Madrilgo Auzitegiko 11. Saileko epaileak onartu egin du Drets abokatuen elkarteak Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariak biharko Espainiako Kopako finalean esteladak sartzeari jarritako debekuaren aurka aurkeztutako helegitea. Beraz, Bartzelonako zaleak esteladarekin sartu ahal izango dira Vicente Calderonen.
Auzia ez da erabat argitu oraindik, ordea. Izan ere, Bartzelonako klubak ere helegitea aurkeztu zuen, eta errekurtso horren inguruko ebazpena beste epaile batek emango du. Ara egunkariak argitaratu duenez, Bartzelonak ez du bere helegitea erretiratuko. Igandean da partida Madrilen.
Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariak eman zuen abisua; Esteladarik ezingo zutela sartu igande honetan Vicente Calderon estadioan Bartzelonak eta Sevillak jokatuko duten Espainiako Kopako finalean, "indarkeria edo terrorismo ekintzak sustatu ditzaketelako eta kirol ekitaldian parte hartzen dutenei mespretxua egin diezaieketelako".
Debekua kendu ezean ez zela zelaira joango jakinarazi zuten Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak eta Ada Colau Bartzelonako alkateak. Manuela Carmena Madrilgo alkateak ere iragarria zuen finalera ez joateko erabakia, Colaurekiko elkartasun keinu gisa. Javier Tebas Espainiako Ligako presidenteak, berriz, debekua defendatu zuen, estelada "Espainiaren suntsipena" defendatzen duen ikur gisa jota.