Bere lehen Munduko Kopa irabazi du Espainiak. Duela bi urte Eurokopa eskuratu zuen eta orain mundiala. Jokalari belaunaldi aparta baitu: Casillas, Xavi, Iniesta, Alonso, Villa... Gazteagoak ere hor ditu, primerako jokalariak: Pique, Cesc, Torres...
Ez du bere jokorik onena atera mundial honetan, ukituaren joko hori -Alemanian baino ez du jokatu dakien bezala-, baina horrelako txapelketa irabazteko ofizioa ere izan behar da, eta Espainiak heldutasuna lortu du azkeneko urteetan. Final-zortzirenetan 1-0 gainditu zuen Portugal, final-laurdenetan 1-0 Paraguai, finalerdietan 1-0 Alemania eta finalean 1-0 Herbehereak.
116. minutuan sartu du garaipeneko gola Espainiak, Iniestak, aurkariak hamar jokalarirekin ari zirela -Heitingak bigarren txartel horia ikusi 109.ean-: Cescek pasea sartu dio area barrura Iniestari, eta erremate gogorra atera du. Gol historikoa. Herbehereak berriro bigarren, 1974an eta 1978an bezala.
Gehiago izan da finalean, eta gola lehenago sartzeko aukera onak izan ditu: Ramosek bi, Cescek bat, Villak bat, Iniestak beste bat... Herbehereek ere izan dute, ordea, okasio garbirik: Robben bakarrik geratu da 83. minutuan baina Casillasek gelditu egin dio errematea.
Espainiak talde orekatua duela erakutsi du, jokalari askok hartzen dute parte jokoan. Herbehereak gehiegi daude Robbenen menpe.
Herbehereak 0. Stekelenburg; Van der Wiel, Heitinga, Mathijsen, Van Bronckhorst (Braafheid, 105m); De Jong (Van der Vaart, 99m), Van Bommel; Robben, Sneijder, Kuyt (Elia, 70m); Van Persie.
Espainia 1. Casillas; Ramos, Pique, Puyol, Capdevila; Busquets, Alonso (Cesc, 86m); Pedro (Navas, 60m), Xavi, Iniesta; Villa (Torres, 106m).
0-1: Iniesta (116m).
Futboleko munduko kopa
Espainia txapeldun
Iniestak sartu du Herbehereen aurkako garaipeneko gola, 116. minutuan. Bere lehen mundiala du Espainiako selekzioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu