C Multzoa

Espainia txapelduna, ziztada ezin eginda

73. minutura arte aurrelari petorik gabe jokatu du. Italia aurreratu da markagailuan, Di Nataleren golarekin, baina Espainiak segituan sartu du banakoa, Cescek.

enekoitz esnaola
2012ko ekainaren 11
19:52
Entzun

Gabonetan Bartzelonak kluben arteko Mundialeko finala 4-0 irabazi zuenean, askok nabarmendu zuten aurrelari petorik gabe jokatu zuela; Guardiolaren erabakia goretsi zuten. Villak ez zuen jokatu, Pedro titular ez. Iniesta, Cesc, Thiago aurrean. Baina baita Messi ere. Aurrelari 'faltsua' omen da hura. Ez; aurrelari-aurrelaria da Messi. Final hartan bi gol sartu zituen. Espainiako Ligan denboraldi honetan, 50. Eta harekin, taldeak beti ematen du arrisku sentsazioa.

Eurokopako estreinakoan Espainia egungo txapelduna —eta Mundialekoa ere bai—, aurrelari petorik gabe atera da Italiaren aurka. Aurrean Silva, Cesc eta Iniesta. Aulkian Llorente, Torres eta Llorente. Baloia bai, berea izan du —%60 inguruko jabetza—, baina aurrean ziztadarik ez, arrisku handiaren sentsaziorik ez. Iritsi bai batzuetan, baina errematerik ez. Atera jaurtitzeko gose hori ez.

Espainiak Luis Aragonesekin 2008an Eurokopa irabazi zuenean eta 2010ean Del Bosquerekin Mundiala, orain bezala jokatzen zuen, baloiaren kontrol handiarekin, baina bi txapelketa haietan beti zegoen aurrelari peto bat: Villa, Torres, Llorente... Eta batzuetan bi ere bai. Gaur ez hasierako hamaikakoan. 73. minutuan sartu du Del Bosquek Torres, bana zihoazela.

Asko antzeman da Torres sartu dela, Espainiak sakontasunean irabazi duelako; aurreko erreferentzia zeukan. Pare bat gol aukera on eduki ditu hark.

Italiak bost defentsako sistemarekin jokatu du, De Rossi libero postuan zela, baina ez du itxura kontserbadore handia ere eman. Pirlok ederki mugitu du baloia, ohi bezala, eta berak sartu dio Di Nataleri 0-1eko golean pasea 61. minutuan. Italiak partidan beste hiru bat aukera on eduki ditu.

64.ean heldu da banakoa: Silvak area kanpotik barrura pase ona Cesci —atzetik heldu da, gurutzatuta—, eta honek gola.

Ez da emaitza txarra bi selekzioentzat. Baina: Italiak ez du zertan aldatu joko estiloa —agian, De Rossi zelai erdira igoko du, honi indar handiagoa ematearren—; Espainiak ere ez, baina bai taldea, aurrelari bat jarrita beti.

Espainia. Casillas; Arbeloa, Pique, Ramos, Alba; Xavi, Busquets, Alonso; Silva (Navas, 64m), Cesc (Torres, 73m), Iniesta.

Italia. Buffon; Giaccherini, Chiellini, De Rossi, Bonucci, Maggio; Marchisio, Motta (Nocerino, 90m), Pirlo; Balotelli (Di Natale, 56m), Cassano (Giovinco, 66m).

0-1: Di Natalek (61m). 1-1: Cescek (64m).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.