kirola

Espainiako Itzulian "herri moduan erantzuteko deia" egin du ESAITek

2011ko uztailaren 5a
19:55
Entzun

ESAITek Bilbon emandako prentsaurrekoan adierazi du bere asmoa ez dela Espainiako Itzulia "hankaz gora" jartzea; "euskal ikurren aitortza" eskatu du itzulia Euskal Herrian izango den irailaren 9 eta 10erako, ez baitu Euskal Herria Espainiaren zati gisa ulertzen. Espainiako Itzulia EAEtik igaroko da 33 urteren ondoren.

Hitzordua eskatu zuen ESAITek ekainaren 22an Espainiako Itzuliaren antolatzaile den Unipublic enpresarekin, baina ordaindik ez du erantzunik jaso. Bileraren helburua "akordio minimoetara" iristea da. Egoitz Askasibar ESAITeko bozeramaileak esan du itzulia Tangerretik -adibidez- pasako balitz beteko liratezkeen baldintza berberak eskatzen dituztela; "hizkuntzarekiko, lurraldearen berezitasunekiko eta oso erroturik dagoen identitate sentimenduarekiko errespetua". Askasibarrek salatu du enpresak ez duela inolako harremanik izan itzulia pasako den lekuko erakundeekin, Euskadiko Txirrindularitza Federazioarekin, adibidez.

Martxel Toledo kideak azpimarratu du ez daudela kirolaren aurka, alderantziz baizik. "Kirolariek Euskal Herrian ongietorriak izan behar dutela uste dugu. Baina ez da inposaketen garaia, ezberdinen arteko akordioak lortzeko garaia  baizik". Iritzi taldearen ustez itzulia Euskal Herritik pasatzeak berriz frogatzen du PSE eta PP kirolaz baliatzen direla Euskal Herria "espainiartzeko". Esan dute "probokazio" eta "sarkasmo" hutsa dela Eusko Jaurlaritzak itzulia Euskal Herritik pasatzea euskal zaleentzako "opari" gisa saltzea.

Taldeak gogora arazi du txirrindularitzako bertako zenbait proba bertan behera utzi behar izan direla finantziazio publikorik ez zutelako. Salatu dutEusko Jaurlaritzak, Bilbo eta Gasteizko udaletxeekin batera, diru publikoko milaka euro xautu duela Espainiako Itzulian. Burgoseko erakundeek hartutako erabakia jarri du ESAITek eredu gisa. Baliabide ekonomikoen faltaren aurrean, nahiago izan dute Burgoseko itzulia bultzatu, Espainiako Itzuliaren etapa amaiera bat baino.

Inposaketa salatzeko dinamikak

Txirrindularitz bai, inposaketarik ez! lelopean "inposaketa salatzeko" hainbat dinamika garatuko dituztela iragarri du. Dinamika hauek bi edo hiru aste barru ezagutaraziko ditu. Hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalekin izandako harremanen ondoren hausnarketa burutu behar du horren aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.