu du: 2-0.

Lehen fasean ez zuen joko handirik atera Espainiak, baina talde golegile nagusia izan zen eta erremate gehien egin zuena ere bai. Frantziaren kontra Del Bosquek berriro aurrelari petorik barik jokatu du, Cesc aurre-aurrean zela, baina kontrarioa aspertu eta nekatu egin du. Eta sakontasun pittin bat izandakoan, orduan heldu dira golak.

Biak Xabi Alonsok egin ditu, Espainiako selekzioarekin jokatu duen 100. partidan. Lehen golean Albak ezkerretik egindako erdiraketa on bat buruz errematatu du, atzetik helduta —hori ere ona dute Espainiako erdilariek, atzetik iristen direla areara; eta asko dira—. 2-0ekoa, Pedrori egindako penalti bat baliatuta sartu du Alonsok, luzapenean.

Aise sailkatu da Espainia finalerdietara; agian, oraindik bere onena eman gabe.

Frantziak berriro eman du itxura kaskarra. Eurokopa honetan ez du Mundialeko barne liskarrik izan, salbuespenen bat kenduta. Orduan bezainbesteko gabezia du, ordea: jokorik eza. Ez da nahikoa aurrean Ribery, Benzema edo Nasri —ordezko jarri du Blancek— izatea. Benzemak, kasu, txapelketa osoan ez du gol aukera garbirik izan, eta golik egiteke joango da etxera.

Espainia-Frantzia: 1-0: Alonso (19m). 2-0: Alonso, penaltiz (91m).

Final-laurdenak

- Txekia-Portugal: 0-1.
- Espainia-Frantzia: 2-0.
- Alemania-Grezia: 4-2.
- Igandean: Italia-Ingalaterra.

Finalerdiak

- Asteazkenean: Portugal-Espainia.
- Ostegunean: Alemania-Italia/Ingalaterra.

Finala

- Igandean (uztailak 1), Kieven.

Partida denak Euskal Herriko 20:45ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.