Espainiak historia egin du dagoeneko Hegoafrikako mundial honetan, bere historia: aurreneko aldiz sartu da Munduko Kopako finalerdietan. 1950ean Brasilen laugarren atera zuen, baina orduan ez zegoen kanporaketa sistemarik; ez du gehiago egin orain arte.
Paraguairi 0-1 irabazi ostean lortu du marka, eta berriro Villa golegile, 83. minutuan. Alemania izango du aurkari finalerdietan, asteazkenean (20:30). Duela bi urte biek jokatu zuten Eurokopako finala, eta Espainia txapeldun (1-0; Torres). Orduan Villa bera izan zen Eurokopako golegile nagusia, eta bide berean doa Hegoafrikan: bost sartu ditu eta sailkapen horretan aurrena da, bakarrik.
57. minutura arte ez da partidarik izan. Espainiak baloia, baina arriskurik gabe. Paraguai eusten, baina kontraerasoan harrapatu gabe kontrarioa. 57.enetik aurrera, partida zoroa. 57m: Piquek penaltia Cardozori, honek jaurti eta Casillasek geratu. 58m: Villari penaltia, Alonsok bota eta gola, baina epaileak berriro jaurtitzeko agindu du, Espainiako selekzioko jokalari bat aurretik sartu delako arean. 60m: Alonsok bota penaltia eta Villarrek geratu, area txikian geratu den baloia Cescek harrapatu eta Villarrek penalti garbia egin dio, baina epaileak ez du adierazi, eta Ramosek errematea zutoinera bota du.
Mundialeko minutu zoroenak izan dira. 83.a ere, golekoa, zoro samarra: Iniestak ondo zulatu du defentsa erdialdean, eskubira Pedrori, honek jaurti, baloiak zutoinean jo du, Villari heldu, jaurti, zutoin batean jo du baloiak, gero bestean, eta barrura. 0-1.
Handik aurrera Espainiak baloia gorde du -75.etik aurrera Bartzelonako zazpi jokalari zituen Del Bosquek-, eta orduan ikusi da Paraguaik ez duela ekimena hartzeko gaitasun handirik. Nahikoa egin dute, hala ere, ertamerikarrek.
Paraguai 0. Villar; Veron, Paulo Da Silva, Alcaraz, Morel; Barreto (Vera, 64m), Santana, Caceres, Riveros, Valdez (Santa Cruz, 72m); Cardozo.
Espainia 1. Casillas; Ramos, Pique, Puyol, Capdevila; Iniesta, Busquets, Alonso (Pedro, 75m), Xavi; Torres (Cesc, 56m), Villa.
0-1: Villa (83m).
final-laurdenak
Espainia finalerdietara aurreneko aldiz
0-1 nagusitu zaio Paraguairi. Villak sartu du berriro gola (83. minutuan), eta mundial honetako golegilea da. 57. minutuan Casillasek penaltia geratu du eta 60.ean Villarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu